Ezpalak, Ibil Bedi, Bulego, Merina Gris, Ødei, Delirium Tremens eta Joseba Tapia izango dira EHZ-n

Uztailaren 1ean, 2an eta 3an egingo dute EHZ Festibalaren hogeita seigarren edizioa Irisarrin (Behe Nafarroa) eta kartel osoa iragarri dute antolatzaileek. Rapa, rocka, popa, rumba edota metal musika entzun ahal izango dute jaialdira bertaratzen direnek. Niko Etxart, Ezpalak, Ibil Bedi, Calling Marian, Fizt & Furiuz eta Gaitistaneko Orkestra taldeekin batera, Bulego, Madelyn Ann, Eesah Yasuke, Amorante, Joseba Tapia, Frigo eta Kilimak taldeak arituko dira.
Gainera, euren lehen lana ere aurkeztuko dute musikari batzuek; Frikun taldearen Ezerezko herria diskoa, Merina Gris-en Airaka albuma, Vulk post-punk taldearen Vulk ez da, eta ØDEI raplariak joan den apirilaren 22an estreinatutako Terapia. Delirium Tremens ere itzuliko da hainbat urtetako isilunearen ondoren. Aurrez iragarritako KOKOKO! taldea ez dela bertan izango jakinarazi dute antolatzaileek.
Hiru egunetarako balio duten sarrerak 45 eurotan jarri dituzte salgai webgunean, maiatzaren 25era bitarte. Bertan ere erosi ahal izango dira sarrerak 55 eurotan. Egunez eguneko txartelak, berriz, ekainaren 1etik aurrera izango dira eskuragai.
Ekintza osagarriak eta laguntzaileak
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, mintzaldi eta mahai-inguruak ere izango dira Ospitalea etxean, baina aurrerago iragarriko dute egitaraua.
Bestetik, EHZ festibala auzolanean oinarritzen den ekimena izanik, laguntzaileen garrantzia nabarmendu dute, "festibalaren bideragarritasuna eta iraunkortasuna ahalbidetzen baitute". 500 laguntzaile beharko direnez, izena emateko galdetegia zintzilikatu dute webgunean. Hala adierazi dute: "EHZ denona da eta denon eskuekin eraikitzen dugu".