Ezagutzen al duzu haurrari bularra ematen aritu eta maratoia irabazi duen emakumea?

Ezagutzen al duzu haurrari bularra ematen aritu eta maratoia irabazi duen emakumea? Liderrak baina ordu erdi geroago atera eta umeari bularra emateko geldialdiak eginagatik, lehena iristea lortu du kanadiarrak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ezagutzen-al-duzu-haurrari-bularra-ematen-aritu-eta-maratoia-irabazi-duen-emakumea/@@download/image/Pantaila-argazkia 2025-06-03 091820.png
2025/06/04

Testua: Maitane Legarreta

Liderrak baina ordu erdi geroago atera eta umeari bularra emateko geldialdiak eginagatik, lehena iristea lortu du kanadiarrak.
Ezagutzen al duzu haurrari bularra ematen aritu eta maratoia irabazi duen emakumea?

Galeseko Snowdonia ultratrailean parte hartu du Stephanie Case korrikalariak, eta azken egunotan bere lorpenaren berri zabaldu da sareetan. Ehun kilometroko lasterketan parte hartu du haurra jaio eta sei hilabetera, liderrak baino ordu erdi geroago abiatu da, umeari bularra eman dio behin baino gehiagotan, eta hala ere, irabaztea lortu du. 16 ordu, 53 minutu eta 22 segundo behar izan ditu helmugara iristeko.

Casek ez omen zuen balentriarik egiteko asmorik. Hiru urtez lasterketetatik at egon da, ama izateko in vitro tratamenduak eginez eta zenbait abortu ere izan ditu. Maite duen kirolean aritzeko aukera nahi zuen eta izaten duen askatasun sentipenarekin bat egin. 

Korrikalariak Instagramen zabaldutako mezuan adierazi duenez, gertatutakoa "sorpresa" izan da berarentzat.  "Nire helburua gozatzea eta laguntza-postuetan Pepper elikatzea zen. Ehunka korrikalari nituen aurretik, baina nire erritmoan joan nintekeen, nire postua zein zen jakin gabe. Pasatako kilometro bakoitzak gogorarazten zidan azken hiru urteotan ez dudala ezer galdu. Izan ere, ama naizenetik, inoiz baino poz eta indar handiagoa irabazi dut kirol honetan. Pepper txikia laguntza postuetan uzteak bihotza apurtzen bazidan ere, ama korrikalariak zein harrigarriak izan daitezkeen erakutsi nahi nion berari eta nire buruari".

Ama direnentzako edo izateko bidean daudenentzako mezua ere helarazi du: "Ama izateko asmoa baduzu, haurdun bazaude edo ama izan berri bazara, ez izan zeure buruari helburu handiak ipintzeko beldurrik. Ama izan berriek egin behar dutenaren edo egin behar ez dutenaren inguruko iritziak dituzte guztiek, eta ez diete leku handirik uzten ultra bat egiteari eta halako ideiei. Hainbeste denbora igaro beharko al nuke umearengandik urrun? Kaltegarria al da nire gorputzarentzat? Eta nire bularreko esnea zer? Nire entrenatzaileak galdera horiei eta ama korrikalari izateak dakartzan presio sozialei aurre egiten lagundu zidan, baina elkarrekin lan egin behar dugu presioa kentzeko eta laguntza handiagoa emateko".

Aparteko korrikalaria izateaz gain, giza eskubideen inguruko abokatua ere bada, eta Free to Run emakume korrikalarien defentsa-erakundearen sortzailea. Nazioa Batuentzat lan egin izan du, tartean Afghanistanen, Gazan eta Hego Sudanen.