Festa eta aldarrikapena uztartuko dituzte Herri Urratsen

Festa eta aldarrikapena uztartuko dituzte Herri Urratsen Egitarau oparoa prestatu dute maiatzaren 8rako, eta azterketak euskaraz egiteko eskubidea ere babestuko dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/festa-eta-aldarrikapena-uztartuko-dituzte-herri-urratsen/@@download/image/azala herri urrats.jpg
2022/04/25

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Egitarau oparoa prestatu dute maiatzaren 8rako, eta azterketak euskaraz egiteko eskubidea ere babestuko dute.
Festa eta aldarrikapena uztartuko dituzte Herri Urratsen

Maiatzeko bigarren igandean izango da Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festa Senpereko lakuan. Urtero bezala, toki guztietan dantza, musika eta animazioak izango dira, haur zein helduentzat. Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten indar berezia jarri dute egitaraua osatzeko garaian, eta "kalitatezko programazioa" egin dute. Festa egin eta ondo pasatzeaz gain, aldarrikapenerako ere aprobetxatuko dute abagunea, azterketak euskaraz egiteko eskubidea eskatuko baitute. 

Lau gune nagusitan banatuko dituzte ekintzak. Araba gunean haurren txokoak izango dira eta musikarik ere ez da faltako. Pauline eta Juliette, Mutxikoak, Kilimak, Albosax, Xiberoots, Astobaba eta Trikidantz erromeria taldea arituko dira bertan. Kontzertuak 10:00etan hasiko dira eta 20:00etan bukatu.

Nafarroa gunean hainbat kontzertu izango dira egun osoan zehar. Lizeoko ikasleez osatutako Laparrak taldeak irekiko du eguna, eta, ondoren, Aho zakil Konekxion eta Aguxtin Alkhat arituko dira. Eguerdiko ordu biak aldera, Donostiako Skakeitan taldea igoko da agertokira. Jarraian, Arrasateko DES-kontrol taldearen txanda izango da eta bertan emango diote hasiera beraien 25. urteurrena ospatzeko antolatu duten birari. Willis Drummond taldea eta Aguraingo Dupla bikotea izango dira emanaldia eskainiko duten azken taldeak.

Gipuzkoa gunean, berriz, dantza izango da protagonista. Estitxu Robles kolegioko gazteek Dantzaz konpaniarekin egindako ikastaldiaren emaitza erakutsiko dute Herri Urratsen. Ondoren K-balet, Herri Urrats Kantauz, Wazza Panda Famili, eta Topa Noka izango dira, eta dantza erakustaldiekin bukatzeko Kimua Dantza Kolektiboak GenEroa ikuskizuna taularatuko du. Tristan Murgi abeslariaren eta ZEZE taldearen emanaldiekin emango zaio bukaera Gipuzkoako eszenako programazioari.

Azkenik, bazkaritarako eremua izango da Lapurdi gunean. Bi aukera izango dira: zikiro jana edota Zapiain sagardotegiarekin batera antolatutako sagardotegia. Zikiro janeko txartelak 22 euro balio ditu, eta sagardotegikoak 30 euro. Webgunean eskura daitezke txartelak eta egunean bertan ere erosi ahalko dira. Artxero eta bertsolariek, eta Nat eta Watson-ek alaituko dute gune honetako giroa. 

Kolegioa Senperen
Herri Urratsek Seaskaren bosgarren kolegioa eraikitzea du helburu, besteak beste, eta bertan lortutako etekinak horretara bideratuko dituzte. 2023ko ikasturte hasierarako kolegioa prest egotea nahiko lukete.