Festetako maitasun istorioak

Festetako maitasun istorioak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/festetako-maitasun-istorioak/@@download/image/20p22-1_1369936988.jpg
2002/06/07
erreportajea
Udako jaietan hamaika maitasun istorio gertatu ohi dira. Jende berria ezagutzeko sasoi ezinhobea da, eta eguraldi onak ere lagundu egiten du. Ziur zu ere, noizbait, protagonista izan zarela istorio hauetakoren batean. 

Uda. Eguzki, mendi, hondartza, festa eta parranda garaia. Eguzki izpien ala oporren eraginez, auskalo, alaiago gaude. Jende berria ezagutzeko parada dugu, eta udako kanturik petralenek ere halako mugimendu zoroan jartzen digute gorputza. 

Osagaiok guztiok kokteleran sartu, koktelera astindu, gora eta behera, eta hona hemen, maitasunaren garrak harrapa gaitzan edabe edo nahasketarik gozoena. Topa egin dezagun!

Nork ez du inoiz jaietan maitasun istorio txikiren bat izan? Egungo mutil edo neska laguna ezagutu genuenekoa, sexu gau zoro hura, mamitu ez zen istorio bitxiren bat, alferrik egindako ahalegina… 

Gau bakar bateko istorioa izaten da jaietan ohikoena. Txosnan edo tabernan norbait ezagutu, harekin solasean edota dantzan hasi, lagun koadrilatik ihes egin (biharamunean "galdu egin ginen" esan ohi zaie lagunei, haiek ondotxo dakiten arren "nahita" galdu zinetela; alferrik da aitzaikiatan ibiltzea, baina tira, ohitura denez…) eta ondoren datoz grinaz beteriko musuak, zirriak eta gainerakoak.

Istorio laburrak
Honelako istorioak hurrengo egunetan berriro ere biak elkartzeko promesez apainduta etortzen diren arren (baita "maite zaitut" bezalako esaldi potoloez ere), ez dute gehienetan luze irauten. Zergatik? Arrazoi ugari daude. Haietako bat, lotsa. Berez, ez dago zertan lotsaturik. Hala ere, batzuetan protagonistetako bat (edo biak, agian) mozkortuta dago eta gustuko ez duen norbaitekin "hain lotsagarri" ibiltzeak halako ezinegona sortuko dio biharamunean. 

Beste arrazoirik? Bai, gau zoragarria pasarazi zizun mutila edo neska berriro ere ez ikustea. Hau izaten da okerrena. Nolako buruhausteak ematen ditu herriz-herri, tabernaz taberna, txosnaz txosna azukre koskarraren bila ibili eta behin eta berriro alferrik dela ikusteak! Bat baino gehiago, bilatu eta bilatu, zaletu egin da eta azkenik, detektibe ikasketak egin ditu. Argi ibili, beraz. Ezin al da telefonoa eskatu aurrerago zita egiteko? Jakina. Baina… nor ateratzen da, parrandan boligrafoa eta papera poltsikoan? Edo, nor ausartzen da tabernan, izerdiz blaitutako ehundaka lagunen artean, boligrafoa eta papera eskatzen? Are gehiago, biharamunean gogoan izango al duzu papera non demontre sartu zenuen? Zaila da.  

Ez da askoz gozoagoa, dena den, neska edo mutila beste norbaitekin musuka topatzea. Hori bai jipoi ederra! Istoriook hain laburrak izatearen beste arrazoi bat ere badago, "erosoena" , zalantzarik gabe: "Marinelek bezala, portu guztietan maitale bana dut nik".

Parrandazale bikoteak
Ez gaitezen ezkorrak izan, ordea: batzuetan mota honetako istorioak maitasun harreman luze eta zoriontsu baten atari dira. Honelakoetan, bikotekideek, elkarrekin ibiltzen hasi zirenekoa ospatzeko, sekulako parranda egiteko aitzakia dute urtero. Erdibidea ere badago, noski, herri bateko festetan elkar ezagutu, handik aurrera jairik-jai ibili eta uda amaiera aldera istorio ederra bukatutzat ematen duten lagunena, adibidez. Parrandazale profesionalak izan ohi dira hauek, edo bestela, maitasunak "parrandagintza"-ra derrigorrez bultzatutako neska-mutil zintzoak. 

Hari honetatik, bada ia-ia jaietan besterik ezin topa daitekeen bikote bitxi bat, zurrutalariena. Elkarrenganako maitasunak baino alkoholzaletasunak lotutako bikotea da hauxe. Inguruko herri eta auzo guztietako festetan ikusiko dituzu biak, txispatuta hasieran, eta gozo-gozo eta elkar lotuta lo, goizean, edozein txokotan. 

Hau dena irakurri ondoren, festetan erraz asko ligatzen dela pentsa dezake norbaitek. Usteak erdi ustel. Askotan nesketan edo mutiletan egiteak elkarrizketa amaigabeak izatea eta diru mordoxka xahutzea eskatu ohi du. Zenbat alditan ez ote da, txosnaren barran, aingeruaren sexuaz (bai sexuaz, baina aingeruenaz, zoritxarrez) ordu luzez aritu behar ondoren solaskideak "agur Ben Hur" gazi bezain etsigarria esanda alde egiteko? Halakoxea da bizitza.

Eta sexua?



Ba al da sexurik jaietan? Bai, eta mota askotakoa: "naturzalea", belardiren batean; "morboduna" txosnetako komunean; "tradizionala", etxean gaupasa egin ondoren edo bestela, goizean ajeari aurre egiteko; "Anaia Handizalea", denen aurrean; "Motorzalea", autoan… Dena dela, sexua jaietan salbuespena izaten da. Eta ez pentsa, kontrakoa dirudien arren, egiten denean, gaizki samar egin ohi da. Hala diote sexologoek, behintzat. Zerbeza, kalimotxoa eta enparauak ez baitira sexuaren lagunik onenak!

Udan "txano" gehiago


Udan kondoi gehiago saltzen dira, txortan gehiago egiten dela seinale. Hona hemen preserbagailu enpresa baten duela hiru urteko salmentak, bi hilabeteka.
Urtarrila/Otsaila    17.596.137
Martxoa/Apirila    18.726.547
Maiatza/Ekaina     19.227.517
Uztaila/Abuztua    22.814.948
Iraila/Urria             20.690.195   
Azaroa/Abendua   18.356.972