Feriako tratulariak

Feriako tratulariak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/feriako-tratulariak/@@download/image/37p45-1_1368523954.jpg
2004/01/02
erreportajea
Amagoia Iban
Feriako tratulariak


Santa Lutzi egunez izan zen. Hamaika lagun ganaduari atzaparka aritu ziren Zumarragako eta Urretxuko festan eta bakarren batek tratu ederra ere egingo zuen. Milaka eta milaka lagun inguruan, feria zaratatsu hartan ahots propioa entzunarazi nahian. Honako behor honen hortzak eta apatxak, hango ardiaren bizkargaina, hortik datorren talo usaina eta pareko tabernan egindako zurruta.

Santza Lutzi eguna zen, larunbatez aurtengoan. Eta Zumarragatik eta Urretxutik milaka eta milaka kilometrora, mendebaldetarron feria neo-liberal globalizatuak hedabide guztietan inposatu duen azken filma errodatu zuten ehunka soldaduk. Honako gizon honen hortzak, txima zikinak eta begirada tristea; hango buruen irribarre zuria; hortik datorren informazio manipulatu jarioa eta pareko kuartel militarreko Mugarik Gabeko Galdeketak taldekoek dolarrez beterik aurkitu omen duten maleta.

Santa Lutzi egunez izan zen, bai. Eta George W. Bush-ek aspaldiko traturik merkeena itxi zuen Iraken, tratura beharrean ehizera irten ohi denaren tenplez: "Harrapatu dugu". Basurdea ehiztariek nola, Saddam Hussein hala erakutsi ziguten yanki-ek kate guztietan. "Heriotza merezi du", zioen estatubatuar batek. Eta, merezimenduen erreskan hurrena, Osama Ben Laden berpiztu dute bat-batean, etorkizuneko hauteskundeak eta bestelako negozioak gogoan eta barre txikia ezpainetan.

Santa Lutzi eguna, behingoagatik, pasatu zen. Oraintxe bertan, ikuskizun nardargarri hau egunak joan eta egunak etorri jarraitzen ari den honek ez daki pertsona, behor, ardi edo zer demontre ote den. Hedabideetan bildots itxurarekin agertzen zaizkigun tratulari zibilizatu horientzat, bederen, pentsu aurrefabrikatuaz puztu eta ustiatu beharreko ganadua besterik ez.

“Barnetegia” 2004ko reality show-a



Amaitu da Monegroetako amesgaiztoa, baina beste reality show bat abiatuko du ETBk: “Barnetegia”. Euskara ikasleak barnetegian giltzapetuta! Andoni Aizpuruk aurkeztuko du lehiaketa. Bestalde, 2004. urtean, “Martin” telesailaren atal berriak grabatuko dituzte ETBrentzat.

Patxi kanpora



Frantziako “Star Academy” telebista lehiaketatik kaleratu dute Patxi Garat lapurtarra, askok kantaririk onena zela zioten arren.