Ezagutu Eliot Sumner, Netflix-eko "Ripley" telesaileko aktore ez-binarioa

Ezagutu Eliot Sumner, Netflix-eko "Ripley" telesaileko aktore ez-binarioa "Ripley" estreinatu berri du Netflix-ek. Patricia Highsmith idazlearen "The Talented Mr. Ripley" eleberriaren egokitzapen berri bat da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ezagutu-eliot-sumner-netflix-eko-ripley-telesaileko-aktore-ez-binarioa/@@download/image/Captura de pantalla 2024-04-29 a las 13.00.55.png
2024/05/06
"Ripley" estreinatu berri du Netflix-ek. Patricia Highsmith idazlearen "The Talented Mr. Ripley" eleberriaren egokitzapen berri bat da.
Ezagutu Eliot Sumner, Netflix-eko "Ripley" telesaileko aktore ez-binarioa

Ziur batzuk gogoan duzuela nobelaren izen bereko pelikula, Matt Damon, Jude Law eta Gwyneth Paltrow-ek protagonizatutakoa. Oraingoan ordea, liburuari fidelagoa den egokitzapena dakar Netflix-ek. Telesaia zortzi atalez osatzen da, guztiak zuri beltz ederrean. Thriller misteriotsu honen protagonista Andrew Scott bada ere, talentu berri bat ere ezagutarazi digu: Eliot Sumner.

Sumner ez-binario bezala identifikatzen da eta izenordain neutroa erabiltzen du hitz egiterakoan. Munduko rock izar ezagunenetako bat da bere aita, Sting, baina horrek ez du kikildu eta bera ere musika munduan aritzen da. Sumner Pisan, Italian, jaio zen 1990. urtean. Ingalaterran kozkortu zen ordea, eta nerabezaroan hasi zen bere abesti propioak konposatzen. Bakarlari bezala kaleratu ditu diskoak, baita Coco bezala (I Blame Coco taldean) eta Vaal izenarekin, DJ moduan.

Aktore bezala, Sumner-ek adin txikikoa zenean debutatu zuen paper txikietan. 2007an Stardust fantasiazko pelikulan parte hartu zuen. Bere lehen paper garrantzitsua 2019an izan zen, Guy Ritchie-ren The Gentlemen pelikulan (ez berriki Netflix-ek estreinatu duen izen bereko telesailean).

Sumner-ek lehenengo aldiz hitz egin zuen bere identitateari buruz 2015eko elkarrizketa batean, eta aitortu zuen ez dela genero partikular batekin identifikatua sentitzen. Generoaren ordez, aipatu zuen “musikari” bezala definitzen dela eta gehitu zuen “ez dut inongo etiketetan sinesten. Mundu guztia berdin tratatu behar da. Niri ez zait zenbait kategoriatan sartzea gustatzen. Guztiok gizakiak gara”.

Sumner-ek gehitu zuen ez zuela sekula “armairutik ateratzeko” beharra sentitu bere familia eta lagunen aurrean, sekula inork ez ziolako deus galdetu. “Jada bazekiten, beraz, ez nuen behar izan”.

Ripley-ren audizioari buruz ere mintzatu da. “Deskribapenak zioen amerikar zalapartatsu bat zela Freddie Miles. Berrasmatu egin nuen eta ingeles behatzaile eta harroputz bat antzeztu nuen”.