Ezkutuko Amerika agerian

Ezkutuko Amerika agerian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ezkutuko-amerika-agerian/@@download/image/90p46-5kinsey5.jpg
2008/11/07
erreportajea
Nerea sancho psikologoa eta Sexologoa.
60 urte bete dira Alfred C. Kinseyk "Sexual Behavior in the Human male" izeneko ikerketa kaleratu zuenetik. Ikerketa hura best seller handia bihurtu zen berehala, eta eskandalu latza eragin zuen estatubatuarren ezkutuko joera sexualak azaleratu zituelako. 

Alfred C. Kinseyk AEBetako zurien jokabide erotikoak ezagutzeko ikerketa egin zuen. Berak eta bere kolaboratzaileek datu estadistikoak eskaini zizkioten AEBetako eta Europako gizarteei, 18.000 laguni egindako elkarrizketetan ateratako ondorioak oinarri hartuta.  

Kinsey sexologo gisa da ezaguna, baina bere lanari heldu aurretik, biologoa zen, taxonomian aditua (espezieak sailkatzen dituen zientziaren adarra). Kinseyk liztor motak topatu, aztertu eta sailkatzen zituen, eta badira berak aurkitu eta bere izena daramaten liztor espezieak. Kinsseyk liztorrak ikertzeko zuen jarrera zientifiko eta sistematiko hori baliatu zuen giza sexualitatearen ikerkuntzaren garapenerako. Ondorioz, AEBetako gizartean topatu zituen sexu jokabide ugariak epaitu gabe, hauek ulertzen eta sailkatzen saiatu zen; eta argi eta garbi mintzatu zen jokabide horiei buruz, egindako aurkikuntzak plazaratu zituen.
Hala, Kinseyk eta bere laguntzaileek AEBetako haur, gazte, heldu eta zaharren jokabide erotikoak ikertu eta kuantifikatu zituzten, eta horietako asko, erabat isilpekoak edota ezezagunak ziren ordura arte: masturbazioa, sexu berekoen arteko harremanak, felazioak, animaliekin harremanak, cunnilingusak, orgiak, bikote ofizialetik kanpokoak, haurren arteko harremanak, sadomasokismoa…
Kinseyk frogatu zuen masturbazioa populazioaren gehiengoaren kontua zela, eta ez zela burutik jotakoen joera. Bestalde, orgasmoak nork-nola-norekin zituen ikertu zuen, eta emakumeen kasuan, klitoriaren eta masturbazioaren funtzioa ezagutzera eman zituen. Bestalde, sexu bereko pertsonen artean harremanak oso ugariak zirela erakutsi zuen. Denbora gutxian, Kinseyk Amerika garbiaren ohitura eta aukera erotikoak azaleratu zituen: Amerika garbiak ezkutuko aurpegia zuen.

Kinseyren ikerketak gatazka handiak eragin zituen bere garaian, baina oso onuragarria izan zen. Gizonen %40ak bizitzan, inoiz edo behin, joera homosexualak zituela ondorioztatu zen. Horregatik epaitzeak ba al zuen, ba al du, zentzurik? Bestalde, jaiotzatik hilabete batzuk pasatuta, haurrek euren burua masturbatu eta orgasmoak izan ditzaketela frogatu zuen, bai neskek bai mutilek.

Hortaz, zentzurik bazuen, badu, umeen sexualitatea ukatzeak? Emakumeen kasuan, masturbazioa zen orgasmoa lortzeko biderik errazena; orduan, zergatik espero zen, eta gaur egun ere, zergatik espero da hainbeste sarketaz?
Kinseyren ikerketari esker, gaur egun gehiago dakigu sexualitateari buruz. Egun naturalago hitz egiten da sexuaz, eta joera gehiago onartzen dira.  Jendearen ongizatea izan zen Kinseyren helburua.

Sexesaldia


Woody Allen-ek esana: “bizitzan bi gauza garrantzitsu daude; bata sexua da, eta bestea ez dut gogoratzen”.

Sexideia



Konpainian:
-Bera zure aurrean masturbatu dadila, eta ikusi zer gustatzen zaion.
-Bestea laztandu ezazu eta muxu eman, baina denbora luzez bere genitalak ukitu gabe. Zain egon zaitez berak eskatu arte, eta orduan ere, itxaronarazi.

Sexkubidea


Sexu hezkuntza egokia jasotzeko eskubidea: prozesu hau bizitza osoan emango da, jaiotzatik hasita, eta erakunde soziosanitario orok parte hartu behar luke.

Sexeguna


-Azaroak 25: Emakumearen kontrako bortizkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna.
-Abenduak 1: Hiesaren aurkako eguna.