Flamenkoaren jaialdia larunbatean hasiko da Vianan

Flamenkoaren jaialdia larunbatean hasiko da Vianan Jesus Carbonell nafar gitarrista eta Pastora Galvan dantzari sevillarra izango dira lehen ikuskizunean. Abuztuan zehar hainbat emanaldi eskainiko dituzte, tartean India Martinez, Niña Pastori eta Buikarenak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/flamenkoaren-jaialdia-larunbatean-hasiko-da-vianan/@@download/image/buika-1.jpg
2021/08/05

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Jesus Carbonell nafar gitarrista eta Pastora Galvan dantzari sevillarra izango dira lehen ikuskizunean. Abuztuan zehar hainbat emanaldi eskainiko dituzte, tartean India Martinez, Niña Pastori eta Buikarenak.
Flamenkoaren jaialdia larunbatean hasiko da Vianan

Larunbatean, hilak 7, abiatuko da F on Fire flamenkoaren inguruko ekimenaren programazioa Vianan, San Pedroko elizaren hondakinetan, gaueko bederatzietan. Jesus Carbonell nafar gitarristak Guitarra del Herrero disko berria aurkeztuko du bertan, eta Pastora Galván sevillar dantzariak Pastora Baila ikuskizuna eskainiko du. F on Fire izeneko ekimenari dagokio kontzertua, Flamenco on Fire jaialdiaren programazioa Lizarra, Viana eta Nafarroa Arenara hedatzeko egitasmoari. Horrela, publiko berriarengana hurbildu nahi dute flamenkoa jaialdiaren antolatzaileek.

Iruñeko Nafarroa Arenak India Martinezen kontzertua hartuko du hilaren 18an, eta 20an Pepe Habichuela eta Kiki Morente arituko dira Lizarran, baita Angel Ocray eta Luis Chaves El Piti nafarrak ere.

Flamenco on Fire abuztu amaieran
Atariko horien ondoren, Flamenco on Fire-ren zortzigarren edizioak abuztuaren 25etik 29ra eskainiko ditu kontzertu nagusiak. Abuztuaren 25ean Tuteran hainbat emanaldi izango dira kokagune ezberdinetan; Jose Jimenez Tio Selin eta Jose Jimenez Hijo arituko dira Foru Plazan eta baita Angeles Toledano eta Benito Bernal ere. Horretaz gain, Juanfra Carrasco eta Nono Reyes izango dira Fernando Remacha kontserbatorioan, Jesus del Rosariorekin batera. Gauean Faletek eskainiko du kontzertua Gaztambide antzokian. Bardeetan ere izango da ikuskizuna egun horretan bertan, Mauiren eskutik.

Gainerako kontzertuak Iruñean izango dira, hainbat kokagunetan, eta nagusienak Baluarten egingo dituzte gaueko bederatzi eta erdietan. Azken hauen artean dira Niña Pastori hilaren 26an; Manuel Liñan hilaren 27an;  Pansequito eta Miguel Salado, Antonio Reyes eta Dani Moron eta Israel Fernández eta Diego del Morao hilaren 28an; eta Buika hilaren 29an. 

Sarrerak salgai
Sarrerak eta gonbidapenak jaialdiaren webgunean daude eskuragarri. Hainbat emanalditarako sarrerak agortuta daude, tartean Niña Pastori, Niño de Elche eta Raul Cantizanorenak.