Film & roll

Film & roll https://www.gaztezulo.eus/albisteak/film-amp-roll/@@download/image/83p53kultura_1363647985.jpg
2008/03/07
erreportajea
Gontzal Agote
Aspaldikoa da zinemaren eta musikaren arteko harremana. Denok ongi gogoan ditugu Hollywoodeko aro klasikoko film musikalak. Berriagoa da, ordea, zinemagintzak rock and rollari eta talde garaikideei eskainitako begirada. Joera hori areagotu egin da iragan mendearen amaieran eta berri honen hasieran. Datozen hilabeteotan, kultura garaikidean zeresan handia izandako lau talde edo abeslariri buruzko filmak ikusteko aukera izanen dugu.

Argi dago fikziotik kanpoko gaiak gero eta leku nabarmenagoa ari direla hartzen zinemagintza garaikidean. Formatu berrien eta krisialdi narratiboaren ondorioz, errealismo berria bilatzeari ekin diote egile askok. Ingurura begiratu eta ikusten dutena erretratatu.

Joera horretan, rock musikak, haren azpigenero guztiekin, leku berezia hartu du. Sona handiko zuzendari askok adierazpen artistiko honi erreparatu diote; beharbada, berritzaile izatetik klasiko izatera pasatu delako. Hori dela eta, azken urte hauetan film ugari, biopic hutsez haratago, rock musikaren eta kulturaren ingurumarietara hurbildu dira. Mota guztietako formulak eta bideak erabili dituzte horretarako, eta denetariko emaitzak ere lortu dituzte.

Azken urteotan gaiarekin lotutako hainbat film ikusteko aukera izan dugu: artearen eta eromenaren arteko muga lausoa zapaldu dugu (The Devil and Daniel Johnston, 2005); Kurt Cobainen heriotzaren inguruko bi ikuspuntu oso ezberdin konparatu ditugu (Kurt & Corney, 1998; Last Days, 2005); abeslari klasikoen kontzertuekin molde artistiko batez gozatu dugu (Heart of Gold, 2006; Lou Reed´s Berlin, 2007), ezohiko artista baten bizimoldea ezagutu dugu (Llach, La Revolta Permanent, 2006), rockaren jaiotza bertatik bertara ikusi dugu (Honeydripper, 2007), Camaronen arrastoaren atzetik ibili gara Cadizen (La leyenda del tiempo, 2006), musikaren alde afrodisiakoa probatu dugu (Nine songs, 2004) edota azkenaurreko poetaren gogoetak entzun ditugu (Leonard Cohen: I´m your man, 2006).

Eta honek guztiak segida izanen du. Datozen hilabeteotan rock kulturarekin lotutako lau film interesgarri ailegatuko zaizkigu eta: bizirik dauden bi klasiko (Dylan eta Stones) eta dagoeneko hilik dauden azken iraultzaileetako bi (Strummer eta Curtis).

Film pare bat merezi duen musikari handi hark zioen moduan, the show must go on!

Punka eta konpromisoa



Izenburua: Joe Strummer: The future is unwritten

Zuzendaria: Julian Temple.

Julian Temple ingelesak Joe Strummeri buruzko film bat egiteko zuzendaririk egokiena zirudien. Templek eskarmentu handia du musikarekin lotutako filmak egiten; bereziki punk mugimendua erretratatzen. Berak eraman zituen The Sex Pistols pantaila handira (The great rock´n`roll swindle, 1979; The filth and the fury, 2000).

Oraingoan, The Clash taldeko abeslariaren inguruko dokumentala osatu du: Strummerren bizitza nolakoa izan zen, bai musika hankaz gora jarri zuen taldean, bai lehenago eta ondoren ere. Besteak beste, Red Hot Chili Peppers, Johnny Depp eta John Cusack agertzen dira ezinbesteko musikari eta artista konprometituari buruzko filmean.

Musikaren alde iluna



Izenburua: No control

Zuzendaria: Anton Corbijn.

Zeharka bada ere, Michael Winterbottomen 24 hour party people filmean ere agertzen zen Ian Curtis. Baina orain, Joy Division taldeko abeslariak film oso bat du berarentzat. Honakoa ez da dokumentala: Sam Riley aktoreak egiten du Curtisena, eta Samanta Mortonek, haren emaztearena.Hain zuzen, Ian Curtisen emaztea izandakoak idatzitako liburuan oinarritu da Anton Corbijn argazkilaria zuri beltzezko film hau egiteko. Corbijnek ongi ezagutzen du Joy Divisionen lana, 1988an taldearen bideo bat egin baitzuen, orduan argitaratutako bilduma baterako.

Ian Curtis rock munduko suizida ospetsuen zerrendan dago: 1980ko maiatzaren 18an bere buruaz beste egin zuen. Atzean utzi zituen punkaren ondorengo musika hobekien harrapatu zuen taldea, Joy Division, eta bi disko handi: Unknown pleasures (1979) eta Closer (1980).

Luxua eta handinahia



Izenburua: Shine a light

Zuzendaria: Martin Scorsese.

Ezaguna da Martin Scorsese zinemagilearen musikazaletasuna. Bere filmetako abestien aukeraketa bereziki zaindua da, eta, horrez gain, musikaz hainbat film egin ditu: The Band taldearen agurra filmatu zuen (The last waltz, 1978), bluesaren inguruko lan sortaren sustatzailea izan zen (The blues, 2003) eta Bob Dylanen ibilbidea ere filmatu zuen (No direction home, 2005).

Hortaz, ez da harritzekoa azken hamarkadetako talde handienetakoaren inguruko luxuzko dokumentalaren zuzendaria izatea. The Rolling Stones taldearen filma da, Berlingo zinemaldian zalaparta handiz aurkeztutakoa. Hamabi argazki zuzendari elkartu ditu Scorsesek Stonesen hainbat zuzeneko filmatzeko; haien artean, Bill Clintonen urtebetetze festakoa.

Sei biografia, sei



Izenburua: I´m not there.

Zuzendaria: Todd Haynes.

Ezohiko zinemagilea da Todd Haynes. Beraz, logiko samarra zen Bob Dylanen inguruan egin behar zuen filma ere ohiko eskemetatik kanpora egotea. Esperimentazioaren bidea muturreraino eramanez, sei Dylan ezberdin irudikatu ditu, eta musikari beteranoa haragitzeko sei aktore: Richard Gere, Christian Bale, Heath Ledger, Marcus Carl Franklin, Ben Whishaw eta Cate Blanchett.

Osagai horiekin, Dylanen ibilbideko hainbat garai eraman ditu pantaila handira Haynesek, haurtzarotik hasita bere musika elektriko bihurtzea erabaki zuen momentura arte. Iazko Veneziako Zinemaldian aurkeztu zuten filma, eta harrera ezin hobea izan zuen: epaimahaiaren sari berezia eskuratu zuen, eta baita aktore onenaren saria ere (Cate Blanchett).