Fantastic Four (Los cuatro fantasticos / Les 4 fantastiques) **

Komikizaleek, eta horien artean Marvel komiki etxearen jarraitzaileek, badute pozik egoteko arrazoirik. Izan ere, Stan Lee maisuak sortutako superheroiei buruzko film ugari egin dira azken urteotan, eta zenbaitetan Spider-Man eta X-Men gizaki mutanteen kasuan, esate baterako, nahikoa pelikula txukunak izan dira. Marvel etxearen laukote ospetsuenaren abenturak dakarzkigu pantaila handira Tim Storyk: The Fantastic Four. Reed Richards zientzialari ezaguna espazioan da. Eskifaiako kideen artean, Ben Grimm adiskidea, Sue neska-lagun ohia eta haren anaia gaztea dira. Doom jaun iluna ere bertan da. Istripu lazgarria izango dute, eta erradiazio kosmikoak kutsatuko ditu guztiak. Erradiazioak superbotereak emango dizkie bidaiariei. Eta, hala, Mr. Fantastic, The Thing, The Invisible Woman eta The Human Torch superheroiak jaioko dira. Baina baita Heriotza Doktorea ere. Superheroi laukotearen etsairik amorratuena. Denbora-pasa hutsa.