Ezagutzen al duzu Ozeano Barean dagoen plastikozko kontinentea?

Ozeano Barearen iparraldean dagoen zabor multzo edo plastikozko uharteari "zazpigarren kontinentea" ere deitzen diote. 1.6 milioi kilometro karratu ditu, Espainiako estatuaren tamainaren hirukoitza gutxi gorabehera.
The Ocen Cleanup erakundeak egindako ikerketen arabera, bertan dagoen zaborraren % 99.9 plastikoa da. Arrantzarako sareek osatzen dute zabor multzoaren ia erdia, eta plastikozko botilak, tapak, eta poltsak dira % 40. Horiez gain, mikroplastiko industrialak, sokak, eta buiak ere badira.
Ozeanoaren biraketek sortzen dute zaborraren pilaketa. Korronte zirkularrek ur gaineko hondakinak harrapatu eta bildu egiten dituzte, eta iparraldeko biraketek erdialdean metatzen dute plastikoa, korronteak geldoagoak baitira.
Uretan pilatutako zaborrak ondorio kaltegarriak ditu, noski. Elikadura kateak eten ditzake, espezie inbaditzaileak sar ditzake ekosistema kalteberetan, hegaztien eta arrainen migrazio-portaera alda dezake eta, hori gutxi balitz, zenbait espeziek — itsas dortokek, izurdeek eta hegaztiek esaterako — plastikoak janariarekin nahasten dituzte, eta horrek infekzioak, buxadurak eta heriotza ere eragiten die animaliei.