Festibal handia, talde lan erraldoia

Festibal handia, talde lan erraldoia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/festibal-handia-talde-lan-erraldoia/@@download/image/2011622539ehrz__1361378205.jpg
2011/06/03
erreportajea
Duela bi urte Manu Chao ekarri zuten Heletara eta 22.000 lagun jarri zituzten dantzan. Europako musika jaialdi handiei inbidiarik ez ziela erakutsi zuen EHZ-k. Joan den urtean jaialdiaren lehen egunean bota zuen euri jasa ikaragarri batek ur putzu bihurtu zuen hilabeteetako lana. Zuzendaritzak lau ordutako bilera egin zuen aurrera jarraitu edo ez erabakitzeko. Goizeko ordubietan herriko trinketea boluntarioz eta animoz beteta ikusi zutenean, ordea, ez zuten zalantzarako astirik izan. 

"Bilera hasi genuenean pentsatzen genuen festibala bukatua zela. Dena berriro instalatu beharra zegoen. Aseguru-etxearekin jardun genuen luze. Baina boluntarioekin jarrita geneukan hitzordura azaldu ginenean txalo zaparrada batekin hartu gintuzten, kristoren jendetza zegoen trinketean, eta sekulako indarra eman zigun honek" kontatzen du zuzendaritza taldeko Jon Uhaldek. Eta biharamunean dena martxan zen berriro. "Festibala leher eginda bukatu genuen, baina oso pozik, egoera zail horri nola erantzun genion ikusita" dio Makeakoak.

EHZ ekaitza Heletatik hurbiltzen da… egiten du aurtengoaren aurkezpena Festibalaren webguneak umore puntuarekin. Uztailaren 1etik 3ra bitartean ospatuko da EHZren XVI. edizio hau eta egun bakoitzaren aurkezpenean jolasari eusten diote: Ostirala 'Mistral' haizearekin; Larunbata, lau haizetara; Igandean Tiken Jah Fakoly ala Afrikar iraultzaren haizekada.

Lehen bilerekin joan den urteko irailean hasi ziren. "Lehen bileretan alde batetik diru kontua egiten dugu, eta bestetik saiatzen gara bakoitzak bere aldetik jendearekin hitz eginda bildu dituen iritziak eramaten; datorren jaialdiak nolakoa beharko lukeen ideia aldetik, musika aldetik, ekimen aldetik…" esplikatzen du Uhaldek. Ordutik gaur arte egindako bileren kontaduriarik ez du egin; zuzendaritzako hamabost lagun bi astean behin biltzen direla dio, baina komisio teknikoaren arduradun ere badabil. Azken aldian egunean zenbat ordu sartzen dituen galdetutakoan garbi erantzuten du: "Asteotan ordu guztiak. Horretarako bizi naiz. Ametsetan ere Festibalarekin nabil".

Urtero legez, sekulako kartela dakar EHZk. Eta jaso dugu ondoko orrian. Baina bertan azaltzen ez diren izen batzuk ere jaso nahi izan ditugu, kartel hori sortzen, gauzatzen eta zabaltzen aritu direnenak hain zuzen. Honela, antolakuntza lanak hamabost talde edo komisiotan banatzen dituztela jakin dugu: Gaueko Programazioa, Eguneko Programazioa, Laguntzaileen Antolakuntza, Brigada Berdea, Segurtasuna, Ostatua, Taberna, Apainketa, Dirua, Komunikazioa, Mezua, Salmentak, Garraioa, Teknika eta Artisten Harrera.   

Maika Lapouble Eguneko Programazioa eta Mezua komisioetan dabil buru-belarri sartuta. Lehenengoa asteburua girotzeaz arduratzen da: antzerkia, dantza, fanfarreak, musika talde txikiak, kabareta, haurren txokoa… Bigarrena aurten estreinatu dute; "Festibalaren mezua zabaltzea da helburua. Horretarako larunbatean burutuko den konferentzia gune handi bat antolatu dugu hiru gai nagusi jorratuko dituena: lurra eta lurraldetasuna, mugimendu kulturalak eta errepresioa, eta garapen kulturala", azaltzen du Donapauleko gazteak. Hauek ere irailean hasi ziren biltzen; komisio batean lau lagun eta bestean bost. "Elkarte munduan gira, bakoitzak emanen du ahal duena, eta bai da presio pixka bat, aspaldi hasi baginen ere gauza asko azken momentuan lotuko dira… baina anitz gogorekin ari gara gauza polit bat egiteko eta erakusteko zinez zein diren gure mezuak" dio.

Ekologista, antikapitalista, abertzalea, euskaltzalea, feminista, internazionalista, herrikoia eta independientea. Honela definitzen da EHZ. Definizioez harago ere iristen dira, ordea. "Ingurugiroaz hastapenetatik izan da hausnarketa Festibalean, baina duela bost urte pausu bat aurrera eman eta Brigada Berdeak sortzea erabaki zen" kontatzen du Elena Aguerre bidarraitarrak. Ingurugiroarekiko errespetuarekin zerikusia duten ekintza guztiak komisio honen ardura dira. "Garbiketa orokorraz arduratzen gara, baina baita urte guztian zehar burutzen diren sentsibilizazio kanpainez ere" dio. Urteak dira erabili eta botatzeko edalontziak alboratu zituztela edo festibalean sortzen diren hondakin organikoak birziklatzen dituztela, eta komun kimikoak ere duela urte batzuk baztertu zituzten. Aurtengo berrikuntza nagusia, hain zuzen, komun idorrak dira.

"Zerrautsa erabiltzen da uraren ordez. Horrela ur gutxiago kontsumitzen da. Eta hondakina konpostatu egiten dugu gero laborantza lurretan barreiatzeko edozein ongarri bezala" dio. Gisa honetako komunik topatzen ez zutenez beraiek diseinatu dituzte: "Metalean aritzen diren enpresa batzuekin elkarlanean ari gara urte guztian. 30 komun egin eta Festibalaz gain tokiko festetan alokatzeko erabiltzea da ideia". Zazpi lagun dira taldean baina 60 lagun aritzen dira Festibalaren asteburuan. "Joan den urtean 6,8 tona zabor bildu ziren. 400 kilo edalontzi eta botila, 1.200 organiko sukaldatu, 500 kilo kartoi…" ematen ditu datuak.

Antolakuntzaren oinarria boluntarioen lana da; 600 lagunen doako laguntza. Muntaiak iraun bitarteko hamar egunetan, esaterako, 300 aritzen direla kontatzen du Uhaldek. "Herria hesitu egiten dugu ia lau kilometro dituen itxitura batekin. Hesi bakoitzak hiru metro inguru dituenez pentsa zenbat hesi deskargatu, muntatu eta jarri behar diren" dio. Eta itxiturarena ez da hasiera besterik. "Badago jendea lehen edizioetatik urterik urte etorri izan dena. Eta horiek jartzen ditugu berriei irakasten" azaltzen du. Urrunagotik nahiz gertuagotik, taldean nahiz bakarka etorri ohi da jendea, eta inguruetako laborariak ere azaltzen omen dira traktore eta guzti. "Lehen urtean herrikoak beldurturik zeuden, horrelako jende oldea nola portatu ahal zen. Baina bukatutakoan eurak ere pozik zeudela ikusi genuen, adineko jendea herriko plazan kantuz, dena ongi atera zelako, eta poz handia eman zigun honek" kontatzen du.
Bejondeiela guztiei, euren lanari esker datorren hilean sekulako musika jaialdiaz gozatzeko aukera izango baitugu.  

Bost eszenatokitan 60 talde hiru egunetan



Ostiralean, uztailak 1: Morcheeba, Iam, Goran Bregovic, Nasser, Estricalla, Killers, Anari, Femmes de Toutes Les Histories, La Prince Miaou...

Larunbatean, uztailak 2: Ken Zazpi, Jim Jones Revue, Shakaponk, Chinese Man, Gose, Split 77, Athom Rumba, Iparraldeko Konpilazioa Kolektiboa, Idiot Engine…

Igandean, uztailak 3
: Prowpuskowic, Betagarri, Tiken Jah Fakoly, La Phaze, Norte Apache, Musikherria Kolektiboa, Bongo Botrako, Auras...