Ez izan Ikea klon bat

Ez izan Ikea klon bat https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ez-izan-ikea-klon-bat/@@download/image/68p20-1.jpg
2006/11/03
erreportajea
Nerea Lizarralde
Ez izan Ikea klon bat
Gero eta jende gehiagok jotzen du Ikea-ra, etxerako gauzak erostera. Martxa honetan, Ikea-klon modukoak izango dira Euskal Herriko etxe asko! Barakaldoko megadendan burua galdu gabe, hona hemen zenbait aholku zure etxeari ukitu berezia emateko.

Azken boladan, maiz entzuten ditugu horrekakoak; eta are gehiago, Suediako multinazionalak Barakaldon megadenda ireki zuenetik. "Etxeari astindua eman nahi diozula? Erreforma egiten ari zarela? Dekorazioa aldatu nahi duzula? Zoaz Ikeara!".

Ikea erraldoian, etxean behar duzun guztia merke eros dezakezu. Hori egia da. Baina, nolako etxea nahi duzu zuk? Ikea-klon etxe batean bizi nahi duzu?
Zure irudimena iratzarri nahi dugu. Ideia gutxi batzuekin, eta, batez ere, gogo eta ganora apur batekin, zure etxeari ukitu berezia eman diezaiokezulako.

Komuna

Azulejo berriak jartzea oso garestia da. Horrexegatik, etxe askotan, aspaldiko estiloak eta koloreak ikusiko dituzu komunean. Azulejoekin nazkatu bazara, konponbide erraza duzu: eros ezazu azulejoak margotzeko pintura akriliko berezia. Honela, zure gustuko kolorea aukeratuko duzu, eta ez duzu obrarik egin beharko. Honez gain, txantiloi edo eredu bat diseina dezakezu, gero, paretetan, irudi hori han eta hemen errepikatzeko.

Ispiluek ere garrantzi handia dute komunean. Markorik gabeko ispilua baduzu, zuk zeuk sor dezakezu markoa. Adibidez, hondartzan, txirlak eta itsas-kurkuiluak har ditzakezu, eta hauek guztiak, zure gustura jar ditzakezu, kola pixka bat erabilita. Ukitu modernoa eman nahi izanez gero, aldiz, dutxako kortina alda dezakezu. Kortina gardena bada, aukera zabala izango duzu zure estiloa islatzeko; esaterako, hondatutako CD zaharrak itsatsiz.

Egongela

Etxe txiki batean, eta jende askorekin bizi bazara, oholtz tolesgarri edo bionbo batek intimitate pixka bat emango dizu. Gainera, aitzakia polita izan daiteke zure brikolaje-gaitasuna probatzeko: bionboak oihalekin eta egurrarekin egin ditzakezu, eta, amaitzean, margotu egin ditzakezu. Eta margotzea aitatu dugunez, pinturarekin jarraituko dugu.

Proposamen guztietan, hauxe da ausartena: mural koxkor bat egitea egongelan! Iaioa bazara, hiru dimentsio itxurako irudiak egin ditzakezu, eta egongela handiagoa irudituko zaizu. Zeintzuk diren hiru dimentsiotako sentsazio hori transmititzen duten irudiak? Leihoen irudiak, paisaia naturalak…
Gogoan izan ezazu, egongela irakurgela ere izan ohi dela. Aldizkariak gordetzeko leku finkorik ez baduzu, lor ezazu egurrezko kaxa zabal bat; esaterako, ardo botilak edo fruta jasotzeko erabiltzen dituzten horiek. Mahaiari ere estiloa alda diezaiokezu. Mahaiak kristala badu, kristal azpian lore lehorrak ipin ditzakezu, babes gisa. Argizariak gustuko badituzu, kontserba latak erabil ditzakezu horiei eusteko. Bestalde, sofaren itxuraz nazkaturik bazaude, oihalezko fundak erabil ditzakezu.

Logela

Ez dakigu nola, baina, berehala, trastez betetzen zaigu logela: arropa, liburuak, paperak... Kuxidade hori txukuntzeko, kaxak erabiliko ditugu: kartoizkoak, metalezkoak, plastikozkoak…berdin dio. Kaxak nola apainduko ditugun? Bada, aldizkari edo egunkari zatiekin, collage-ak osatuz. Diseinuan koherentzia lortzeko, ideia ona izan daiteke kolorezko zatiak kaxa batean erabiltzea, eta txuri beltzezkoak, bestean. Beste hainbeste egin daiteke irudiekin, gaiaren arabera banatuz: aktoreak, musikariak, paisaiak, pertsonak, tipografiak… Bukatzeko, barniza edo kola txuria erabiliko dugu, zatiak babesteko, eta kaxei distira ateratzeko.

Arropa gordetzeko, armairuak erabiltzera ohituta gaude. Halere, altzaririk gabe, gure arropa eskegitzeko beste modu sinpleago bat ere badago: arropa dendetan maiz ikusi ohi dugun barra hori, alegia. Horman jar dezakezu barra. Hala, espazioa irabaziko duzu. Bestalde, erraza izan daiteke gau-mahai bat eskuratzea. Fabriketako edo biltegietako kable-bobina batekin nahikoa da; bobina zutik jarri, eta txukuntzea besterik ez dago.

Kontuan izatekoak



Bitartekoak: Brikolaje erremintek zahartutako altzariak berritzen lagunduko digute, eta pinturek, aldiz, kolorea eta bizitasuna emateko balioko digute. Gaur egun, gainera, plastikoa eta azulejoak margotzeko pintura bereziak saltzen dituzte.

Loreak:
  Kaktusak, ekiloreak, petuniak… Batzutan, giro exotikoa lortzen lagunduko dizute, beste batzutan, gela baten hoztasuna kentzen, usainak sortzen…

Zaletasunak baliatu:
Aprobetxa itzazu zure zaletasunak! Argazkilaritza, marrazkia, josketa, diseinua, eskulanak… Apaingarri politak eta pertsonalak egitea lortuko duzu: koadroak, erretratuak, oihal ederrak,... Gai ez zarela uste baduzu, eska iezaiozu laguntza lagunen bati, Arte Ederretako ikaslea bada, hobe!

Birtziklatu:
Etxean altzari edo apaingarri gehiegi pilatzen ari zarela uste baduzu, ez erosi ezer gehiago, birtziklatu! Baztertuta dauzkagun tresna asko, beste gauza batzuetarako baliagarri izan daitezke.

Moldatu:
Ilunegiak diren edo kolpe markak dituzten altzariak lixatzen baditugu, aldaketa nabarmena izango da.

Erne ibili:
Biltegi, fabrika, lantegi, burdindegietako soberakinetan, material interesgarriak aurki ditzakezu. Entera zaitez, noiz uzten dituzten altzari zaharrak kaleetan… ezusteko bat baino gehiago hartuko duzu.