Ez dira erakunde terroristak

Ez dira erakunde terroristak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ez-dira-erakunde-terroristak/@@download/image/54p13-2.jpg
2005/07/01
erreportajea
Fiskaltzak eskatutakoak baino zigor nabarmen txikiagoak ezarri dizkiete Jarrai-Haika-Segi auzian epaitutako 28 gazteetatik 24ri. Horrez gain, epaileak ebatzi du Jarrai, Haika eta Segi ez direla "erakunde terroristak". 

Espainiako Auzitegi Nazionalak ekainaren 21ean jakinarazi zuen Jarrai-Haika-Segi auziaren epaia. Auzi horren barruan, hamaika gazte epaitu dituzte azken hilabeteotan Madrilen. Hain zuzen, Jarrai, Haika edo Segi gazte erakundeetako kide izateagatik, ETAko kide izatea leporatu zieten gazte hauei, eta Fiskaltzak 280 urteko espetxe zigorra eskatu zuen gazteentzat. Azkenean, bi urte erdi, eta hiru urte eta erdi arteko espetxe zigorrak ezarri dizkie Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitutako 28 gazteetatik 24ri.

Hiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diete Olatz Dañobeitia, Ugaitz Elizaran, Olatz Carro, Ibon Meñika, Igor Ortega, Amaia Arrieta, Garazi Biteri, Garikoitz Etxebarria, Egoitz Lopez de La Calle, Aiboa Casares, Iker Frade, Unai Gonzalez, Asier Iñigo, David Lizarralde, Asier Otxoa eta Markel Ormazabali. Bi urteko eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diete Aiora Epelde, Gartzen Garaio, Igor Chillon, Xabier Abasolo, Gorka Betolaza, Arkaitz Martinez, Ainara Frade eta Xabier Gojenolari. Absolbitutakoak, aldiz, Mikel Ayllon, Patricio Jimbert, Arkaitz Rodriguez eta Aitziber Perez dira. Epaiketan bertan, Maider Alonso, Unai Beaskoetxea, Sonia Jacinto, Amaia Maestre eta Jorge Urbiola absolbitu zituzten, eta  epaiak haien errugabetasuna berretsi du.

Ez dira erakunde terroristak

Jarrai-Haika-Segi auziaren epaiak garrantzi handia du berez, baina datozen hilabeteotan, garrantzi hori biderkatu egingo da. Euskal gazte erakunde hauen kontrako auziaren jatorria 18/98 makrosumario ospetsuan dago, eta 18/98 makrosumarioak teoria bat du abiapuntu nagusi: ETA erakundea dagoela ezker abertzalearen, eta haren barruko erakunde guztien gainean. Teoria horren arabera, Jarrai-Haika eta Segi gazte erakundeak ETAren parte ziren.

Hain zuzen, ETAren ustezko agintaritzaren teoria horren gainean habetu dira 18/98 makrosumarioaren barruan epaiketa zain dauden beste hainbat auzi: Euskaldunon Egunkaria eta Egin egunkariak, Xaki eta Joxemi Zumalabe erakundeak, eta Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurkakoa auziak, besteak beste.

Epaiaren arabera, epaitutako gazteak"legez kontrako elkarteko buruzagi edo kide" dira, baina "ETAren helburuekin bat egin arren", Jarrai, Haika eta Segi ez dira "erakunde terroristak", ez dutelako inoiz armarik erabili.

Dena den, epaituei ezarritako zigorrak Fiskaltzak eskatutakoak baino nabarmen txikiagoak izan arren, Jarrai-Haika-Segi auzia espainiar estatuko zuzenbidearen historiara igaroko da. Gogoan izan behar da auzipetuen defentsak epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuela, prozedura akats eta eskubide urratze ugariak zirela eta.