Ezetz egin!

Ezetz egin! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ezetz-egin/@@download/image/15p20-2.jpg
2002/01/04
erreportajea
GAZTEZULOk erronka jo nahi dizu. Ezetz 2010ean hamabi tokiotan sexua egin! Urte berrian sexua ere biziberritu beharra dago, ezta? Urtebete barru hau dena egin baduzu, idatz iezaguzu mesedez eta elkarrizketa egingo dizugu. 

Urtarrila
Guggenheim Museoan
Urte berriari ondo ekiteko, Hego Euskal Herriaren ikur nagusia bihurtu omen den ditxosozko Guggenheim Museoa proposatuko dizugu. Morbo gehiago izateko, igogailuan egin dezakezu. Norekin egin ez baduzu, galdeiozu Popi zakurrari, negu gordinean ere bero-bero ibiltzen da eta. Japoniarren argazkietan ateratzea lortuko al duzu?

Otsaila

Mauleko gazteluan
Maskaradatik bueltan, Mauleko gaztelua txorta leku aproposa izan daiteke. Sexu jolasetan ere hitz egin behar da (sexologoek, behintzat, halaxe diote), eta hemen mintzagai ezin interesgarriagoak izan ditzakezu, Matalaz apaiz matxionaren istorioa, kasu. Bereziki gomendagarria Historia ikasleentzat. 

Martxoa

Bardeetan
Abertzale peto-petoa zaitugunez gero, Aberri Egunean ejerzitoak Bardeetatik alde egin dezan eska dezakezu, larru jotze saio bikain batekin. Misilek, hala ere, zuloak maite dituzte; argi ibili, beraz.

Apirila

Langraizko espetxe aurrean
Aldarrikapena egiteko beste toki bat, arriskutsua baina erosoa, era berean. Izan ere, atxilotuz gero, kartzelarako bidea oso laburra da.

Maiatza

Anoeta estadioko markagailu gainean
Azken urteotan Anoeta estadioko markagailua hotzak egon da. Aurten ere lehengo lepotik burua omen dabil. Beraz, maiatza aldean, liga bukatzear dagoela, zertxobait berotuko al duzu, Reala Bigarren Mailara jaitsi ez dadin?

Ekaina

Zugarramurdiko haitzuloetan
Herri honetan askotxo dakigu sorgin ehizaz. Egia esan, ez da beharrezkoa historian atzera egitea adibide batzuk lortzeko. Sanjuanetan haietako asko Zugarramardin elkartu ohi dira. Sorginak, dena den, trebeak dira sexu kontuetan eta hamaika formula kitzikagarri ezagutzen dituzte. Gora euskal viagra! 

Uztaila

Larrun mendiko trenean
Autoan txortan egitea ez da erosoa: toki gutxi dago, esku balaztak ere festatxoan parte hartu nahi omen du… Beraz, beste garraiobide bat aukeratu behar da. Trena proposatuko dizugu eta zehatz mehatz, Euskal Herriko tren erromantiko eta liluragarrienetako bat: Larrun mendikoa, Lapurdin. Trena martxan dagoela egitea komeni da, gainera, mugimenduak sexu jolasaren erritmoa lagun
dezan.

Abuztua

Portugaleteko Zubi Esekian
Bilboko Aste Nagusian gau pasa egin eta laguna bilatu ondoren, Bizkaiko zubirik dotoreenera jo dezakezu. Egun horretan estropadaren bat izanez gero, gainera, ikuskizun ederra gozatu ahal izango duzue: gorputz gihartsuak izerdi patsetan…

Iraila

Ernion
Gipuzkoako mendian arrakasta handiko erromeria izaten da iraileko igandeetan. Ez da sexua egiteko leku zaila eta beraz, guk erronka zailago jarriko dizugu: egingo al duzu arin-arina dantzatzen duzun bitartean?

Urria

Opuseko Iruñeko unibertsitatean
Escriva de Balaguerren erresuma. Bromuro biltegirik handiena. Dutxa hotzen eta ebakitako platano jaleen hiriburu sakratua. Gona luzeen munduko pasabiderik luzeena. Ez dago zalantzarik: Opuseko unibertsitatea sexu joera likitsenei bide emateko tokirik onena da. Erne ibili, Ben Laden bertan aterpetu dela zurrumurrua dabil eta.

Azaroa

Erriberriko gazteluan
Nafarroatik bertatik atera gabe, Iruñetik Erriberrira jo dezakezu azaroan. Hango gaztelu-jauregian Nafarroako errege Karlos III.a (1361-1425) bizi izan zen. Ba al dakizu zein goitizen zuen Karlos III.ak? "Prestua". Auskalo zergatik deitzen zioten horrela… baina prestua izango al zara zu bere gazteluko sexu jolasetan?

Abendua

Durangoko Azokan
Eman ezazu bueltatxo bat azokan barrena. Itxura egitearren, liburu mardul, sakon eta burutsuak gainbegiratu ondoren, jo ezazu benetan gustukoak dituzun postuetara: Putz, Ostiela… GAZTETXULO. Sexuari buruz ikasi beharrekoa ikasi ondoren, helmugarako bidea har ezazu: azokako komuna. Berdin du bakarrik edo lagunduta ote zauden: kontuan har ezazu jendea zain duzula. Beraz, lehenbailehen amaitu!