Filmetako eszena eta koadro klasiko ezagunak saltxitxekin irudikatuak

Azken urteetan gero eta ohikoagoa da artista eta argazkilariek janaria erabiltzea euren lanetarako. Marketina egiteko ere balio izaten dute horrelakoek; gogoan izango duzue Yukiko Morita japoniarrak ogia erabili zuela ikono bihurtu diren Salvador Dalíren erlojuak irudikatzeko. MINIMIAM izeneko bikote artistikoak ere tamaina txikiko munduak sortzen ditu eta haietan janaria ikus daiteke sarritan.
Erik Vernieuwe gozogile belgikarrak, berriz, saltxitxak erabiltzen ditu filmetako eszena gogoangarriak edo arte munduko koadro ezagunak irudikatzeko. Ez dira beharbada beste batzuenak bezain lan sofistikatuak, baina irribarrea sortzen dute ezbairik gabe. Bere Instagrameko kontuan adierazi duen bezala, "aurpegidun saltxitxak dira". Lanetarako aukeratu dituen koadroen artean daude Johannes Vermeer artistaren Neska perlarekin, Sandro Boticelliren Venusen jaiotza, berak Wienerren jaiotza izendatu duena, eta Leonardo da Vinciren Azken afaria. Saltxitxei ipintzen dizkien begi irtenek ukitu komikoa ematen die irudiei.
Zine mundua ere irudikatu du Vernieuwek bere lanetan; esaterako, American Beauty, The Shining, Jaw eta E.T filmeetako eszenetako aktoreak, animalia eta estralurtarra saltxitxa bihurtu ditu.
Horretaz gain, Nirvanaren Nevermind albumeko irudi ezaguna ere islatu du bere modura. Kasu honetan ere, ur azpian dabilen umea saltxitxa bilakatu du, noski.
Saltxitxekin egindako Burpzine izeneko proiektu hau euren jardun nagusia den BURP janari-argazkilaritzaren adarra besterik ez da. Gozogilea eta bere senarra den Kris De Smedt argazkilaria aritzen dira lanean bertan.