Ez gizon, ez emakume: muxe

Ez gizon, ez emakume: muxe Erdibididean badagoelako zerbait... hirugarren genero identitatea ezagutzen? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ez-gizon-ez-emakume-muxe-1/@@download/image/muxes-en-portada-de-revista-vogue-mexico.jpg
2019/12/03

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Erdibididean badagoelako zerbait... hirugarren genero identitatea ezagutzen?
Ez gizon, ez emakume: muxe

Tehuantepec lurraldeko zapoteca kulturak aspalditik onartzen du hirugarren generoa bere gizartean. Ez dira emakumeak edo gizonezkoak; muxeak dira. Genero guztietan gertatzen den moduan, berezitasun propioak dituzte. Gainera, zapoteko hizkuntzak ez du generorik bereizten gramatikoki, pertsona guztiekin mintzatzeko forma bakarra erabiltzen da, eta beraz, ez dago hizkuntza aldetik moldaketarik egiteko beharrik. 

Mendebaldeko kulturan gizon trabestien antzekoak lirateke muxeak, baina ezin da ahaztu muxeengan nortasun etnikoa ere badagoela. Muxeek beren komunitate propioa dute, eta kulturaren parte dira. Soilik Tehuantepec lurraldeko Istmo-an aurkitu daiteke muxeak. Hain zuzen, Juchitan herria oso famatua da bertako emakume indartsu eta harroengatik; matriarkatu honetan, emakumeak dira gizonek arrantzatu edo ekoitzitakoa merkatuan saltzen dutenak, eta haiek etxera dirua ekartzen dutenak. Gauzak horrela, muxeek etxea zaintzeko ardura hartu izan dute historikoki, eta askok desiratu izan dituzte seme muxeak, etxean laguntza hori izateko. Gainera, historikoki muxeei ez zitzaien ezkontzeko baimenik ematen, senideak zahartzerakoan haien zaintzaz arduratu daitezen. Dena den, gaur egun muxeek bestelako lanbideak dituzte. Etxeko lana ez da izan muxeen betebehar bakarra; haiek dira festetan dena antolatu eta herria edertzeko arduradunak.  

Muxeak tradizionalki mayates izeneko gizonekin elkartzen dira; zapoteca gizarteak ez ditu homosexual bezala hartzen, eta hala, muxeen artean badira heterosexualak, bisexualak ala asexualak. Aldiz, mayateak heterosexual bezala hartuak dira. Pixkanaka, muxeak beren eskubideen alde borrokatzen hasi dira, LGTBI kolektiboarekin  bat eginez; eskolarako eskubidea eta lan duina aldarrikatzen hasi dira. 

Zapotecena ez da isolatutako kasua generoei dagokienez; hainbat kultura zaharretan, oso ohikoa da hiru edo bost genero ezberdin onartzea.