Festaz festa

Festaz festa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/festaz-festa/@@download/image/20p18-2.jpg
2002/06/07
erreportajea
Nahi al duzu abuztura bitartean jaireik jai ibili, atsedenik hartu gabe. Zatoz gurekin! Ez zaizu damutuko. 

GAZTETXULOkook sanjoanetan hasi ohi dugu udako jai erromesaldia. Egia esan, ez da batere erraza nora joan aukeratzea, ia-ia ez baitago Euskal Herri osoan San Joan bezperan parranda giroa ez duen herririk edo auzorik. Zenbait tokitan, ordea, festak dira: Arrasate, Segura, Eibar, Berriz… Prest al zaude gurekin etortzeko?

Eibarrera
joan gaitezke. Ongi, ezta? Izan ere, Eibarko festek gero eta oihartzun handiagoa dute eta bertan, Gipuzkoako eta Bizkaiko jende pila elkartu ohi da. Gaupasa egiteko toki polita da (txosna asko jartzen dituzte) eta goizean, nahi baduzu, enbolatuak ikusiko ditugu zezen plazan. Hernaniko sanjoanek ere sona handia dute: bigantxekin jolasean ibili nahi al duzu? Kontuz… Ai, ai! Hori da hori zilipurdia!  

Eta segi Gipuzkoan
Herriotan jaiak bukatzear direla, baina Gipuzkoatik bertatik atera gabe, blusa koloretsua jantzi eta Zarauzko sanpelaioetara hurbilduko gara. Eta handik sanpedroetara, "zeruetako atezainak" (ekainak 29) zale asko baititu gure herrian: Barañain, Igeldo, Pasai San Pedro, Eskoriatza, Lasarte-Oria, Atxondo… Zarauztik abiatuta, ez gara oso urrun joango, Igeldora, alegia. Harrigarria da benetan Donostiako erdigunetik lau bat kilometrora honelako festak topatzea! Edozein herri txikitako jaiak bezalakoak dira Igeldoko sanpedroak. Zein plan dugu? Plazan lehertu arte dantzatu eta ordu txikitan, itsasoari begira, baratxuri zopa jatea. Baratxuri zopa ez baduzu gogoko, lasai, Igeldokoa hilak berpizteko moduko da eta!

Sanferminetara bitartean, jai gutxi ditugu, baina ez zaitez kezkatu, Zumarragan santixabelak ospatzen dituzte eta. Uztailaren 2an, nahi baduzu, bapo-bapo bazkalduko dugu Antio inguruan, bertako koadrilekin. Edo bestela, Usurbilera. Egunotan festarik ez zegoela uste al zenuen? Inozoa! Kar, kar, kar…

Nafarroa zuri-gorria
San Fermin eguna gerturatzen ari zaigu eta, Gipuzkoa alde batera utzi eta Nafarroa aldera joko dugu. Plan ezinhobea prestatuko dizugu: uztailaren 6an Iruñeko txupinazora joango gara, eta San Fermin egunean, berriz, Lesakara, Zubigaineko dantzak ikustera. Hurrengo egunak zure esku utziko ditugu, eta bukaeran, buelta Iruñera: uztailaren 13ko gaua polita izaten da (Ipar Euskal Herriko jende asko bertaratzen da, Frantzia "handia"-ren jai egunaren bezpera delako) eta 14an, "Pobre de mi" ekitaldi hunkigarria. Legeak dioenez, negar malko pare bat isuri, bai, baina ez gara tristetzen hasiko, iraila aldera aukera izango dugu eta.

Goazen Bizkaira!
Ez esan dagoeneko nekatzen hasia zarela… Anaia zaharrak arrazoi du: pattal samar zabiltza. Madalenen zurrunbiloan murgildu baino lehen, beste hitzordu bat dugu Otxandion. Otxandioko santamañetan, "limonada" edan beharra dago indarrak hartzeko. Zer du "limonada" berezi honek? Ardo beltz edo zuria, ur pittin bat, limoia eta azukrea. Asterixen herrian edabe magiko hau ezagutu izan balute…
Orain bai, madalenetara (uztailak 21aren inguruan) joko dugu. Gehiegi ez ibiltzearren, alferrak baikara gu, Bizkaian bertan geratuko gara, Arrigorriagan, alegia: giro polita eta kontzertuak. Bermeora ere joan gintezke (baita Elantxobera ere, uztailaren 22an, parranda bi herrietan egiten baita): sekulako martxa, milaka eta milaka gazte… Beharbada, han topatuko duzu zure bihotzeko azukre kozkorra. Neska-mutil falta, behintzat, ez da izango. 

Berriro ere Gipuzkoan sartu eta uztaila tiradizo handiko beste zaindari baten laguntzarekin bukatuko dugu: San Inazio. Parranda Azpeitian egingo dugu, noski. San Inazio bezpera da, Urola bailarako herri honetan, egunik indartsuena, eta gazte koadrilek herri bazkaria egin ohi dute plazan.

Baionatik Arabaraino
Zer gertatzen zaizu? Zer duzu? Ez, ez, oraindik ezin duzu atseden hartu, ibilaldiaren erdia besterik ez baitugu egin. Goazen Baionara! Berriro ere zuri-gorriz jantzita eta berriro ere entzierroak. Zuk nahi baduzu, zezenen aurrean. Gu, beti bezala, hesiaren bestaldean. 

Baionako jaiak artean bukatzear direla, Euskal Herriko edozein festazalearen beste hitzordu saihestezin bat dago: Gasteizko Andra Mari Zuria. Gora Zeledon! Gasteizera Zikinaren Egunean (abuztuak 10) joango gara: irina, talkoa, kalimotxoa… 

Gasteizko jaiak amaituta, atseden hartzeko garaia iritsi dela dirudi. Baita zera ere! Hor ditugu, Araban bertan, Amurrioko sanrokeak!.

Bilbotik etxera
Egun horietan beste jai uholde bat ere izaten da: andramaixak, Andra Mari jaiak, amabirjinak… Izen mordoa, baina guztiak Ama Birjinaren omenez, abuztuaren 15aren inguruan. Kristau zintzoak ez garela diote gero! Donostia, Aretxabaleta, Azkoitia, Ondarroa… hamaika herri murgiltzen dira egunotan parranda zoroen zurrunbiloan. Zer iruditzen zaizu Goizuetara joatea? Euskal giroko festak dira eta jo ta fuego ibiltzeko modukoak. Gustatuko zaizkizu, ziur.

Azken txanpan sartu gara, lagun, egun gutxi batzuk besterik ez dira falta abuztua bukatzeko. Hala ere, ezin hilabetea amaitu Bilbo bisitatu gabe, ezta? Altxa burua! Bertan aurkituko ditugu munduko txosnarik handienak eta dotoreenak. Bilbo "–ena" atzizkiari lotutako hiria baita! Eta abuztu hondarrera ahalik eta gorputzaldi okerrenaz iristeko, oraindik ere baditugu dastatzeko beste jai batzuk: Elgoibarko sanbartolomeak, Erandioko sanagustinak, Lakuntzako jaiak… 

Abuztuaren 31 iritsi da eta nahikoa zigortu duzu zure burua. Hala ere, zaletu egin zara. Ibilaldia bukatzen ari garenean, hain juxtu. Pena da gero. Bai, badakigu irailean Sarara edo Agurainera joan gintezkeela. Baina, ez al da onena ohera joatea? Bi hilabeteko gaupasa egin duzu eta! Lasai, irailaren 8an Saran elkar ikusiko dugu…

Argi ibili autoan!



Udan herriz herri eta festaz festa ibiltzea primeran dago. Baina autoarekin eta zurrutarekin adi ibili behar da. Hamaika istripu gertatzen baitira alkoholaren eraginez udako jaietan. Eta sakeleko telefonoa ere alde batera utz ezazu gidatzen ari zaren bitartean.

Zezen eta behi festa



Euskal Herrian ez omen ditugu zezenketak eta antzekoak gogokoegi… baina gutxi dira sokamaturra, zezenketa edo entzierrorik gabeko festak. Herri bitxia dugu, dudarik gabe. Kontuz, hala ere, bi hankadun “zezenak” lau hankadunak baino arriskutsuagoak izaten baitira maiz. 

Altxa burua!



Parrandazaleak gora behera asko izaten ditu udako festetan: ero moduan dantzan orain, nekatuta gero, dantzan berriro ere, lo seko… Aholkutxo bat: festaz festako programa be-zain ondo prestatu behar dira aldez aurretik atsedenaldiak.