Ezkutukoa lehen planora

Ezkutukoa lehen planora https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ezkutukoa-lehen-planora/@@download/image/2011333892prost_1361532672.jpg
2011/03/04
erreportajea
Testua: Igone Fernandez
Iheskorra da. badakigu hor dagoela, baina ikusezina da. Bere kontura aberasten dira asko, baina gutxik begiratzen diote aurrez aurre. 

Prostituzioaren gaineko erradiografia zehatza egitea kasik ezinezkoa da, estalitako jarduera batez ari garelako, estalitako ekonomiaz, estalitako harreman sexual eta humanoez, estalitako baldintzez eta estalitako eskubideez. Lantzean behin elkarte eta erakundeek datuz jositako txosten eta memoriak argitaratzen dituzten arren, lehen pertsonako testigantzetatik abiatzea da zintzoena. Horregatik jo dugu Asier Lekuonarengana, hamar urte pasatxo daramatzalako sexu langileekin harreman zuzenean. Acasgi hiesaren aurkako gipuzkoako taldeko kide da eta, hain justu, transmisio sexualeko gaitzak saihestearen aldeko lanak eraman du oiartzuarra prostituzioan dihardutenen errealitatea gertutik ezagutzera; prebentziorako materiala ez ezik, hepatitisaren aurkako txertoak lortzeko edota HIESaren proba (Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromearen proba) egin ahal izateko zita mediko anonimoak errazten baitizkie sexu langileei. Eurekin bakarrik ez, Euskal Herri osoan bera bezala aritzen diren gizarte langileekin eta elkarteekin ere badu hartueman estua. Urtetako esperientzia eta konfiantza bermea dira honetan.

Argazki orokorra

Gurean, bi estatutako arauek baldintzatzen dute prostituzioa, jarduna. Hego Euskal Herrian, Espainiako moldea aplikatzen da eta, beraz, egoera alegalean da. Alegia, proxenetismoa bakarrik zigortzen da; beste pertsona bat prostituitzera behartzearekin dirua irabaztea da penatuta dagoen ekintza bakarra. Bestela, librea da. Ipar Euskal Herrian, aldiz, honetan dabiltzanek jazarpen handiagoa jasaten dute. Edozein kasutan, 80.000 euro inguru mugitzen ditu egunero Euskal Herrian.

Honetan diharduten pertsona guztien egoerak ez dira, inondik inora, berberak. Dena dela, Lekuonak adierazi digunez, Euskal Herrian oraingoz ez da sexu trafikatzaile edo mafiarik identifikatu eta, beraz, gurean jarduten diren sexu langileak beren borondatez aritzen dira; baldintza hobeagotan edo kaxkarragotan, baina beren borondatez. Batzuek kalean egiten dute lan, euren kabuz, prezioak eurek finkatuta eta zerbitzu bakoitzeko %100a poltsikoratuta. Beste batzuk klubetan aritzen dira. Lokal hauek pentsio modura funtzionatzen dute zeinetan sexu langileek, batez beste, 60 eurotan ordaintzen duten gaua eta mantenu osoa. Normalean, hiru edo lau lagunen artean alokatzen dute logela bakoitza eta nor libre da eskaintzen duen zerbitzuari prezioa jartzeko. Pisuetan lan egitea da hirugarren aukera, baina honetan badira aldaera zenbait. Erabat bujabe izan nahi dutenek pisu bat alokatzen dute bezeroekin bertan elkartzeko; irabazien %100 eskuratzen dute baina alokairu kontratua euren izenean sinatu behar dute eta, gainera, pisuaren jabeak egia osoa jakinez gero, dezente garestitu daiteke alokairu kuota. Badira pisu osoa alokatu ordez nahiago dutenak logelaren truke bakarrik ordaindu, lan egin ahal izateko ohea ordaintzea, alegia: 150 edo 200 euro aste bakoitzeko, batez beste; hortik aurrerako irabaziak, eurentzat. Azkenik, badira, baita ere, %50eko sistema darabilten pisuak. Hauetan, partikular batek ordaintzen du alokairu osoa, baina bertan diharduten sexu langileek zerbitzu bakoitzeko irabazten dutenaren %50a eman behar diote. Prezioak, gainera, partikularrak berak finkatzen ditu.

Telebistan eta gainerako hedabideetan maiz entzuten dugu standing altuko prostituzioaz. Galdetuta, Lekuonak ezetz dio, Euskal Herrian ez dagoela halakorik. Nolanahi ere, egia da klub eta etxe batzuetan prezioak altuxeagoak izaten direla batez ere langileak neska gazteak badira. Scort da askotan entzuten dugun beste termino bat, konpainiako pertsonari erreferentzia egiten diona. Ba, antza denez, gurean diharduten sexu-langileen artean ez dago zerbitzu hori bakarrik eskaintzen duenik, baina aldiz, den-denak daude prest sexu hutsa eskaintzeaz haratago bezeroari afariren batera edo beste hitzorduren batera laguntzeko.  

Seguru aski jazarpena handiagoa delako, mugatik iparralderako euskal lurraldean aktibitatea oso urria da, are eskasagoa nekazal inguruetan. Hendaia aldean egin izan dute saiakerarik pisuren bat finkatzeko baina, oraingoz behintzat, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako bezero gehienek Behobia eta Irun aldera jotzen dute; edo Frantziako hiri handietara eta bidean topatzen dituzten klub argiztatuetara.

Etxe gehienak Irun, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñean pilatzen diren arren, klubak askoz sakabanatuago daude lurralde osoan, errepide nazionalen alboetan eta, bereziki, Madrilerako eta Logroñorako bidean. Kaleko prostituzioa –Bilbon, Gasteizen, Iruñan– oso urria da.

Bezeroak

Kalkulu orokorren arabera, egunero-egunero, klub eta pisu bakoitzera bost bat bezerok jotzen dute, eta, hortaz, batez beste, Euskal Herri osoan 1.600 bezero mugitzen dira egunero. Kalean zer dagoen neurtzea askoz zailagoa da.
Hala ere, krisiak dezente murriztu du kopurua eta hauek prostituziora bideratzen duten diru kantitatea. Izan ere, bikotedun bezeroen kasuan bederen, aparteko orduengatik kobratutako dirua edo, nolabait esatearren, etxean aurkeztu beharreko nomina horretatik kanpoko sarrerak erabiltzen dira, normalean, halako zerbitzuak ordaintzeko. Ba, hain justu, diru sarrera horiek desagerrarazi ditu krisiak. Eta hori falta denean…

Emakume ez transexualen zerbitzuak bilatzen dituzten bezeroak gizonezkoak izaten dira ia %100ean, nahiz eta adinari dagokionez aniztasuna erabatekoa izan: 18 urtetik hasita 80 urte arte. Ezkondutakoek pisuetara jo ohi dute diskrezio bila eta gainera egunez, ez omen delako hain susmagarria. Goizeko etenaldia edo bazkaltzeko tartea probesten dute lantokitik irten eta telefono deia egiteko. Hauetan eskaintzen den giroa lasaiagoa da, bezeroa pisura heldu eta ikusten duena gustuko badu, aurrera egingo du. Klubetan, ordea, gauez egiten dute lan gehiago, eta frogatua dago bezeroek bizilekutik urruneko lokaletara jotzen dutela beti. Hauetan, sexu langileek erakarri eta irabazi behar izaten dituzte bezeroak; badago lehia antzeko bat. Behin bere eginda, goiko logelara igoko dira.

Gizonezkoen eta emakume transexualen zerbitzuak ordaintzen dituzten bezeroak ere gizonezkoak izaten dira neurri handi batean, baina askoz ere helduagoak. Orain arte euren sexualitatea askatasunez bizitzeko aukerarik izan ez eta gaur egun ere giro homosexualeko tabernetan eroso sentitzen ez direnak.

Gustuak gustu, hau ez da bizio merkea: 30 euro inguru 15 edo 20 minutuko gutxieneko zerbitzu baten truke. Batzuek sekulako dirutzak xahutzen dituzte, beste batzuek hilean 30 euro gordetzen dituzte 'kapritxorako'. Enpresari aberatsak eta soldatapeko mileuristak.

Sexu langileak

Gutxi gora behera, 2.700 sexu langilek dihardute gaur egun Euskal Herrian. %95 emakumeak dira (hauen %5 transexualak) eta beste %5 gizonezkoak. Gizonek eta emakume transexualek, gainera, kalean edo pisuetan soilik egiten dute lan, klubetan ez. Hona lanera etortzen diren gehien-gehienak, tradizioz, latinoamerikarrak izaten dira, nahiz eta azken bi urteetan nabari emendatu den Errumaniatik, Errusiatik eta, oro har, ekialdeko herrialdeetatik datozenen kopurua. Txinatar bakan batzuk jarduten dira pisutan eta afrikarrak ere –nigeriarrak gehienak– ez dira asko. Azken hauek, gainera, jamaikarrak direla esan ohi dute, afrikarra izatea ez omen delako oso ezaugarri preziatua bezeroen artean. Euskal herritarrak oso gutxi dira eta nahiago dute atzerrira jo.

Adinari dagokionean, zaila da zenbakiak ematen ausartzea, denetarik baitago, 18 urtetik hasi eta 65 arte. Baina egia da batez ere klub handietan eskaintza gazte samarra mantentzeko saiakera egiten dutela eta, horregatik, hauetan 20 edo 30 urte izaten da batez besteko adina. Klub txikietan eta pisuetan, aldiz, helduagoak ere aritzen dira. Aipagarria da, bestalde, ekialdetik iristen ari diren neskak bereziki gazteak direla.

Nolanahi ere, oro har, azken urteetan jaitsi egin da euskal lurraldean diharduten sexu langileen kopurua, askok kanpora jo baitute –Italiara, Suitzara…– bezero bila. Gutxitu egin da, aldi berean, hilero batez beste irabazten duten diru kopurua. Pentsa, orain dela urte batzuk 25.000 euro ere bildu zitzakeen bakar batek hilabete batean. Orain, asko jota, 8.000 edo 9.000 eurora hel daiteke. Hala ere, %96en hileroko irabaziek gainditzen dute 1.200 euroko soldata arrunt bat.

Gizon eta emakume hauen profil sozialari erreparatuz gero, aldaerak aldaera, patroi edo eredu jakin bat nagusitzen dela ikusiko dugu. Gehien-gehienak ikasketa-maila baxukoak izaten dira –ezaugarri hau are markatuagoa da Errumania ingurutik datozenengan–, eta gainontzeko etorkin gehienak bezalaxe, egoera ekonomiko latz batetik atera nahian heltzen dira gurera. Ez dira gutxi seme-alabak jatorrizko herrietan uzten dituztenak, senitartekoen zaintzapean. Azken hauei hilero-hilero bidaltzen diete dirua lokutorio edo mintzategien bidez, nahiz eta haiek ez dakiten zein den honen benetako iturria. Edo ez dute jakin nahi.

Lan baldintzak

Oraingoz behintzat, gure lurraldean ez dute identifikatu proxenetismo kasurik, ezta ere lokal edo etxerik zeinetan sexu langileek pasaportea erretiratuta eta eskubide oro ukatuta diharduten. Hori bai, %50eko sistema darabilten pisu askok esplotazio kasuen antza handia hartzen dute. Batzuetan, ia-ia 24 orduz egiten dute lan, aisialdirako bi ordu eskaseko baimena besterik ez dute izaten eta, beraz, apenas ateratzen dira kalera haize hartzera. Ordutegiak zeharo nahasita ibiltzen dira langileak, atseden hartzeko ez baitute ganorazko baldintzarik edukitzen: literaz jositako logela bakar batean pilatzen dira denak, gainerako gelak lanerako gordetzen baitituzte. Zenbaitetan, hilabete oso bat igarotzen dute egoera honetan, beste etxe edo herri batera mugitu arte. Hala eta guztiz ere, bada boladaka hala lan egitea nahiago duenik; ardura guztiak gainetik kenduta partikularrari %50a ordaindu eta hura arduratuko baita alokairuaz, iragarkiak jartzeaz...

Osasunari dagokionez, batez ere Bilbo eta Iruñea aldeko kaleko prostituzioan ibiltzen direnen artean, bada droga menpekotasunari eta, oro har, bazterkeria sozialari loturiko kasurik. Baina bestela, datu estatistikoek adierazten dutenez, sexu bidezko transmisioko gaitzei dagokion kutsatze tasa baxu-baxua da, ia nulua. Horrek esan nahi du, bezero askok preserbatiborik gabeko harremanak eskatu arren, langileak honen erabilerarekin oso kontzientziatuta daudela eta guztiz barneratua dutela kondoirik gabe ez dagoela zerbitzurik. Jokabide hau, hargatik, ez dute hain barneratuta beren bizitza pribatuko harremanez ari bagara. Lan esparrutik kanpo, euren jatorrizko herrialdeetako ereduak errepikatzen dituzte eta hauetatik eratortzen dira gaitz eta ustekabeko haurdunaldi gehienak.

Kutsatze kasuak pittin bat ugariagoak dira, ordea, gizon eta transexualengan. Batetik, haurdunaldiaren mamua ez dutelako, baina, batez ere, koito analean transmisio arriskua askoz handiagoa delako. Transexualek, bestalde, xiringa ugari erabili izan dituzte inolako kontrolik eta babesik gabe hormonak injektatu ahal izateko edo silikona inplanteak egiteko.

Aterabideak

Dirua. Horixe da Euskal Herrian prostituzioan dabiltzanek argudiatzen dutena; behar ekonomikoa. Galdetuz gero, ia denek diote hau utziko luketela beste lan baterako aukera edukiz gero. Finkatutako helburuak burutu eta gogoan duten diru kopurua bildu ostean lan merkatu normalizatura itzultzeko asmoarekin hasten dira, baina benetako abagunea aurkeztuta, ez dira hainbeste honetatik ateratzeko urratsa egiten dutenak. Acasgi moduko elkarteek egiaztatu ahal izan duten errealitatea da hau. Izan ere, lehenengo bi hilabetetako 'froga' pasatuta, hasierako beldurraren, lotsaren, ahalkearen muga gurutzatuta, erraza sekula izango ez den arren, egokia eta naturala iruditu dakieke beren kabuz lan egin eta halako kopuruak poltsikoratu ahal izatea. Muga gurutzatuta, oso gutxik uzten dute eta, utzita ere, askok betirako izaten dute bada ezpadako lotura hori, garai zailak helduz gero, ustekabe ekonomikoren bat edukiz gero, agenda atera eta bat-batean dirua eskura eduki ahal izateko. Tentazio hori moztea oso zaila izaten da.

Diruak menpekotasun handiak sortzen baititu. Seme-alabei ikasketak ordaindu ahal izateko has daitezke, baina gero, zergatik ez diete ba etxebizitza duina erosiko? Eta autoa? Gainera, sexu langileek egunean egunekoa irabazi eta etxeko txokoren batean gordetzen dute, eta halaxe bizita, aurrezte kontzeptua barneratuta izan gabe, askoz erragazoa da gastatzea. Baina demagun batek ateratzeko konbentzimendua duela eta ez dagoela horretan atzera bueltarik. Zein litzateke, orduan, lan merkatu normalizatura bueltatzeko aukera? Ba, berdintasunean lehiatuko litzateke perfil beretsuko gainerako pertsonekin. Hau da, oso zaila edukiko luke paperik gabeko etorkina delako, emakume delako eta pobrea delako; ez hainbeste prostituzioan ibili izan delako, hau ez baita jardun publikoa.

Erregularizazioaz



Asier Lekuona, ACASGI-ko kidea
"Eztabaida horrek ezin du izan bitartean baldintzak ez hobetzeko aitzakia. Instituzioek auzia ezkutatzeko joera dute; berdin zaie zenbat jende eta nola dabilen honetan, baina ez dadila ikusi. Hirietako araudiak langile hauen eskubideak murriztera bideratzen dira beti. Hipokrisia galanta da. Egunkariak, taxistak, telefonia enpresak... denak aberasten dira negozio honen kontura, baina gehienek prostituzioa errefusatzen dutela esango dute jendaurrean"

Erregularizazioaz



Cristina Garaizabal, Psikologo feminista
"Ezinbestekoa da prostituzioa jarduera ekonomiko zilegi gisa aitortzea, alegalitateak arnas ematen baitie mafiei, klandestinitateari, prekarietateari eta bazterkeriari. Hala ere, edozein legalizaziok ez du balio; soil-soilik langileen eskubideak lehen planora ekarriko dituena izango da baliogarria. Utziko luketela diote gehinek, noski, zaila zaielako hain estigmatizatua eta gaizki ikusia dagoen hautu horri eutsi eta berrestea. Modu abstraktuan erantzuten dute, estigmaren presioak eta lan egoera kaxkarrek baldintzatuta".    

Andrea: “Zoriontasun iturri izan naiteke”



Euren larrutan bizi dutenek baino ez dakite egia osoa. Andreak Euskal Herrian egiten du lan. Bere benetako izena ez da kontaktu iragarkietan ageri dena, ezta benetako adina eta jatorria ere, baina nahiago du 36 urteko kubatarraz hitz egin.

Urtean behin gurutzatzen du ozeanoa familiarekin biltzeko. Aurki itzuliko da beste behin, biloba ezagutu eta bataiatzeko. Kostata onartu du kazetari bat logelan, bere lantokian, baina hasierako hoztasuna gaindituta berehala oparitu dit konfiantza. Txukun-txukun du dena. Maindire gorriak, eta preserbatiboak, gel lubrifikatzailea eta intsentsua mahaitxoan. Justu ohe aurrean duen sofa zuri batean eseri gara eta galdezka hasi natzaio, grabagailuari mesfidantzaz begiratzen dion bitartean.

Erantzuna galdera baino konplexuagoa izango da: zergatik prostituzioa?Hasteko, badago faktore ekonomiko bat: soldata arrunt batek ematen duena baino askoz gehiago irabazten dut. Dirua banatu egiten dut, senideei %30 bidaltzen diet eta bestea niretzat gordetzen dut, gustatzen zait orain daukadan bizitza maila. Zerbitzaria, garbitzailea edo zaintzailea izanez gero ezingo nuke horrela bizi. Nire izaera ere... oso irekia naiz, eta batez ere ez zait gustatzen nagusi baten esanetara lan egitea, askotan errespeturik gabe. Honetan nire kabuz nabil.

Zure jendeak ba al daki?
Ez. Badakite hemen lanean nagoela, baina momentuz ez dut beharrik ikusi azalpen gehiago emateko.  Egunen batean egia airatuko balitz, aurpegia emango nuke dudarik gabe. Ondorioak nire gain hartzen ditut.

Noiz eta nolatan hasi zinen honetan?
Duela bost urte, hona etorri nintzenean. Heldua nintzen, ez nuen uste honetarako adin egokia nuenik baina, antza, merkatuan badago eskaera.

Nola gogoratzen duzu lehenengo esperientzia hura? Sentsazioak...
Ai... lehenengo aldia ez da sekula ahazten. Zailena da. Pentsa, hogeita hamapiko urte nituen, bi seme-alaba eta, ustez, esperientzia sexual luze eta zabala. Baina ez. Pertsona berria da zuretzat, ez duzu ezagutzen eta beldurrak irensten zaitu: "Zer egingo dit? Eta zer egingo diot nik berari? Prezio bat ordaindu du eta nik zerbitzua eman behar diot trukean". Urduritasuna hor dago, baina noski, lanpostu guztietan bezalaxe, gauza hobetuz doa gero...

Eta zer gertatu zen zure baitan?
Hasieran oso gaizki sentitu nintzen. Bat-batean, amak, familiak eta Elizak irakatsitako printzipio moral guztiak etorri zitzaizkidan gainera. Baina gero txipa aldatu nuen –barrez–, eta orain naturaltasun osoz egiten dut. Jendea arreta bila etortzen zait, norbaitek entzuteko beharra dute. Zentzu horretan, laguntzen diedan neurrian, zorionekoa naizela uste dut; hala bizi dut behintzat.

Hortaz, eskaera sexuaz haratago doa.
Bai. Entzutea, besarkatzea, kontsolatzea... Askotan, hots egiten didatenean, ez pentsa hitzordua eskatzeko egiten dutenik. Besterik gabe, barruan dutena askatu nahi izaten dute telefonoz, nik nire denbora beraiei eskaintzea.

Horrek ba al du preziorik?
Bai. Bere zoriontasunaren parte, iturri izan naiteke.

Inoiz egin al diozu uko eskaeraren bati?
Bai, errespetua ezinbestekoa da. Hitz zakarrekin eta irainekin datorrena ez dut onartzen, zikinegi datorrena ere ez, eta haundinahikeriaz "Zu nire puta zara" eta antzekoak esanez datorrena ere ez.

Nolakoa da lan egun bat zuretzat?
Zortziak aldera jaikitzen naiz. Dutxatu, gosaldu, etxea eta nire gauzak jaso, eta pisura etortzen naiz lanera. Normalean, 12:00tan hasten dira bisitak, 20:00ak arte. Ondoren, nire etxera itzultzen naiz. Nik neuk antolatzen dut nire ordutegia.

%50eko pisuetan dihardutenak baino hobeto...
Dudarik gabe. Ni ere hala hasi nintzen, baina ez zitzaidan batere gustatu. Alokairua ordaintzen zuen pertsonak agintzen zuen nire gainetik, 24 ordutik bi besterik ez nituen niretzako, eta lan egiten nuen ohe berean egin behar nuen lo. Nazkagarria zen.

Zenbat bezero izaten dituzu egunean?
Batzuetan bat, bestetan bost edo sei, bat ere ez...

Zenbat diruz ari gara?
Beno, orain tarifak jaitsi ditugu pixka bat. Zerbitzu bat, 50 euro. Bi zerbitzu ordubete baino gutxiagoan, 100 euro. Gehienak ordu erdirako etortzen dira.

Nola bereiztu lan esparruko harreman sexualak eta bizitza intimokoak? Beno –barrez–... nik, iragarkietan, zerbitzu lasaiak eta presarik gabeak ere eskaintzen ditut, baina gero beti nabil erlojuarekin adi. Denbora mugatua da, ordaindu duenaren araberakoa. Eta, gainera, ez diet uzten gauzak nahasten. Zerbitzua bukatuta kafe bat hartzera joatearena eta abar... ez. Nire bikotearekin nagoenean, ordea, nahi duguna egiten dugu nahi dugunean eta nahi dugun arte. Askatasun osoz mugitzen gara etxean eta kalean.

Baduzu bikoterik?
Bai, frantsesa da, bezero ohia. Zorte handia dut mentalitate irekiko gizona delako, eta oso ausarta. Edozein momentutan bezero batekin gurutzatu naitekela jakinda ere, gure bizitza hemen egiten dugu. Inoiz hitz egin dugu uzteaz eta abar, baina berak badaki oraingoz behintzat ez dela posible.

Inoiz lausotzen al dira mugak bezeroekin?
Beno... ordu erdiko momentu hori sentitzeaz ari bazara... emakume guztiak gaude pasta berberaz eginak! Datorren mutila garbia, atsegina bada... gauza badoa! –barrez–.

Zer moduzkoa da Euskal Herrian lan egitea?
Gustura nago. Hemengo gizonak, oro har, edukazio onekoak dira, adeitsuak eta formalak. Gainera, beste leku askotan baino prezio altuagoak kobratu ditzakegu oraindik. Andaluzian, adibidez, 20 eurotan dago zerbitzua.

Uzteko asmoa duzu?
Bai. Nire lan estiloa aldatu behar dudalako. Gainera, etorritakoan finkatutako helburua lortzekotan naiz eta... gutxi falta da.

Nire lekuan egotea gustatuko litzaizuke, adibidez? Unibertsitate ikasketak ditut eta 1.000 euro inguru  irabazten dut hilean.
Mm... zure lekuan ez –barrez–... baina bai, adibidez, salmahai baten atzean. Nire negozioa eduki nahiko nuke, asko gustatzen zait jendearekin lan egitea.

Ze iritzi duzu prostituzioaren legalizazioaren inguruan?
Legalizazioak eskubideak dakartza, kontratuak, nomina bat duen edozein langilek edo langile autonomoek dituzten aukera berberak. Gainera, mafiak moztuko lituzke. Zenbait neskaren historiak ezagutu ditut eta benetan lazgarriak dira. Bestalde, "hemen gaude" esateko modu bat litzateke, gizartearen parte gara eta gizarteak aintzat hartu behar gaitu.

Zein da ba, gizartearen, gure jarrera?
Guk, nolabait, ofizina ordutegia egiten dugunez eta diskrezioa asko zaintzen dugunez, arazo gutxi izaten dugu bizilagunekin. Baina begiradak beti daude hor, gizarteak ez gaitu onartzen. Dena dela, ez diot nire buruari horregatik hondoratzen uzten.