Filgi Claverie: "Irekitasuna landu behar dugu"

Filgi Claverie: "Irekitasuna landu behar dugu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/filgi-claverie-irekitasuna-landu-behar-dugu/@@download/image/filgi_claverie__1365583615.jpg
2013/04/08
elkarrizketa
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena, Argazkiak: Harri Xuri
Kanbo, Ezpeleta, Itxaso, Luhuso eta Zuraide herrietako hautetsien eta bertan lanerako toki egokien bila zebiltzan artisten arteko akordioaren ondorio da Harri Xuri, karrikako arteen fabrika. Filgi Claverie kideak azalpen gehiago eman dizkigu.


Luhuson du egoitza nagusia, eta sorkuntza lantegi bat da nagusiki, gune espezialduak ideiak garatzeko lekuren bat behar duten taldeen esku jartzen dituena. Baina, azpiegitura mailako babesa ez ezik, gastuei aurre egiteko laguntza ekonomikoa, laguntza materiala eta publikoarengana heltzeko zubigintza lana ere egiten du Harri Xurik. Sentsibilizazio tailerrak ikasleentzat, sorkuntza egonaldiak, prestakuntza teknikari nahiz artistentzat, ekoizpenari loturiko zerbitzu administratiboak... asko da karrikako arteen fabrikak sektoreari emateko duena. Eta lurraldeak ere jasotzen du, tokiko ostatu nahiz jatetxeak betetzen baitira kanpotik etorritakoekin; dendak, garraioa... denentzat onura.

Zein zen Kanbo, Ezpeleta, Itxaso, Luhuso eta Zuraideko kultur errealitatea Harri Xuri martxan jarri aurretik?
Iparraldean usu bizitzen dugun errealitatea, orokorki: kultur politika publiko gutxi; eta zegoen kultur garapen txikia bertako elkarteek eramaten zuten aurrera. Aldaketa handia izan da bost herri horiek elkargo bakar batean biltzea lurralde osorako kultur proiektu baten zabaltzeko. Beraz, kultur zerbitzu publiko baten kimuaren sortzea izan da. Eta gainera proiektu hau artista batzuekin batera idatzia da, hortaz, badu erdiespeneko garrantzia hain segur.

BAB hiri aglomerazioak dakarren mehatxua aipatzen duzue behin baino gehiagotan. Zer ari da gertatzen?
Iparraldeko kostaldean lur erabilgarria ttipitzen ari da eta biztanle asko barnealde hurbilerat mugitu dira bizitzerat. Esaterako, gure lurraldean, azken hogei urte hauetan, kilometro karratu bakoitzeko populazio dentsitatea %44 hazi da. Azken hamar urteotan Pirinio Atlantikoen departamentuan biztanleriak %0,80 egin du gora, eta gure eskualdean %2,17! Eraikin berri asko altxa dituzte etxebizitza eskaerari erantzuteko, batez ere kostaldean lan egin baina eguneroko oinarrizko zerbitzuak hemen, barnealdean, galdatzen dituzten familientzako. Egoera honek, beraz, inbertsio publiko handia eskatzen du: errepideen zabaltzea, garbitze sarea, haurren zaintzarako guneak, hirugarren adinekoentzako egoitzak... Maleruski, lurralde antolaketaren aurreikuspen orokorra ez da beti izan eta gainera ez aski goizik iduritzen zait.

Landa eremuan kokatzeak ematen al dio berezitasunik sorkuntza fabrika honi?
Bai. Lehenik, askatasun erabatekoa eta dedikazio osoa beren sorkuntza proiektuei eskaintzeko. Izan ere, hona etortzen direlarik, ez dute besterik egiteko: Luhuson ez da zirikaldirik, ostatua goizeko 7:30etatik 10:00ak arte irekia da eta herrian den jatetxeak eguerditan bakarrik irekitzen ditu ateak. Gainera, autoa hartu behar duzu edozoin aisigunerat joateko! Beraz, etortzen diren artistak beren lanerat dedikatzen dira osoki Bigarrenik, Euskal Herriko leku anitzetan bezala, karrika arteetan erabiltzen ahal diren ezpazio publiko asko ditugu, eta denak baliatzen ahal dituzte. Eta hirugarrenik, publikoarekin loturak eraiki ditugu, bai mediazioaren bidez eskolarekin bereziki, bai entsegu publikoen bitartez, eta baita aurrerapenen edo aurre-estrenaldien bidez ere. Dudarik gabe, interaktuazio honek badu garrantzia sorkuntza prozesu batean.

Ze artista mota edota ze diziplinatakoak hurbiltzen dira zuengana gehienbat?
Karrikako artea eta euskal antzerkia jorratzen ditugu gehienbat. Hortaz,  kalean aritzen diren antzerki, dantza edo zirku konpainiak hartzen ditugu. Languneaz aparte, diru laguntza eskaitzen diegu oinarrizko gastuei aurre egiteko: janaria, ostatua, garraioa... Eta, dirua gelditzen bada, produkziorako ekarpena ere egiten dugu: artistentzako diru sariak eta abar.

Baina, denentzat ez da egongo. Nork erabakitzen du zeini eman eta zeini ez?
Harri Xurira heltzen diren proposamen guztiak programazio talde batek ikertzen ditu eta erabakiak  aho batez hartuak dira: nor gonbidatuko dugun egoitzara, zenbat diru emango zaion.... Aldiz, gure aurrekontua ez da argala, baina ez da nahikoa ere. Beraz, batzuetan, gelen prestakuntza bakarrik eskaintzen dugu diru laguntzarik gabe.

Luhuson Sorkuntza Tailerra abiaraztea duzue orain etorkizuneko erronka. Ze bildu eta eskaini beharko luke gune honek?
Ekoizpenetarako eszenografiak, burdina eta zura bereziki, eta jantziak han bertan egiten ahalko dira. Gure ustez, egoitzan diren konpainientzat lan-tresna ezinbestekoa da, tailer honekin produkzio prozesu osoa aurrera eraman ahal izango dutelako.

Zerk aldaraziko luke Euskal Herrian karrikako arteek duten osasuna?
Uste dut, beharbada krisi garaian gutxiago baina, arlo artistikoa garatzen ari dela Euskal Herrian. Dena dela, sektoreak ahalegin inportantea egin behar du Europako merkatuan sartzeko. Hego Euskal Herriko konpainia batzuek untsa ulertu dute hori eta beren sorkuntzak unibertsalagoak dira, bertakoa ez den beste merkatu batzuetan mugitzeko modukoak. Guk kanpotik etortzen diren konpainia anitz hartzen ditugu, baina profesional gutxi hurbiltzen dira hauekin antolatzen ditugun ekintza publikoetara. Penagarria iduritzen zait, besteekin gurutzatzea aukera paregabea delako zure kreatibitatea eta ahalmena aberasteko. Berdin irekitasun hori lantzeak merezi luke.