Ez hain berri txarrak

Ez hain berri txarrak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ez-hain-berri-txarrak/@@download/image/55p28-1.jpg
2005/09/02
erreportajea
Garazi Azkue
Azken urteotan, Nafarroako sortzaile gazteek ekarpen polita egin diote euskal kulturari: musikan, bertsolaritzan, literaturan… nafar gazteen lana erreferentziala izan da hainbat alorretan. Baina, gaur egun, zein une bizi du gazteen euskarazko sorkuntzak Nafarroan? Gora ari al da? Zeintzuk dira arazo nagusiak? 

Musika munduan, Nafarroako ikur garrantzitsuenetako bat da Berri Txarrak taldea. Euskal kulturaren eta euskararen garaikurra atzerrian astindu daitekeela erakutsi dute Lekunberriko gazteek. Baina Berri Txarrak-ekoak ez dira bakarrak Nafarroan, ezta gutxiagorik ere. Gorka Urbizuk, taldeko abeslariak adierazi digunez, Nafarroan ugaritzen ari dira musika talde euskaldunak: "Euskaraz abesten duten talde asko daude Nafarroan: zenbaitek oso beltz ikusten du panorama, baina ni baikorra naiz".

Berri Txarrak-eko kantariaren ustez, Iruñean eta Nafarroako beste hainbat txokotan ikusten da gorakada hori: "Iruñeko auzoetako jaietan kontzertu asko antolatzen dira, eta beti daude talde berriak. Eta horietako asko euskaldunak dira". Beraz, Nafarroako euskarazko musika mugimendua hor dago, eta indartsu ari da aurrera. Azken urteetan, belaunaldi aldaketa moduko bat gertatzen ari da Gorka Urbizuren ustetan, "Lekunberrin, esaterako, bada kultur munduan mugitzen dabilen belaunaldi berria: dantza taldeak, kantu taldeak... orain arte oso gutxi egon dena, orain ari da sortzen; haize berria dator".

Bertsolaritza eta literatura

Euskarazko sorkuntzaren zabaltze hori ez da soilik musikaren alorrean gauzatu. Erika Lagoma beratarrak ongi ezagutzen du Nafarroako bertso mundua. Nafarroako txapelketa nagusian, Lagoma bi aldiz geratu da finalerako ateetan, eta egun, "Bertsolaritza Irakaskuntza" ekimenean dabil, irakasle lanetan.

Lagomaren ustez, gaur egun gazteak asko mugitzen dira alor guztietan —"gazte asanbladak, tailerrak, kontzertuak… lehen baino gehiago antolatzen dira orain"— eta horrek kultura gazteari bultzada itzela ematen dio.

Erika Lagomaren ustez bertso mundua ere "gero eta indartsuago dator". Duela sei urte hasi zen gorakada hori, eta urtetik urtera, bertso eskola gehiago sortzen dira Nafarroan: "Esaterako, aurten bizpahiru bertso eskola berri sortu dira, eta hurrengo urterako ere beste batzuk zabalduko ditugu: Sunbillan, Bortzirietan, datorren urtean Baztanen...".

Bertso eskolak ugaritzeak, bertsolari gazteen maila hobetzea ahalbideratzen du, eta baita bertsolari gazte gehiago plazaratzea ere. Zentzu horretan, segur mintzatzen da Erika Lagoma, "atzetik datozen gazteek, guk beraien adinean genuena baino askoz maila hobea dute. Kopuruari begiratuta ere, Eskolarteko Txapelketan adibidez, Nafarroako 16 gaztetxok parte hartu zuten".

Eta literaturan? Zer moduzkoa dator euskal idazle gazteen harrobia Nafarroan? Castillo Suarez altsasuarrak 28 urte besterik ez ditu, eta sei poesia liburu argitaratu ditu dagoeneko. Literaturaren alorrean Nafarroan egiten diren ekimenen artean, Egile Berrientzako Literatur Lehiaketa dago: Suarez bera, beste idazle asko bezala, sariketa horren ondotik plazaratu zen. Castillo Suarez-en ustez, Nafarroan euskarazko idazle belaunaldi berria dator, baina kopurua ez da gehiegi hazi, "gutxitzen ere ez da ari, baina sortzaile taldea ez da modu deigarrian gehitu", diosku.

Euskaraz, nonahi

Gorka Urbizu, Berri Txarrak taldeko abeslariari askotan egin diote galdera bera: "Zergatik ez duzue gazteleraz kantatzen?". Lehenengo diskoak plazaratu ostean, kanpora atera orduko entzun behar izaten zuten galdera hori. Gaur egun, Berri Txarrak-ekoek lau disko dituzte kalean, eta euskaraz egiten ez dutenek ere, erabaki hori onartu dutela dio: "Argi dago euskaraz eginda ere iritsi daitekeela publiko masibo batera; guk lortu dugu. Euskara beste edozein hizkuntza bezala da".

Izan ere, euskaraz sortzeko erabakia hartzerakoan,"hautu bat egiten duzu, nik ez dut zalantzarik. Hor faktore ideologikoak daude, zure identitatearen isla baita", dio Castillo Suarezek

Nafarroan euskararen egoera zenbat eta zailagoa izan, orduan eta argiago ikusten dute sortzaile gazteek euskaraz sortzeko beharra, "euskaraz egitearen sentimendu hori bultzatu edo biderkatu egiten da, besteak beste, UPNren jokaera ikusita", dio Gorka Urbizuk: "azken batean, zera esan dezakezu: gu nafarrak gara, euskaraz ari gara, eta musika kanpora eramanez gainera! Oso sentsazio polita da". Castillo Suarez ere antzeko mintzatu zaigu, "sortzen dugun guztiok dugu Euskal Herria buruan, baina jabetzen gara garrantzi berezia duela Nafarroan sortzeak".

Erakundeen laguntzarik ez

Beraz, sormenean baino, lanak hedatzeko orduan datoz arazoak Nafarroako sortzaile gazteentzat. Izan ere, Nafarroako administrazioak deus gutxi laguntzen du horretan. Musikan, jaietako egitarau ofizialetan, euskal taldeen gabezia azpimarratzen dute askok. Edo beste era batera esanda: euskarazko produkzio gazteak oihartzun txikia du Nafarroako kultur zirkuitu ofizialetan.

Bistan denez, Nafarroako Euskararen Legeak ere ez dio mesederik egiten euskarazko kultura gaztearen zabalkundeari, "une honetan, gobernuaren lehentasuna Baluarte moduko proiektu erraldoiak dira, eta euskarak ez du lekurik horko programazioan", dio Gorka Urbizuk.

Castillo Suarezen ustez, kulturan ez ezik, gizartearekin zerikusia duten ekintza guztietan ugaritu dira oztopoak. "Orokorra da gertaera: haurtzaindegiak, musika eskolak... kultura horien artean dago, eta zer esanik ez euskal kultura.

Honenbestez, dena kontra duzunean, zure lanak garrantzi handiagoa hartzen du, baita Nafarroako Gobernuaren aurrean ere: 'aizu hemen bada lan bat azkeneko Euskadi Saria irabazi duena' esan dezakezu
".

Protekzionismoa kalterako?

Administrazioak administrazio, zenbait argitaletxe lan garrantzitsua egiten ari dira Nafarroan sortzaile gazteei aterabidea emateko. Musikaren alorrean Gor diskoetxea dago, eta literaturan, besteak beste, Pamiela eta Txalaparta argitaletxeak. "Zorionez, argitaletxeak esku pribatuetan daude", dio Castillo Suarezek: "Nik idatzi egiten dut, eta ez dut arazorik izan. Baina beste esparru batzuetan eragin handiagoa izan dezake administrazioaren babes faltak, adibidez, antzerki obra bat batetik bestera mugitu behar duenarentzat".   

Bertsolaritzaren alorra, ordea, zorteko dago aurten; hezkuntza ministerioak ez baitu murrizketarik egin bertsolaritza irakaskuntzaren inguruan. Hala ere, Iruñeko udalaren babes falta salatu du Erika Lagoma bertsolari gazteak.

Baina euskal kultura dela-eta, "protekzionismo" hitza erabili duenik ere bada. Gorka Urbizuren ustez, euskal munduan kritika gogorrak egiteko beldurra dago: "Askotan, harreman pertsonalak ere nahasten dira horrelakoetan. Batzuei iruditzen zaie hemengo taldeei beti kritika onak egin behar zaizkiela; baina luzera, horrek arazoak ekartzen ditu, musika taldeek sinesgarritasuna galtzen dutelako".

Eta tira, Nafarroa Garaian egoera ez bada nahi bezain ona, Nafarroa Beherean egoera okerragoa da. Castillo Suarezek aipatu digunez, "Nafarroa Beherean euskararen transmisioa bera dago arriskuan, eta zer esanik ez euskarazko kultur sorkuntza".

Estereotipo faltsuak



Sevillan flamenkoa, Alemanian garagardoa… eta euskaldunok, sagardotegiak eta herri kirolak —eta batzuentzat, Iruñeatik gora bada, askoz hobe—. Ez: hori eta askoz gehiago da euskal kultura!

Horrelako errazkeriekin, euskal kultura tipifikatzeko joera gaiztoa dago, euskal kultura folklore huts gisa ikus dadin. "Horrela pentsatzen dutenei, egunetik egunera argiago erakusten diegu bestelako gauzak egiten ere badakigula", dio Gorka Urbizuk. Bertsolaritzak ere berrikuntza ugari izan ditu azken urteetan; euskal kultura modernotu eta gaurkotu daitekeela erakutsiz.

Sinplifikazio horiek okerrak direla jakin arren, Nafarroako agintarientzako euskal kultura "ikusezina" dela gaineratu du Castillo Suarezek. "Sanzek errana entzunda, 'yo se bailar el aurresku, y cantar el agur jauna', argi gelditzen da euskal kulturarekiko duen jarrera", dio Lagomak. Oztopoak oztopo, gazte nafarrek ederki erakusten dute, indarra eta kemena badutela kontrako haizea dabilenean ere aurrera egiteko.

Zer diote komunikabideek?



Jakina denez, komunikabideek funtsezko papera jokatzen dute kultur produkzioa hartzailegoari helarazteko orduan. Komunikabideek nolako harrera hartzen duten, era bateko edo besteko oihartzuna izango du lan batek. Nafarroako gazte sortzaileek badute horren berri.

Nafarroan, komunikabide guztiek ez diote tarte bera eskaintzen euskal kulturari, eta alde handia dago batetik bestera. "Zorionez, eskualde askotan badira tokian tokiko komunikabideak, eta euskaldunak direnean euskal kulturak badu presentzia. Baina, orohar, kulturari garrantzi gutxi ematen diote, eta bestelako gaiak gehiago agertzen dira", dio Castillo Suarezek.

Kasu askotan, ordea, komunikabidea euskalduna izateak, ez dakar derrigorrez informazio gehiago agertzea. Erika Lagomak aipatu digunez, "Euskal Herri mailako egunkari euskaldunek Gipuzkoako Txapelketari askoz leku gehiago ematen diote Nafarroakoari baino. Egunkari nafarrek, aldiz, nahiz eta gazteleraz izan, askoz gehiago jorratzen dituzte hemengo txapelketak, eta ez dira nolanahi idatzitakoak gainera: serio jorratuta daude".

Komunikabideen jokabide kontraesankorraren adibide esanguratsuenekoa Berri Txarrak musika taldearena da: Gorka Urbizuk dioskunez, taldeak ez du inolako oihartzunik izaten nafar komunikabide erdaldunetan. Berri Txarrak-en arrakasta berri txarra irudituko zaie, apika?