Ezagutu Sormene, Galdakaok euskal kulturari emango dion plaza berria!

Ezagutu Sormene, Galdakaok euskal kulturari emango dion plaza berria! Abenduaren 14tik 20ra, kultur plaza berri batez gozatzeko aukera izango dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ezagutu-sormene-galdakaok-euskal-kulturari-emango-dion-plaza-berria/@@download/image/Captura de pantalla 2020-12-09 a las 09.33.50.png
2020/12/09
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Abenduaren 14tik 20ra, kultur plaza berri batez gozatzeko aukera izango dugu.
Ezagutu Sormene, Galdakaok euskal kulturari emango dion plaza berria!

Ez dira kulturarentzat garai honenak, baina pandemiaren aurrean bide berriak ireki dira; gauzak horrela, Galdakaok Sormene sortu berri du, euskal kulturaren plaza; Torrezabal kultur etxea izango dute plaza fisikoa, eta ekimenak streaming bidez eskainiko dute guztiek gozatu dezaten. 

Abenduaren 14tik 20ra bitarte, antzerkia, musika, dantza, literatura, bertsoak, ilustrazioa; aurkezpenak, tailerrak, solasaldiak, ikuskizunak eta abar handi bat eskainiko dute Sormenen. Askotariko hamaika jarduera bilduko ditu sormenen plaza izango den horretan, oinarri komun batzuekin: kultura, euskara eta emakumea; kultur diziplina ugari bilduko dira aste osoan zehar, euskaraz izango dira guztiak, eta emakume sortzaileenak %80tik gora. Herritar, sortzaile eta kultur zaleen bilgune izango da. Galdakaotik Euskal Herrira jauzi egingo duena, eta Euskal Herritik Galdakaora. Denboran irauteko helburuz jaioa, heltzear da Sormene.

Egitarauari berari dagokionez, 14tik 18ra, astegunez, ikastetxeentzako prestatutako tailerrak izango dira goizetan, hainbat disziplinaren inguruan. Arratsaldez, errezitaldi, antzerki, kontzertu eta bestelako emanaldi irekiak izango dira. Asteburuarekin batera, Durangoko Azokako Ahotsenea helduko da Galdakaora. Liburu eta disko aurkezpen etengabeak izango dira 19 eta 20 larunbat eta igandean, eta baita kontzertu, ipuin kontaketa eta dantza saioa ere.

Zer da Sormene - EGITARAUA PDF-n

Kulturaren sormen arloko egitasmo berritzaileen plaza izateko borondatea dauka Sormenek, Galdakaotik Euskal Herri osoarentzat.

Euskarazko kultur adierazpideak aintzat hartuko ditu: literatura, musika, bertsolaritza, antzerkia, ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak…

Bost helburu nagusi hauek ditu:

  • Sormene plazara gonbidatzea Euskal Herriko kultur proiektu aurrerazaleak.
  • Euskarazko kulturara erakartzea herrialde guztietako euskaldunak.
  • Kulturaren zaleak sortzea eta sustatzea.
  • Sortzaileak izango diren zaleak adoretzea eta trebatzea.
  • Euskal kulturaren transmisioa bermatuko duen espazioa prestatzea.


Sormene 
proiektuaren bereizgarria izango da, emakumezko sortzaile euskaldunen lanak nabarmentzea, gaur egun dagoen hutsunea betetzen laguntzea.

Galdakaoko kultur eragileen elkarlana sustatuko da Sormene plazan. Herritarren kezketara eta eskarietara ondo egokituko dira sorkuntzazko jarduerak.

Euskararen inguruan Galdakaorako proiektu berritzailea eta erakargarria sortzea dugu helburu, eredugarria izan dadin denentzat.

Bi plaza ditu Sormenek:

Plaza fisikoa: Galdakaoko Torrezabal kultur etxea.

Plaza birtuala: sormene.eus webgunea; streaming bitartez munduko edozein tokitatik zuzenean ikusteko eta gozatzeko.

Torrezabal etxeko kokapena baliatzeaz gainera, Galdakaoko ikastetxeetan landuko dute Sormene egitaraua: ekitaldien edukiak, plazako solasaldiak, sortzaileen emanaldiak, argitalpenak eta obrak.

Sormene egitasmoak lau erronka hauei erantzungo die:

  • Sormena: pertsonaren garapen integralerako ezinbesteko bitarteko gisa era sistematiko batean lantzea heziketa prozesu osoan, hezkuntza arautuan eta ez arautuan.
  • Plazak: plaza fisikoan eta plaza birtualean euskarazko kulturgintza nagusi izatea.
  • Komunikazioa: euskaraz sortzen dena herritar guztiengana iritsiko dela bermatzea.
  • Transmisioa: kulturaren transmisioa bermatzea etxean, kalean, hezkuntza arautuan eta ez arautuan.

Erronka hauei aurre egiteko, Galdakaoko kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragileen arteko elkarlana sustatuko da: sortzaileak, antolatzaileak, kazetariak, hezitzaileak, zale aktiboak, kulturarekiko herritar pasiboak…

Elkarlanetik proposatuko, eztabaidatuko, adostuko eta gauzatuko dira Sormene plaza osatuko duten ekintzak.