Ez dut gogorik

Ez dut gogorik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ez-dut-gogorik/@@download/image/74p46_1364246143.jpg
2007/05/04
erreportajea
Larraitz Arando. Psikologoa eta sexologoa.
Ez dut gogorik
Sexu jolasetarako gogorik ez izatea gaur egungo bikote askoren errealitate bihurtu da. Ohikoagoa da denboratxo bat daramaten bikoteetan hasi berrietan baino; hasierako euforiak eta bestea deskubritu beharrak tope eman dutelakoan gertatzen da sarri. Sexu jolasak ez dira lehengoak bezalakoak; ez, behintzat, bikote horretan. 

Baliteke zuen bikote harremana horrela egotea. Azkenaldian, jolas berberak edo antzerakoak errepikatzeko ohitura duzue, eta jolas horiek, zu behintzat, aspertu egiten zaituzte. Badakizue-eta, hasi aurretik, non bukatu behar duzuen. Beraz, zuen sexu harremanak galdu egin du hainbeste erakartzen zuen misterioa. Garai bateko abentura sentsazioa galdu du; ikasitako urratsak ematen dituzue, ezertan arriskatu gabe, gaizki gelditzeko aukera izan gabe baina, aldi berean, ondo pasatzeko aukera sortu gabe.

Frustrazioa

Lehen, bikotekideak zu ukitzen zintuenean, zu bere kamiseta azpitik eskua sartzen eta musuka hasten zinenean… gorputzeko ileak tente jartzen zitzaizkizun, eta zirrara bortitz batek astintzen zintuen. Orain, ordea, maiz, jokabide horien aurrean blokeatuta sentitzen zara, eta ez duzu jolasean segitzeko irrikarik izaten. Konturatu zara ez dela egun solteetako gauza, zuen artean ohiko bihurtzen hasi dela. Galduta sentitzen zara, frustratuta. Gero eta gutxiagotan izaten dituzue sexu harremanak. Saio bakoitzean sortzen zaizkizuen bizipen deserosoak direla medio, etsitzen hasiak zarete.

Bestalde, nola edo hala, egoerari buelta eman nahi diozue, sexu jolasetarako grina berreskuratu nahi duzue berriro. Batzuetan ez duzue errealitate horri heltzeko adorerik izaten; horrela izan beharko dela eta konformatu beharko duzuela sinisten duzue. Beste momento batzuetan, aldiz, errealitateari heltzeko gogoa izaten duzue; une horiek oso garrantzitsuak dira, harremana blokeotik ateratzeko aukera sortzen baduzue, noski.

Bikotea kolokan

Gaur ez, ez duzu gogorik. Atzo ere ez. Eta ziurrenik, bihar ere ez. Aspaldi ez duzu sexu praktiketarako iniziatibarik izan. Badakizu sexu praktiketatik ihesi zabiltzala. Hala eta guztiz ere, bikotekidea behin eta berriro saiatzen da. Azkenaldian, ordea, etsitzen hasia dela ohartu zara. Beti ezetza jasotzen baitu bueltan. Ez ote zaituen erakartzen ere pentsatzen hasia da… Sexu jolasetarako desira ez izateak zuen bikote harremana kolokan jarri du. Aldatu beharra dago, baina zu, behintzat, ez zara indartsu sentitzen. Gainera, ez dakizue nondik eta nola hasi.  

Lagunei kontatu?

Zaila da zuretzat egoera. Lagunek, ezagunek… sexualitateaz era barregarrian eta desiragarrian hitz egiten dute. Antza, denak sexu harremanak izateko irrikan daude; denek hori nahi dutela dirudi. Denek… zuk izan ezik. Zuk ez baituzu sexu jolasetarako gogorik. Eta gogo falta hori zure kolkorako gorde duzu; bikotearen sekretua da. Jendearen eta lagunen aurrean, sexu praktikenganako nolabaiteko interesa azaltzen saiatzen zara. Nekagarria da, egia esan. Nola esan denek horrenbeste desiratzen duten gauza bat arazo bihurtu dela zuretzat?

Arazoari buruz hitz egitea langungarria izan daiteke; beste askori ere gertatzen zaiela konturatu eta irtenbide gabeko zuloan argi apur bat ikusteko, alegia. Arazoa duzuela ozen onartu duzu, eta jada ez duzue horretaz lotsatu beharrik izango; hemendik aurrera hori aldatzeko urratsak ematen has zaitezkete.  

Gogoratu sexu jolasetarako gogo ezaren inguruan hitz egiteko ausardia izanez gero, zu ere lagungarri izan zaitezkeela antzeko egoeran daudenentzat. 

zergatik ez dut gogorik?


Fisiologikoa, psikikoa, historikoa, sexualitate eredua… Non dago gakoa?Sexu jolasetarako gogo ezaren zergati zuzena jakitea oso zaila da. Gehienetan, desira hori ez da egun batetik bestera itzaltzen. Hau da, denbora tarte bateko hainbat faktoreren ondorio izaten da.

· Fisiologia.
Frogatuta dago horrelako kasu gehienetan ez dela arazo fisiologiko zuzenik izaten; ez dela fisiologiak zuzenean eragindakoa.

· Balore eta ezkutuko sinismenak. Etxean, klasean eta telebistan ikusitako emakume eta gizon ereduek eragina dute guregan. Horrez gainera, balore jakin batzuk ere barneratu ditugu —nahiz eta ezkutuan egon daitezkeen eta haiekiko ikuspegi kritikoa izan dezakegun—, eta haiek aldatzeko, lehenengo, onartu beharra izaten da.

· Gorputzaren ezagutza urria. Gure gorputzeko atal guztiak ez ditugu ongi ezagutzen. Atal batzuekin oso harreman mugatua izan dugu: aluarekin edo uzkiarekin, adibidez. Luzaroan, gordeta izan ditugu, ukitu gabe, eta ez gara haiekin jolasean ibili. Orain, atal hauekin mirariak lortu nahi ditugu: ongi pasatu eta halako erreakzioa izan. Urtetan harremanik izan ez denez, ez da bat-batean harreman sendorik sortuko, ordea. Poliki-poliki gertatuko da.

· Helburu altuak. Sexu harremanetan altuegi izaten ditugu, batzuetan, helburuak: espero genuena ez dator bat esperientziarekin. Horrek frustrazioak sortu eta bizipen deserosoak sentiaraz ditzake.

· Sexu harremanen kontzeptua. “Sexu harremanak” entzundakoan, zer datorkizu burura?

· Sexu harremanen eredua.
Zertarako ez duzu gogorik? Agian, burura etorri zaizun horretarako ez duzu gogorik. Euskal Herrian oro har indarrean dagoen sexu harreman eredua gizonezkoen interesen arabera sortutakoa da; hau da, gizonezkoen gozamenaren araberako sexu harremanak bultzatu dira urtetan. Baliteke, hala ere, sexu jolas horiek zuretzat aspergarriak, mingarriak edo besterik gabekoak izatea.

Zer egin dezakegu?



Egoera hau nahiko gogorra izaten da askorentzat. Errezeta magikorik ez dago. Dena dela, jarraian datozenak gogoraraztea lagungarri izan daiteke.

· Ez da zure arazoa, bikotearen arazoa da. Agian, beste bikotekide batekin, ez zenituen bizipen hauek izango. Bikotearen arazoa denez, bion artean emango diozue buelta.

· Bikote harremanean impasse egoera bat izan daiteke hau; orain arteko sexu jolasak birnegoziatzeko garaia da, beharbada.

· Gustuko duzuenaz gogoeta egiteko aukera polita izan daiteke.

· Ez dago errezeta magikorik. Sexu harremanak ez dira egun batetik bestera aldatuko. Pazientziaz aurre egin beharko diozue.

· Zirrara piztu daiteke berriro.

· Zure gorputzaren sentsazioetan jarri arreta.

· Arriskatzeko momentua da. Gauza berriak frogatzeko garaia. Egun batean, batek gidatuko du; hurrengoan, besteak… Ikasitako urratsak baztertzeko eta beste batzuen bila hasteko garaia da. Horrek arriskuak ditu: barregarri gelditzea, lotsa pasatzea, ez gustatzea… Baina ziur mereziko duela.

Arriskatzen hasteko proposamentxo bat: eskuak erabili gabe (eskuak lotuta) eta genitalak ukitzea debekatuta izanda, jolas egitea. Jolas hori izan dadin beste batzuk sortzeko aitzakia.