Eztabaida ≠ Kalaka

«Atzo putetxera joan nintzen... », «prostituzioa? » Oso gogoan dut, iazko irailean, Kalaka saioa iragartzen zuen ETB1eko publizitatea. Eguneroko gaien/arazoen inguruan eztabaidan aritzeko parada emanen zuen saio berritzaile gisa aurkeztu zuten saioak, Xabier Euzkitze izango zela gidari eta abar. Urtebete iragan da, eta bakantzak pasatu ondotik, bigarren denboraldiari ekin dio saioak. Eta ikasturte berria hasteko, perretxikoez solastu ziren kalakariak. Eta gauza bitxi anitz entzun genuen, bai horixe.
Egia esan, iaz ere ostegunero ikusten nuen saioa, eta aitortu behar dut, oro har, gustatzen zaidala. Interesgarria iruditzen zait. Alde guztietako gonbidatuak biltzen dituzte, nork bere iritzia plazaratzen du elkarrenganako errespetuz eta interesaz, eta nahasketa horretatik, elkarrizketa sakon baten aberastasuna iristen zaio ikusleari, bere kultura areagotuz (tira, hori ez dakit horrela den )
Saioa beti ongi hasi ohi da, baina beti erdi oihuka bukatu: bost pertsona batera mintzatuz, ondoan beste kapeladuna bere esaldi filosofikoekin Eta erdian, Euzkitze. Bera da gidaria. Berak du eztabaidaren norabidea erabakitzen. Berak du dena kontrolatzen, eta nire ustez, hori da arazoa. Partaide bakoitzari denbora bera eman nahian, hitza bati kendu eta besteari eman, elkarrizketaren koheren-tzia galtzea arriskatzen du anitzetan. Azken finean, eztabaida izan zitekeena kalaka arrunt bihurtzen da horrela.
Errepidean gora

Gora eta gora. Hala dabiltza Urko Aristi eta Andoni Aizpuru. Jendearen egunerokoan murgildu eta bi gai kontrajarrita, eguraldi-gizonek uda osoan iragarri ez diguten eguzkia eskaini digute beraien erreportajeetan. Gure gezia bezala, gorantz doa hauen talentua. Aizpuruk, gainera, ibilbide berria hasi du Horrelakoa da bizitza saiorekin, eta errepide horretan ere gora egitea espero dugu.
Txoootx

Egia esan, berezia da beherantzako gezi hau. Gezia ez da kritika egiteko, Wazemank! saioa bukatzen den bakoitzean sortzen zaigun pena adierazteko baizik! Hor doaz sagar berdeak, badoa toloxa, badoaz arregitarrak, badoaz txooooootx gogoangarriak... Guri motz egiten zaigu saioa, baina ona edo txarra da hori? Gu gezia bezala geratzen gara behintzat, beherantz.