EZPALAK: "Kexak eta penak pixka bat alde batera utzi eta mahaian kolpe bat emateko ordua dela uste dugu".

EZPALAK: "Kexak eta penak pixka bat alde batera utzi eta mahaian kolpe bat emateko ordua dela uste dugu". Pandemia hala tematu den arren, musikaren mundua ez dago geldirik, eta horixe erakutsi digute Ezpala taldekoek; 'Kolpatu Topatu' ibilbideko bigarren diskoa labetik ateratzeko premian dute, eta argitalpena otsaila ingurura arte atzeratuko duten arren, hilean behin single berri bat oparituko digute, bizi dugun egoerari aurre egiteko musika bezalakorik ez baitago. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ezpalak-kexak-eta-penak-pixka-bat-alde-batera-utzi-eta-mahaian-kolpe-bat-emateko-ordua-dela-uste-dugu/@@download/image/0055 ezpalak.jpeg
2020/11/03
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Pandemia hala tematu den arren, musikaren mundua ez dago geldirik, eta horixe erakutsi digute Ezpala taldekoek; 'Kolpatu Topatu' ibilbideko bigarren diskoa labetik ateratzeko premian dute, eta argitalpena otsaila ingurura arte atzeratuko duten arren, hilean behin single berri bat oparituko digute, bizi dugun egoerari aurre egiteko musika bezalakorik ez baitago.
EZPALAK: "Kexak eta penak pixka bat alde batera utzi eta mahaian kolpe bat emateko ordua dela uste dugu".

Iazko debutaren ondoren, 'Kolpatu Topatu' bigarren lana kaleratuko duzue; nolakoa izaten ari da diskoa berria kaleratzeko prozesua

Disko berria ateratzeko gogotsu gaude jada. Aspalditik dugu amaitua eta gauzak pixkanaka ari gara egiten, beraz, ez gara asko estresatu gauzak egiteko orduan, gure denbora hartu  baitugu dena ondo prestatzeko.

 

Diskoa udazkenerako kaleratu behar zenuten, Durangoko Azokarekin bat eginez, baina alarma egoeran sartu berritan, ez da diskoa kaleratzeko unerik egokiena... urtarrilera ala otsailera itxoitea nola daramazue?

Ondo daramagu. Gutxi gora behera hilean “single” berri bat ateratzea pentsatu dugu disko osoa iritsi bitartean. Kontzertuak jotzeko aukera gutxi daude eta nahiago izan dugu diskoko abesti bakoitzari bere garrantzia eman eta dena batera ez ateratzea.

 

Pandemiak gogor zigortu du kultura mundua, eta noski zuzenekoak eskaintzeko aukera; nola bizi duzue zuek egoera? Diskoa muntatzeko zailtasunak topatu dituzue?

Diskoa egiteko orduan ez dugu zailtasun handirik izan baina kontzertuak ezin emana oso gaizki daramagu. Aurreko diskoarekin asko gozatu genituen zuzenekoak eta pena handia ematen digu disko berri hau behar den bezala ezin erakusteak. Gainera lagun asko ditugu zuzeneko lanak egiten dituztenak eta oso egoera larrian daude. Lan postu pila daude airean zintzilik. Oso gogorra da musikaren mundua pairatzen ari dena ikustea.

 

"Kontzertuak jotzeko aukera gutxi daude eta nahiago izan dugu diskoko abesti bakoitzari bere garrantzia eman eta dena batera ez ateratzea".

 

Herri ezberdinetan bizi zarete, zailtasunik baduzue entseatzeko?

Juanjo Tuterakoa da, Unai zumaiarra, Xabi azkoitiarra eta ni (Eñaut) zestoarra. Lehen zailtasun gehiago genituen batiz bat Juanjorekin gelditzeko, baina orain Juanjo Donostiara etorri da bizitzera eta errazagoa egiten ari zaigu entsegu egunak jartzea.

 

'Kolpatu Topatu' datorren urteko otsailean kaleratuko duzue, baina bitartean bi single kaleratu dituzue aurrerapen moduan. 'Tristura' kantua bizi ditugun garaien isla ote?

Oso abesti ironikoa da hitzen aldetik eta musikalki berriz iluna eta indartsua. “Itzala” abestiak gure alderdi poperoena eta barnerakoiena erakusten du eta “Tristura”k berriz gure alderdi rockero edo borrokalaria. Diskoa berrian aurkitu daitezkeen bi alderdiak erakutsi nahi genituen bi abesti hauekin. Edonola ere abesti berri gehiago ateratzen joango gara pixkanaka eta bakoitzak badu bere nortasun propioa.

 

'Tristurak sortzen dit barregura' dio kantuak; garai zail hauetan borrokan jarraitzeko intentzioa nabaria da, ezta?

Bai, kexak eta penak pixka bat alde batera utzi eta mahaian kolpe bat emateko ordua dela uste dugu.

 

"Oso abesti ironikoa da hitzen aldetik eta musikalki berriz iluna eta indartsua. “Itzala” abestiak gure alderdi poperoena eta barnerakoiena erakusten du eta “Tristura”k berriz gure alderdi rockero edo borrokalaria". 

Aurrerapen kantuetan erritmo biziak entzun ditugu, rockeroak eta pop kutsua galdu gabe apur bat ilunagoak. Nolakoak dira diskoan bildu dituzuen gainontzeko kantuak?

Disko hau aurrekoa baino bariatuagoa da, eragin ezberdin gehiago ikus daitezke eta soinua apur bat garaikideagoa dela uste dugu. Esan duzun bezala, badaude abesti batzuk pop kutsua dutenak ahotsetan, baina orokorrean lan berria indartsuagoa da, punk britaniarraren eragina nabarmenagoa da eta erritmo rockero dantzagarriagoak daude diskoan. Zuzenetara begira joko asko emango digun diskoa da “Kolpatu Topatu”.

 

Diskoa kaleratu bitarte single gehiago aurreratzeko asmoa duzue?

Bai, beste bi abesti kaleratzeko asmoa dugu. Datorren abestia aurreko diskotik gertuen dagoena da, eta hurrengoa berriz gure abestirik agresiboena.

 

Kontzertuak eskaintzeko desiratzen izango zarete; normaltasun berri honetan nolakoa da zuzeneko musika egitea?

Zailtasun handiak daude zuzenekoak egiteko eta lotzen ditugun kontzertu apurrak azken egunera arte bertan behera geratu daitezkeela jakitea oso nekagarria da. Hori bai, izan ditugun kontzertuak azkena balira bezala gozatu ditugu nahiz eta jendea eserita egon.

 

Beste musika taldetatik bildutako lagun taldea osatzen duzue Ezpalak; beste taldetako estiloak eraginik badu Ezpalak-en musikan

Bakoitzak bere barne mundua du eta bakoitzak beste taldeetan bizitakoak badu bere pisua baina orokorrean guretzat berria da egiten duguna eta laurok eroso gauden gauza bat sortzen saiatzen ari gara.

 

2020. urtea 'annus horribiliis' izan da guztiontzat; datorren urtera begira, zein da zuen desirarik handiena?

Diskoa zuzenean aurkeztu ahal izatea guretzat ezinbestekoa da eta hori posible izatea gustatuko litzaiguke. Asko gozatzen dugu abesti berri hauek zuzenean jotzen eta beharrezkoa dugu hori posible izatea, beraz, taldearentzat hori da momentu honetan desiorik handiena.