Fermin Muguruza, Adarra Saria

Fermin Muguruza, Adarra Saria Fermin Muguruzak, ekainaren 21ean, Musikaren Nazioarteko Egunean jasoko du aurtengo Adarra Saria, Victoria Eugenia Antzokian 20:00etan eskainiko duen kontzertuaren atarian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/fermin-muguruza-adarra-saria/@@download/image/fermin-muguruza.jpg
2017/04/20
albiste-laburra
Fermin Muguruzak, ekainaren 21ean, Musikaren Nazioarteko Egunean jasoko du aurtengo Adarra Saria, Victoria Eugenia Antzokian 20:00etan eskainiko duen kontzertuaren atarian.

2017ko Adarra Saria iragarri dute: Fermin Muguruza.  Ekainaren 21ean, Musikaren Nazioarteko Egunean jasoko du saria artista irundarrak Victoria Eugenia Antzokian 20:00etan eskainiko duen kontzertuaren atarian.

Muguruzak kontzertu berezia prestatu du ospakizun honetarako: bere errepertorioko kanta ezagunenak abestuko ditu Micaela Chalmeta Big Band - Taller de Músics de Barcelonak lagunduta.

Iñaki Zarata kazetariak, Anjel Valdés musika ekoizleak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako musika teknikariak osatutako epaimahaiak erabaki duenez, Fermin Muguruzak jasoko du aurtengo saria: berak beste inork ez bezala erakutsi du beste jatorri batzuetako doinuak eta eraginak bereganatzeko gaitasuna, eta gure kulturara ekarri ditu, euskararen baitara.

Muguruzak jasoko duen Saria Marijose Recalde (Iruñea, 1964) artista nafarraren eskultura bat da (garaikur baten tamainakoa). Lana brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio. Brontzezko lana da, zenbait koloretako patinan bilduta, osagaiak bereizteko eta musikaren dardara, indarra, alaitasuna eta kitzikapena nabarmentzeko.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Lehen edizioan, sari hori Mikel Laboaren sorkuntza-lanari eta jeinuari eman zitzaion. Bigarrenean, Ruper Ordorikari. Eta, iaz, Benito Lertxundik eskuratu zuen.