Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!

Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ez-zaitez-espaloitik-jaitsi-euskaraz-bizi/@@download/image/euskaraz_bizi_e_1365585881.jpg
2013/04/09
berria
Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!
Euskal Herrian Euskarazek antolatuta, Euskaraz Bizi Eguna egingo dute larunbatean, apirilak 13, Agoitzen (Nafarroa). ‘Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!’ lelopean, euskararen zapalkuntzari aurre egiteko eta euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko baliatuko dute jaia. Egun osoko egitaraua prestatu dute.


Berrehundik gora lagun eta 23 eragiletako ordezkari bildu ziren joan den astean Agoitzen. Larunbat honetako Euskaraz Bizi Eguna iragarri zuten, eta Euskal Herri euskaldun baten aldeko apustua lau haizetara zabalduz, egun handira hurbiltzeko gonbitea luzatu zieten euskaldun guztiei. Euskal Herrian Euskarazen eskutik, Euskaraz Bizi Sarearen baitan prestatutako ekimena da.

Honenbestez, auzo lana oinarri hartuta, egitarau oparoa atondu dute larunbatean egun pasa egitera hurbiltzen diren guztientzat. Goizeko 10:30ean emango diote egunari hasiera txupinazoarekin, eta goiz osoan zehar musikaz beteko dira herriko kaleak: gaiteroak, trikitilariak, abesbatzak, dantzariak, txistulariak, txarangak eta buruhandiak ere batetik bestera ibiliko dira. Halaber, Erraldoien Topaketak egingo dituzte, eta artisauen azoka ere jarriko dute.

Eguerdi partean, bazkaldu aurretik, herri kirolen erakustaldia eskainiko dute kalean, 12:00ak aldera; eta segidan, ehunka lagunentzako herri bazkaria prest izango da, kantaldiz lagundua.

Kalejira aldarrikatzailea
Arratsaldeko 18:00etan, berriz, Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi! lelopean kalejira aldarrikatzailea abiatuko dute kaleetan barrena, kolorez eta musikaz lagundurik, eta beronen amaieran ekitaldia egingo dute.

Azkenik, egunari amaiera emateko, parrandazaleenek Kezkak eta Leihotikan taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango dute, eta DJ Jotatxoren saioarekin itxiko dute saioa. Goizalderaino dantza egiteko prest bazaude, animatu!