Fermin Muguruza, txuri beltzen arteko topaketa

Beltz: Kaixo Txuri. Zer moduz? Egun ederra gaurkoa, ezta? Zeru urdina, tenperatura goxoa, eta eguzkia indartsu.
Txuri: Ez pentsa. Bero honek akabatuko nau.
Beltz: Eguzkipean, reggae musika entzuteko aparteko eguna da gaurkoa.
Txuri: Reggaea aipatzen duzula entzun al duzu Fermin Muguruzaren disko berria?
Beltz: Kanturen bat entzun dut, bai.
Txuri: A zer kaka ematen ari diren diskoarekin! Ez dakit zein multinazionalarekin grabatu duen, baina, a zer kanpaina egiten ari diren.
Beltza: Ba, nik dakidala, diskoa auto-ekoizpena da. Talka izeneko zigilua sortu dute horretarako, eta Fermin da, lagun batzuekin batera, diskoaren promozioaz, eta gainontzeko gauza guztiez arduratzen dena. Urteetako esperientzia nabari zaio, eta proiektu berri bat aurrera atera aurretik, buruari buelta asko ematen dizkiola argi dago. Komunikabideak aipatu dituzula, ziur nago Espainiako komunikabide gehienetan (handienetan bai, behintzat) ez diotela inongo jaramonik egingo, eta egitekotan, kontrako gauzak esateko izango da. Zentsura politikoaren atzaparrak behatz luzeak ditu, lagun.
Txuri: Baliteke. Dena dela, nahikoa showman-a dela iruditzen zait. Nori bururatzen zaio, euskalduna izanda, Jamaikara disko bat grabatzera joatea? Jamaikako ekoizle, abeslari eta musikari ezagunekin lan egin, eta gainera, dokumentala grabatu du. Zuk badakizu reggae zaletu amorratua naizela, eta diskoko pare bat kanta gainetik entzun eta gero, ez dut uste beste munduko diskoa denik. Tuff Gong, Rita Marley. Nik uste, Bob Marley-ren ospeari etekina atera nahi izan diola. Lau lagunekin elkartu, jamaikar musikari batzuei lau sosa ordaindu, eta egun batzuetako oporrez gozatu. Argazki batzuk atera, eta kitto.
Beltz: Erraza da horrelakoak esatea. Baina zer dakizu zuk, diskoaren grabazioari buruz, edo jamaikarrekin izandako harremanaz? Hobe zenuke, hitz egin aurretik informazioa jasotzea. Zergatik ez diozu diskoaren aberastasunari erreparatzen? Ez al duzu ikusten, milaka kilometrora dauden kulturen arteko zubi lanak egiten dituela diskoak? Disko honi esker jende askok Jamaikari buruz gauza berriak ezagutuko dituela! Luciano, opera abeslariarekin erlazionatzen dutenek, gaur egun, reggae musikan dagoen ahots ederrenetakoa ezagutzeko aukera izango dute, adibidez. Zer dakigu Jamaikari buruz? Zer dakigu, benetan, jamaikarrei eta jamaikar kulturari buruz? Eta jamaikarrek? Zer dakite haiek Euskal Herriari buruz? Disko honekin, ezjakintasun horri aurre egiteko bidean, pauso txikia (edo handia) eman da.
Txuri: Beltza, zu beti horren positibo.
Azken egunotan, ohiko irudia bihurtu zaigu: bi adiskide karrikanelkartu, eta luze solastu dira "Euskal Herria Jamaika Clash" diskoaz;Fermin Muguruzaren lan berriaz. Aritz Sound System