Ezkuturiko harribitxiak

Ezkuturiko harribitxiak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ezkuturiko-harribitxiak/@@download/image/58p48-1.jpg
2005/12/02
erreportajea
Julen Azpitarte
Diskoetxe ofizialen saltokietatik at, hainbat musika ekoizpen izango dira Durangoko azokako bazterretan. Disko horietako asko diskoetxe txikiek ateratakoak izango dira, eta beste batzuk, aldiz, musikariek beren kasa ekoitzitakoak 

Zinemagintzan sarritan gertatu ohi da bigarren mailako aktoreek protagonistak baino distira gehiago egitea. Izan ere, aktore batzuek ongi baino hobeto dakite gidoiak uzten dizkien tarte bakarrak aprobetxatzen; izen handiko "izarren" kalterako. Lee Marvin aktore iparamerikar mitikoa datorkit burura. Marvin-ek nahikoa zuen pantailara gerturatzea ikusleen arreta erabat bereganatzeko.

Urte amaieran, Durangoko Azokan ibiltzen diren egileak izaten dira euskal musika munduko protagonista nagusiak. Disko berria besapean dutela, Euskal Herriko merkatuan nagusitzen diren zigiluen babesa izan ohi dute. Hala ere, GAZTETXULOk gidoi lerro batzuk gorde dizkie azoka "ofizialetik" kanpo mugitzen diren musikariei. Azokan eta azokatik at, erdi ezkutatuta, izango diren zenbait grabazioren berri emango dizuegu; bai diskoetxe txikiekin aritzen direlako, bai musikariak beren kasa grabatuak direlako.

Joseba Irazoki esperimentala

"Do" Joseba Irazoki musikari nafarraren egitasmo esperimentala da. Fonema monosilabo horrekin, "Tokian Tokiko" izenburua duen diskoa grabatu berri du egun Bartzelonan dagoen Lucky Kitchen zigiluarekin. Diskoan soka doinuak -gitarra, banjoa eta arpa, tartean-, eta giro elektronikoak uztartu ditu. Melodiazko atmosfera sortu du Irazokik, eta Berako musika tradizio esperimentalaren arrisku zaletasunari jarraituz, inprobisasiotik abiatu da "Izerdialdi" bezalako pieza iradokitzaileak idazteko. Informazio gehiago: www.luckykitchen.com

Azken Garrasia metal gipuzkoarra

Azken Garrasia metalzale donostiarrek "Sorgin Zorrotz" izeneko lehen grabazioa argitaratu dute Logroñoko DYE Records zigiluarekin. Banaketaz, ordea, Zabaltzen euskal konpainia arduratuko da. Metal klasikoa egiten dute gipuzkoar hauek, eta jada hainbat diskotan sartu dituzte haien kantuak: Austriako Gladiators of Metal, Donostiako Atabal tabernak atera duen konpakto batean, eta laster Herriko Burdina irrati saioak argitaratuko duen bilduman, besteak beste.

Euskal Herrian heavy soinuek arrakasta handia duten arren, oraingoan Azken Garrasiak-ekoek Errioxa aldera jo behar izan dute, euren estreinako diskoa argitaratzeko. Heavy legioak pozik izango dira.

Dj Mau diskojartzailea

Dj Mau disko jartzaileak "Sólo quiero ser tu amig@" diskoa karrikaratu du Hondarribiko Psilocybina musika talde elkartearekin. Hondarribiar honek zortzi urte daramatza musika munduan. Bere ibilbidean dantza, antzerkia, bideo-proiekzioak, ordenagailuekin eginiko musika, eta musika tresna tradizionalak uztartu ditu.

Diskoan frantsesez abesten duten emakumezko ahotsak entzun daitezke, eta hitzak amodioaren inguruan idatzi ditu. Grabazioan hainbat lagunek esku hartu dute, tartean, Pinball taldeko Idoiak. Diskoa musikariak berak ekoitzi du: "Gaur egun, disko bat horrela egitea posible da, eta gainera, askoz merkeagoa da".
Kantuok zuzenean aurkezteko asmoa ere badauka; ordenagailuarekin batera, bateria jotzailea, ahotsa, baxua, gitarra eta klarinetea izango direla iragarri du disko jartzaileak.

Plan B donostiarrak

Plan B punk rock hirukote donostiarrak ere bere kasa argitaratu du estreinako lana: "Hasieratik, argi genuen horrela egin behar genuela, eta ez dugu diskoetxerik bilatu. Zigilu batekin argitaratzea ondo legoke, baina ez edozein baldintzatan", dio Iñigo Munduate gitarrajole eta ahotsak. Barley Juice taldean aritutako bi lagun ari dira Plan B taldean, eta oraingoan ere MCD, Ramones, Commando 9mm, Dead Kennedys edo Undertones bezalako punk klasikoari keinu egin diote. Diskoan jaso dituzten lau kantuak Jorge Reboredo musikariak grabatu ditu Oreretako 77 estudioetan. "Disko honen helburua taldea aurkeztea da", nabarmendu du Munduk. Durangoko Azokari dagokionez, Euskal kulturaren zati bat besterik ez duela islatzen uste du.

Norton bakarlari

Norton Klub izenaren atzean EH Sukarra taldeko Mikel Gorosabelen bakarkako egitasmoa dago. Norton-ek Barne Records zigilua sortu du, David Otaegirekin batera. Diskoetxearen lehen erreferentziak "Lagun Artean" izenburua dauka; Norton Klub-en estreinua, alegia.

Bertan, bost rock kantu aurki daitezke, baina melodiak baztertu barik. Hala, elektronika eta pop-arrastoak ere antzeman daitezke. Kantuek hiri kutsua ere badaukate; izan ere, musikaria Bartzelonan bizi izan da denbora luzez, eta diskoa ere Katalunian grabatu zuen. Hitzak Gorosabelek idatzi ditu, ohi bezala, Asier Serranoren laguntzarekin.