Beraien falta nabaritzen dugulako: etxean gure gastronomiaz gozatzen jarraitzeko gida

Beraien falta nabaritzen dugulako: etxean gure gastronomiaz gozatzen jarraitzeko gida Taberna eta jatetxeetan gure senitarteko eta lagunekin plater goxoen baitan elkartzeaz amesten ari gara denok ere hilabete honetan. 2020ak zerbaitetarako balio izan badu, horrelako gauza txikien balioaz jabetzeko izan da. Horretaz oharturik, gure kolaboratzaile Oraitz Garciak, momentu horiek noiz biziko zain gauden bitartean, gure inguruan ditugun taberna eta jatetxeei omenaldi bat egin nahi izan die gida honen bitartez. Apuntatu bertako gomendioak Donostian edo inguruetan bazabiltza etxetik ere gure gastronomiaz gozatu ahal izateko! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/faltan-botatzen-ditugulako-etxean-gure-gastronomiaz-gozatzen-jarraitzeko-gida/@@download/image/IMG_4969.jpg
2020/11/24

Testua: Oraitz Garcia

Taberna eta jatetxeetan gure senitarteko eta lagunekin plater goxoen baitan elkartzeaz amesten ari gara denok ere hilabete honetan. 2020ak zerbaitetarako balio izan badu, horrelako gauza txikien balioaz jabetzeko izan da. Horretaz oharturik, gure kolaboratzaile Oraitz Garciak, momentu horiek noiz biziko zain gauden bitartean, gure inguruan ditugun taberna eta jatetxeei omenaldi bat egin nahi izan die gida honen bitartez. Apuntatu bertako gomendioak Donostian edo inguruetan bazabiltza etxetik ere gure gastronomiaz gozatu ahal izateko!
Beraien falta nabaritzen dugulako: etxean gure gastronomiaz gozatzen jarraitzeko gida

Ez dakit zuek, baina, nik faltan botatzen ditut gure herri eta hirietako taberna eta jatetxeak zabalik aurkitzea, faltan botatzen dut bertan lagunekin edota familiarekin elkartu eta gure gastronomiaren eta sukaldaritzaren onenaz gozatzea, tabernako mahaian lasai eseri eta egunkaria irakurri bitartean kafe eta patata tortilla pintxo eder bat jatea, tabernaz tabernako pintxo ibilbide amaigabe batean murgildu eta galtzea, bertan bizitako momentuak berriro bizitzea. Itzuliko da eguna berriro ere tabernariarekin eguneroko gaien inguruan lasai hitz egiteko eguna izango duguna, gure barruko korapilo eta penak beraien gastronomiaren laguntzarekin askatzekoa. Momentu horiek berriro noiz bizi zain gauden bitartean gure etxeko goxotasunarekin konformatu beharko dugu, baina goxotasun hori are goxoagoa egiteko badugu aukera eta eskaintza zabala gure herri eta hirietako taberna eta jatetxeen kutixien bitartez etxean omenaldi gastronomiko mundial bat egiteko. 

Zerrenda zinez da zabala. Asko baitira etxerako zerbitzua eta bertan jasotzea martxan duten taberna eta jatetxeak. Sarean murgilduta eta bueltaka aritu naiz, nahiko informazio uholde baitago, eta konfinamendu garaian egindako “Konfinamendu garaiko gida gastronomikoa”-ren bidetik, hemen duzue nire hautaketa, nire gidatxoa. Hori bai, komeni da gero sare sozialetan edota euren webgunean informazioa begiratzea eskaintza zehatza ezagutzeko, zuen etxeetako lasaitasunean ardo, garagardo edo sagardo on batekin topa egin eta jaki bikainekin sabela goxatzeko. On egin!

OMENALDIAK ETXEAN
Urtebetetze bat dela, edo urteurren bat, edo ospakizun berezi bat, edo besterik gabe, omenaldi gastronomiko batekin gozatzeko nahia duzuela? Bada jarraian aipatuko dizkizuedan taberna eta jatetxeen sukaldaritzek badute zerbait berezia, euren ikutua, ahoan eztanda egiten duten zapore festa, paradisura bidaiatzen lagunduko digutena etxetik mugitu gabe. 

Donostiatik hasiko naiz. Ez da erraza aukeraketa. Pertsonalki ezagutu eta gozatu ditudan leku batzuk hautatu ditut, ea zuek ere, nik bezala gozatzen duzuen bertakoa etxean dastatuz. Aizpea Oihaneder eta Xabier Diezek euren sukaldaritza jakituria eta maisutasuna Xarmako plateretan islatzen dute eta horiek etxean gozatzeko aukera dugu orain. Bodegon Usarbik denboraldiko produktuetan jartzen du fokua, horiek mimoz hartu eta plater sorta ederrak eskaintzen dizkigu. Casa 887ko kideek ez dakite geldirik egoten eta bertako eta mundu mailako sukaldaritzen arteko nahasketa horrekin, jendea zoriontsu egiteko gaitasuna dute. Dani Lopezek ez du aurkezpenik behar gastronomiaren munduan, gure sukaldaritzaren erreferenteetako bat, bere Michelin izardun Kokotxa Jatetxean, isilik eta soinu askorik atera gabe, sukaldaritza zaindu eta bikaina prestatzen du, orain asteburu eguerditan, etxean gozatzeko menu berezia prestatzen hasi da. Izugarri laket dudan beste lekua da Zazpi ere. Jatetxe hau ere animatu da etxera eramateko zerbitzua martxan jartzen eta bere ano eta pintxo zoragarriez gain, eguneko platera ere eramateko aukera eskaintzen ditu.

Labek, Tabakalerako bere laborategi gastronomiko horretatik, bere sukaldaritza jasangarria etxera eramateko aukera eskaintzen digu, bi formatutan: eguneko platera edota karta. Ismael Iglesias sukaldariak, bere Rita Jatetxeko platerak prestatzen ditu, baina, azkenaldian indarra hartu du kozinatzen dituen arroz goxoei esker. Ahomihik bere euskal eta kataluniar sukaldaritzaren fusioa jartzen du gure zerbitzura. 2019an ezagutu nuen proiektu gastronomiko interesgarrienetako bat izan zen Damadá, eta orain bere sukaldaritza etxera eramateko aukera dugu, eta, baita, proiektu berria den Nomadako sukaldaritza ere. San Martin merkatuko bere txoko txiki horretan, sukaldaritza handi bat kozinatzen dute Mauneko kideek, parrila eta merkatuko produktuak protagonista dituzten platerek osatuz karta. 

Donostiako alde zaharreko bi erreferentziek ere ez dituzte euren suak itzali eta etxera eramateko platerak prestatzen jarraitzen dute, La Fabrica eta La Murallak. Alde aaharretik aldendu gabe La Brissimeriek  bere ukitu bereziko sukaldaritza zaindua jarri du gure zerbitzura, baita erreferentzia diren hanburgesak ere. Azkenaldian ezagutu eta gustatu zaizkidan bi jatetxek ere martxan jarraitzen dute: N6k bere plater esanguratsuenen aukeraketa egin du eta bere apalategietan dituen ardoak saltzen jarraitzen du; eta Altuna Boutique Bar produktu bikaina protagonista dituen bere plater hotz eta beroen sorta etxera eramateko prestatzen digu. Alabaina, bada leku bat akaso ezkutuan geratzen dena, baina sukaldaritza berezi eta zaindu bat gordetzen duena bere baitan: Kinza.

Gipuzkoara zabalduz Lasarten aurkituko dugu Txitxardin, Sergio Humada sukaldariaren proiektu berria etxera bueltan, tradizioa eta goi-mailako sukaldaritza uztartzen dituena, produktu zainduekin batera. Irunera goaz orain, izan ere, Iñigo Lavado ez da geldirik geratu eta bere sukaldeak jo ta ke jarraitzen du emozioen sukaldaritza oinarri duten plater goxoak prestatuz, David eta Naiarak zuzendutako Danako Jatetxea berriro ere martxan da, euren sukaldaritza berezi eta zaindu hori gure etxeetan gozatzeko. Eta amaitzeko, nire kuttunenetako bat, Zarauzko Kirkillak ere bat egin du etxera eramateko zerbitzuaren olatuarekin eta bere sukaldaritza magikoa bertan jaso edo etxera eramaten dute, karta eta menua aukeran.

BETIKOTASUNAREN ETA GUREAREN MAGIA
Gure goi-mailako sukaldaritza ez litzateke egun dena izango, gure betiko sukaldaritza eta ohiturarik gabe. Betikoaren alde egiten duten asko daude eta baita gure lur eta itsasoko produktuak hartu eta maisuki landuz esperientzia ederra biziaraziko digutenak ere. Tradizioa gure gastronomiaren ondare eta ikur bihurtu duten hainbat jatetxetako plater gure etxeetan gozatzeko aukera dugu orain, hala nola, Donostiako Ezkurrako errusiar entsaladilla, jan dudan onena ezbairik gabe. Gainera etxera eramateko menua ere osatu dute oilasko errearekin batera, euren hanburgesa eta ogitarteko eta platerez gain. Gastronomiaren beste ondareetako bat dugu Paco Buenoko ganba gabardina eta egunotan hori etxera eramateko aukera dugu. Eta Donostiako erreferentziazko patata tortilla bat ere etxera eraman dezakegu, Gros auzoan dagoen Zabaleta tabernakoa hain zuzen ere, baita Tolosan erreferentzia den Xareko patata tortilla ere.

Baina, gure betiko sukaldaritzaren alde egiten duten hainbat jatetxek ere euren kutixiak gure etxeetan gozatzeko aukera eskaintzen digute. Donostia inguruan hainbat eta hainbat dira, horien artean: El Vaskito bere goi mailako produktuetatik hasita, sukaldaritza tradizionaleko plater esanguratsuenak ere badituzte; Abakandoren itsasoko usain eta zaporea gure etxera eraman dezakegu, bai kozinatua, zein freskoa; Kostaldek bere arroz eta fideuak goxo goxo prestatzen jarraitzen ditu hartu eta gure etxean gozatu ditzagun; Gandariasek bere goi mailako euskal sukaldaritza tradizionalarekin gure etxean goxatzeko parada ematen digu.

Gipuzkoako hainbat txokotan ere badugu betikoaz gozatzeko aukera: Oiartzunen Intxixu Tabernak eguneroko menua prestatzen du eramateko, misteriorik gabeko sukaldaritza goxoa; Usurbilgo Artzabal Jatetxekoak ere ez dira geldirik egotekoak eta bere ohiko plater eta jaki goxoez gain, asteburuetan gauza bereziak eskaintzen dituzte eta baita ostegun eta igandeetan pizzak eskatzeko aukera ere; Astigarragako sagardotegi giroa gure etxeetara gerturatzen digute Astarbe eta Petritegik, euren ohiko eskaintza zabalduz eta egoera berri honetara egokituz; Berrobiko Iriarte Jatetxeak bere plater esanguratsuenak etxean dastatzeko prestatzen dizkigu, horien artean, erreferentzia nagusi den Usarreko txerrikumea, mundiala benetan; Alkizako Herri Ostatuak ere bere sukaldaritza etxean gozatzeko aukera eskaintzen digu eta gomendatzeko lekua da, badu zerbait Marcosen sukaldaritzak; eta Ormaiztegiko Kuko Jatetxeak asteartetik larunbatera bere sukaldaritza zaindua oinarri duen dastatze menua Goierriko etxeetara eramaten du.

Tolosan eta Donostian Ama Tabernaren zigilua duen sukaldaritzaz gozatzeko aukera izango dugu. Magikoa da Javi eta Gorkak zuzentzen duten taldeak egiten duen sukaldaritza, bertako produktuak hartu eta gozamen iturri bihurtzen dituzte. Tolosan, Ama Tabernak, bi aukera eskaintzen ditu hotzean jaso eta etxean berotzen amaitzekoa edota kontsumitzeko prest beroa jasotzea. Urriaz geroztik Donostian egoitza ere badute, Enea izenez, eta “Hartu eta jun” izenpean gosari, pintxo eta menua dituzte aukeran.

OGI ARTEAN
Noizean behin ere eskertzen da ogitarteko edo sandwich edota hanburgesa on eta handi bat bi eskuekin hartu eta koxk batetik bestera ondo asetzea. Niri ogitarteko bat jateko gogoa sartzen zaidanean oso argi izaten dut nora jo, Donostiako Zumardira: tamainaz ikusgarriak, ondo beteak eta bat bapo uzten dutenak, nire kuttuna urdaiazpiko mixtoa da, ogitartekoez gain, plater eta pintxo sorta ederra ere badute. Baina, nork ez du noizbait Juantxoko patata tortilla ogitartekorik jan? Etxean ere jan dezakegu orain. Donostiako alde zaharrean egonda beste aukera on bat ere bada Dakara Bi, Abuztuak 31 kalean ia ezkutuan geratzen den taberna, baina, urteak gure sabelak goxatzen daramana. Zarautzen ogitartekoei buruz hitz egiterakoan ezinbestekoa dugu Itxaslur aipatzea, eskaintza zabala, momentuan labean egindako ogiak ematen dion kurruskari ikutu horrekin.

Juantxoko patata tortillen pare, akaso, Vabeneko hanburgesak egongo dira, zenbat izango ote ditudan janak urtetan zehar. Eta oraindik ere dastatzea aukerarik izan ez dudan arren, oso ondo hitz egin didate, La Burger Donostiari buruz, aukera polita egun hauetakoren batean euren eskaintza dastatzeko. Lasarten sona handia hartu dute Lavieko txuleta hanburgesek, ea noiz probatzen ditudan. Azkenaldian, aire berria eraman dute Donostiara Muy Top-eko gazteek, sandwichen aldeko apostu garbia eginda, goxoak eta etxean frijitutako patata eta barazkiz lagunduta eta euren saltsa bixi eta bikainarekin.  Eta denetarik pixka bat, ogitartekoak, hanburgesak, sandwichak, entsaladak, ano eta plater konbinatu sorta eder eta goxoak Oiartzungo Kabitxo Tabernan aurkituko ditugu.

LA MIA PIZZA!
Italiari eta bertako sukaldaritzari zor diogu pizza gure artera iritsi izana. Azkenaldian askok egin dute pizzerien aldeko apustua eta ore on baten gainean jolasten hasz pizza bereziak eskaintzen hasi dira. Nire azken aurkikuntzetako bat Donostiako Humo Pizza izan da, Napoliko pizzak oinarri hartuta, tripaki pizza eta guzti aurkitu dezakegu euren eskaintzan, bereziak eta goxoak. Dagoeneko urteetako ibilbidea gainean daramatenak Tabakaleran kokatua dagoen Arizmendi, egunero pizza bejetariano proposamen bat egiten dute eta osorik edo erdia jateko aukera izango dugu. Juan Mari Arzak maisuarentzako Donostiako pizzarik onenak Gros eta Antiguon ordezkaritzak dituen Malandrinokoak dira eta zin dagizuet benetan ederrak direla. Arzak aipatuta, duela gutxi tenplu horren parean, Mirakruz gainean, Damarchesoni zabaldu dute eta itxura polita eta atsegingarria dute bertako pizzek eta etorkizun hurbil batean dastatzea da nire asmoetako bat. 

Donostiatik at, Hondarribian topatuko ditugu Danontzat Gastrotetako proposamenak, apostu berria egin dute pizzen alde eta eskaintza irakurrita, berezkoa duten sukaldaritza “zoro” horri jarraipena eman diote pizza forman. Zarautzen ere Artea eta Mollarriko pizzekin gozatzeko aukera paregabea izango dugu.

BIDAIATU DEZAGUN
Azaroko Gaztezulon kontatzen nizuen zein ederra izaten den taberna edo jatetxe batera joan eta bertatik mugitu gabe munduan zehar bidaiatzea herrialdeetako zapore, usain eta errezeten bitartez. Orain, bidai txartela erosi eta etxean lasai eserita bidaiatu dezakegu. Peru eta Japoniara bidaiatzeko aukera bikaina eskaintzen digu Elostak, Donostiako Nikkei sukaldaritzako erreferentzia nagusietako bat, niretzako behintzat horrela da. Japoniako sushia maisuki gauzatzen dute Kai Sushin. Peru aipatuta, ezin ahaztu Ekeko, Peruko kaleko sukaldaritzaren filosofia oinarri hartuta bertako sanguche, zapore eta koloreak gure etxean gozatzeko aukera bikaina izango dugu. Hego Amerikan egonda, ezin Topa Sukalderia aipatu gabe utzi, hango eta hemengo sukaldaritzen eta kulturen fusioa oinarri duen jatetxea. Mexikoko sukaldaritzaren zale sutsua bazara, Mera Mera da zure jatetxea, bertako taco, quesadilla, guacamole eta abarrekin ederki gozatzeko parada duzue. Eta Europara etorrita, nire leku kuttunenetako bat, Civico 14, italiar sukaldaritzaren erreferentzia, Italiako betiko errezetak gurera ekarri eta inguruko produktuekin gauzatzen dituzte, esperientzia berezi bezain bikaina.

GOXO GOXO
Eta amaitu baino lehen, utzi iezadazue apunte txiki bat egiten. Zuen eginbeharrek edota lanak Intxaurrondora eramaten bazaituztete, ez galdu Tribeka Intxaurrondo Coffeen kafea edo gozoren bat hartzeko aukera.