Filmetako soinu efektuak egiten ikasteko tailerra Donostian

Hamalau urtetik gorako gaztetxoei zuzendutako doako zine tailerra egingo dute bihar, larunbata, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan, 19:00etan. Filmetako soinu efektuak Foley teknikaren bidez nola grabatzen diren ikasiko dute gazteek.
Foley teknikarekin sekuentzia batean agertzen diren pertsonaia edota objektu orok sortuko lituzketen soinuak birsortzen dira. Tailer honetan, parte hartzaileek animaziozko filme baten soinu-efektuak nola sortzen diren ezagutuko dute eta berezko soinu-banda osatuko dute. Horretarako, tramankulu desberdinak erabiliko dituzte eta soinu-edizio programa bat nola erabiltzen den ikasiko dute.
Sirimiri Films ekoiztetxeak, Pixelatu egitasmoaren bidez, gidatuko du tailerra. Aurrez eman behar da izena saioan parte hartzeko.