Fertxu Izquierdo: Lana eta literatura

Fertxu Izquierdo: Lana eta literatura https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Fertxu Izquierdo: Lana eta literatura
Testua: Gari Berasaluze

Inspirazioak lanean harrapatu behar zaituela nabarmendu zuen behin Harkaitz Canok elkarrizketa batean.
Fertxu Izquierdo (Iruñea, 1975) txantrearra etenik gabe lanean aritzen den idazle horietakoa da, eta inspirazioak bisita egiten dionean ederki ateratzen dio etekina. Tabernara, musika entzutera, ohera edota garagardo bat hartzera eramaten du, eta literatura sortzen da.
Langileez, musikaz, kaleaz, tabernez, gatazkaz, maitaleez, auzo gatazkatsuez, zauriez eta musuez hitz egiten duen literatura. Fertxu Izquierdoren literatura.
Haurra zenean, arrebak saldoka irakurtzen zituen komikiak iristen omen zitzaizkion eskuetara, baina droga gogorragoak eskatu eta liburuak irakurtzen hasi zen. Orrialdeetan aurkitutako abenturekin liluratuta, bereak idazteari ekin zion, Despiste detektibea sortu arte.
Geroago, hamabost urterekin euskara ikasten hasi eta euskal literatura ezagutu zuen. "Euskarak mundu berri bat ireki zidan. Horrela hasi nintzen nire lehendabiziko poemak idazten". Txantreako zenbait lagunen artean argitaratutako Mao Tse Punk fanzine gorria bihurtu zen poema haien plaza, eta garai hartan ikusi zuen argia lehen liburuak ere, autoekoizpenaren bidetik: Anpuluen bilduma.
"Garabiak egiten zituen fabrika zikin batean aritzen nintzen lanean, eta egun batean fabrika uztea erabaki nuen eta ikasteari ekin nion". Ordudanik Txantrean Auzolan, Aldapa eta Nabarra aldizkarietan aritu da, eta baita AEKn irakasle, idazle eta garbitzaile gisa ere. Lanean, lanean eta lanean. Erroman, Madrilen, Iruñean.
Horrela irabazi ditu hainbat sari eta beka: Iruñea Hiria Beka, Blas de Otero Bilbo Hiria saria, Orixe saria, Gaztezuloren Xelebre Press lehiaketa eta abar. Horiei guztiei esker ikusi dute argia Mendeko borroka (2008) nobelak eta Telebista-antenetan atsedena hartzen dute txoriek (2009) poema liburuak, besteak beste.
Gaur egun, Eguzki irratiko Pasealeku magazinean aritzen da aurkezle, Saudade Armada literatura ekimeneko kidea eta Banda Batxoki musika taldeko gitarra jotzailea izateaz gain.
Bibliografia
• Anpuluen bilduma (Mao Tse Punk, 2000).
• Gerratearen aztarnak (Pamiela, 2007).
• Joseba Sarrionandia pantailaren aurrean (Egan, 2007).
• Mendeko borroka (Pamiela, 2008).
• Telebista-antenetan atsedena hartzen dute txoriek (Alberdania, 2009).