Flamenko kontzertuak egingo dituzte Iruñeko udaletxeko balkoian

Flamenko munduan aski ezagunak diren Juan Villar, Maria Jose Llergo, Jose Merce eta Juana la del Pipa arituko dira gaurtik igandera bitarte, Iruñeko udaletxeko lehen soilairuko balkoian, Flamenco On Fire jaialdiaren baitan.
Gaur, Juan Villar eta Nono Reyesek eskainiko dute kontzertua. Juanito Villarrek Manolo Caracol maisua liluratu zuen bere ahotsarekin, umea zela. Diskografia zabala du eta hainbat kantu ezagun, tartean Qué cara más bonita, Cállate, Dímelo, dímelo, eta Cuchillo y espada. Nono Reyes, berriz, Antonio Reyes flamenko-kantariaren semea da, eta familiaren tradizioari jarraitu dio.
Bihar, Maria Jose Llergoren txanda izango da. Bere musikak orotariko soinuak ditu flamenkoaz gain. Niña de las dunas izan zen bere lehen abestia, Sanacion diskoaren barrukoa, eta jende askorengan harridura sortu zuen bere lanak. Paco Soto gitarra-jotzailea izango du ondoan.
Jose Merce artista ezaguna izango da larunbatean, disko gehien saldu dituen flamenko-musikaria. Andaluzian hazi eta hezi zen, baita musikaren alorrean ere, eta Madrilgo oholtzetan egin zen ezagun. Munduan zehar ibili izan da biran, Antonio Gades eta bestelako dantzariekin, eta hainbat kantu entzutetsu ditu, hala nola Del amanecer, Aire, Confí de fuá eta El oripandó. Manuel Cerpa gitarra-jotzaile gaztea izango du lagun emanaldian.
Azkenik, igandean, Juana la del Pipa eta Manuel Parrilla arituko dira. Dantzari ezagun baten alaba da Juana la del Pipa, eta munduko hainbat lekutan lan egin izan du. La Macanita eta Dolores Agujetasekin batera egindako Mujerez diskoaren bidez lortu zuen oihartzuna. Gitarra-jotzaile dinastia garrantzitsu bateko ondorengoa den Manuel Parrilla musikaria izango du aldamenean.