Familiei zuzendutako filmak emango dituzte aste honetan Iruñean

Familiei zuzendutako filmak emango dituzte aste honetan Iruñean Trollak, sorginak, eta Tom eta Jerryren abenturak izango dira pelikulen osagaiak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/familiei-zuzendutako-filmak-emango-dituzte-aste-honetan-irunean/@@download/image/trolls handia.png
2022/08/16

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Trollak, sorginak, eta Tom eta Jerryren abenturak izango dira pelikulen osagaiak.
Familiei zuzendutako filmak emango dituzte aste honetan Iruñean

Zinema-gauak zikloak hamaikagarren filma proiektatuko du gaur, familientzat aproposa: Trolls World Tour (AEB, 2020). Animazio-pelikula da, Dreamworksek 2016an egindako fantasia-film arrakastatsuaren bigarren zatia. Poppy eta Branch dira protagonistak, koloretsuak eta musikaz beteak, eta ohartu dira euren troll-tribua haien espezieko erresumetan dauden seietako bat baino ez dela, eta tribu bakoitzak musika-estilo bat hautatu duela:  funka, countrya, teknoa, musika klasikoa, popa eta rocka, hurrenez hurren. Baina musikazaleen artean ez dela mugarik egon behar uste dute. Txantreako Arriurdiñeta plazan izango da proiekzioa, 22:00etan, eta sarrera librea izango da.

Bihar, asteazkena, Tom eta Jerry (AEB, 2021) eskainiko dute euskaraz, gaztelaniazko azpitituluekin. Katua eta xagua beti mokoka dabiltza eta filmean elkar nola ezagutu zuten eta haien lehia nondik datorren azalduko dute. Sanduzelaiko Gortari Doktorearen plazan izango da emanaldia.

The Witches (AEB, 2020) pelikula izango da ostegunean, Milagrosako Alfredo Floristan plazan. Besteak beste, Anne Hathaway aktorea du protagonista Robert Zemeckisek zuzendutako filmak. 90eko hamarkadako beste baten remakea da, eta beldurra eta komedia uztartzen ditu. Estatu Batuak eta Mexikok elkarrekin egindako ekoizpen hau Roald Dahlen izen bereko 1983ko liburuan oinarrituta dago.

Azkenik, ostiralean, Arrotxapeko Maiteminduen parkean The Boss Baby: Family Business (AEB, 2021), 2017an estreinatutako film arrakastatsuaren bigarren zatia ikusi ahal izango da. Hauxe da filmaren nondik norakoa: "Tim eta Ted helduak dira jada eta Templeton anai-arrebak elkarrengandik urrundu dira. Baina beste nagusi ttipi batek abangoardiako ikuspuntua du eta beste negozio bat hastekotan da".