Fisika ikasketak bederatzi hilabetean egin dituen 11 urteko mutikoa

Laurent Simons belgikarrak aparteko talentua du eta Fisikan lizentziatu da Anbereseko Unibertsitatean 11 urte izanda. Bederatzi hilabete besterik ez ditu behar izan unibertsitate ikasketak amaitzeko, nahiz eta berez hiru urte behar izaten diren horretarako. Gainera, bederatziko batez bestekoa lortu du goi-mailako ikasketetan. Simonsek adierazi duenez, fisika kuantikoan interes berezia du eta masterra eta doktoretza egin nahi ditu alor horretan sakontzeko. Argi utzi du "ez zaizkiola errekorrak axola" eta bere "motibazio nagusia etorkizunerako dauzkan proiektuak lortzea" dela.
Etorkizunerako anbizio handiko ametsa du mutikoak eta horretara bideratu nahi ditu ahaleginak: "ahal bezainbeste gorputz atal fabrikatutako organoekin ordezkatzea hilezkortasuna lortzeko". Izan ere, bere aitona-amonek bihotzeko arazoak dituzte eta organo naturalek huts egiten dutenerako ordezkoak izanez gero, beste haur batzuei aitona-amonak euren ondoan izateko aukera emango lieke.
Simons lau urterekin hasi zen lehen mailako ikasketekin eta bere gaitasun kognitiboak zirela medio, sei urterekin bigarren hezkuntzan sartu zen. Hemezortzi hilabete behar izan zituen bigarren mailako ikasketak egiteko.
Ez da ume batek unibertsitateko titulua lortzen duen lehen aldia. 1994an Michael Kearney estatubatuarrak 10 urterekin amaitu zituen Antropologia ikasketak Hego Alabamako Unibertsitatean. Oraingoz bera da unibertsitate ikasketetan graduatu den pertsonarik gazteena.