Ez lotsatu psikologoarenera joateagatik

Izan ere, pertsona asko joan dira bere bizitzan noizbait psikologo baten kontsultara, eta zergatik ez? Medikuarenera ere joaten gara, zergatik ez zaindu osasun mentala ere? Asko badira ere joaten direnak, gutxik aitortzen dute modu ireki batean euren senitarteko, lagun eta lankideen aurrean. Beharbada zu zeu aurkitu zara egoera horretan, edo zure lagunen bat eta zuk ez dakizu.
Lehen osasun mentala eroetxeekin lotzen zen, alkandora hertsagarriarekin, baina hori lehen zen. Oraindik zergatik ematen digu horrelako lotsa? Ez jakintasunak sortzen du jokabide hau batez ere, estereotipoek indartutako ez jakintasunak. Zaila da estigma horri aurre egitea.
Estereotipo horietako bat de pentsatzea pertsona desorekatuek soilik behar dutela laguntza. Bestetik baztertuak sentitzeko beldurragatik, isildu egiten gara. Terapiara joatea erabakitzen duten pertsonek lotsa sentitzen dute. Besteek pentsatuko dutenaren beldur izan ohi dira.
Ez hori bakarrik, pertsona ezgaiak bezala etiketatzeko beldurra ere badago, ez direlako behar bezain indartsuak izan egoera jakin bati aurre egiteko. Askok psikologoarena joatea euren bizitzako porrot bat bezala bizi dute. Bestalde, askok ez dute onartu nahi euren bizitzetan zerbait negatiboa dagoela eta arazoa ezkutatzen saiatzen dira, bai euren buruei eta baita besteei ere.
Errealitatetik urrun daude pentsamendu hauek ordea. Psikologora doazen pertsonak ez dira eroak, galduta daude momentu jakin horretan eta profesional baten laguntza behar dute tresna jakin batzuk eskuratu eta euren bizitza berriz ere adarretatik heltzeko, besterik ez da.
Aldaketa positiboa
Oraindik ere lotsa ematen badigu ere honetaz hitz egitea, adituek onartzen dute azkenaldian aldaketa positiboa ematen ari dela honen normalizazioaren alde, batez ere gazteek bultzatutakoa. Belaunaldi berriak irekiagoak dira psikologoarenera joatearen ideiarekin eta naturaltasunez aipatzearekin. Askok haur zirenetik ezagutu dute psikologiako profesionalen bat eskolan edo institutuan eta ez dituzte horrenbesteko tabuak. Egungo komunikatzeko modu berriek ere laguntzen dute, psikologo askok baitituzte Youtubeko kateak, podcastak, blogak...
Normalizazioaren bide honetan emakumeek eman dute lehen pasua. Emakumeen aldetik psikologoarenera joateko eskaera handiagoa da, gizonezkoen aldean bikoitza. Emakumeentzat ez da horren lotsagarria psikologoarengana joaten direla esatea. Beharbada genero femeninoaren arauek emozioak askatasun gehiagoz adieraztea ahalbidetzen dutelako. Gainera, emakumearen rol tradizionaletan bestearen ongizatea zaintzea dago, eta beharbada horregatik, zailtasunen aurrean laguntza errazago eskatzen dute. Aldiz, gizonezkoek, maskulinitate tradizionalagatik, independentziari garrantzia handiagoa ematen diete eta baita emozioen kontrolari ere, horregatik askori kosta egiten zaie laguntza eskatzea.
Zergatik joaten gara psikologoarenera?
Denok argi dugu ez dela nahaste psikologiko larririk eduki behar kontsulta terapeutiko batera joateko. Guztiz kontrakoa. Hainbat arrazoi egon daitezke: laneko arazo bat, ohitura aldaketa, estresa, bikotearekiko komunikazio hobetzeko beharra...
Ikuspegi berri honegatik geroz eta pertsona gehiagok erabakitzen duten psikologoaren kontsultara joatea. Kontsultara joaten direnen arazorik handienak hiru taldetan sartu daitezke: antsietate nahasteak (antsietate krisiak, obsesioak), gogo aldarteak (tristura, depresioa) eta aldaketen aurrean egokitzeko gaitasun eza (lan aldaketak, gaixotasuna).
Izan ere, ideia kontrajarria badirudi ere sare sozialen garaian arazoak ditugu modu zintzo eta argian gure sentimenduak erakusteko. Ikasi dezagun bada gure ongizate emozionala hobetzeko beste bide bat besterik ez dela terapiara joatea, buruko mina dugunean medikura joaten garen bezala. Eta ez dezagun beldurrik izan hori lasai adierazteko, arazoa atzeman eta horri irtenbidea jarri dionaren harrotasunez.