Ez dago Eguberriko argiztapen jasangarririk

Egun irudi hau aldatzen ari da ordea, neguko tenperatuak leunagoak dira orain egun seinalatu batzuk kenduta, eta horregatik, Eguberriak bidean direla gogorarazteko orain dela urte batzuetatik hona Udaletxeek milioiak xahutzen dituzte kaleko Eguberrietako argiztapenetan.
Kasu, ez gaitezen engaina. Ez dute diru guzti hori Eguberri eguneko jokabide solidarioak bultzatzeko xahutzen, baizik eta kontsumoari hauspoa emateko. Zergatik pizten dira argiak geroz eta goizago eta ez dira itzaltzen urtarrilaren 6a pasa arte?
Klimaren Goi Bilera Madrilen amaitu berria den honetan, mundua krisi klimatikoan barruraino sartuta dago. Horregatik jasangarritasuna urteko hitza bilakatu da. Beharrezkoa baita hau sustatzea etorkizuneko belaunaldien mesedetan.
Horretarako garapen ekonomiko eta soziala bultzatu behar da, beti ere ekosistema naturalak errespetatuz eta ingurunea zainduz. Irizpide hauen arabera Eguberrietako argiztapenak ez dira jasangarriak. Baliteke udaletxeek instalatutako milaka eta milaka argik jarduera ekonomikoa sustatzea, baina ingurugiroa eta biztanleen ongizatea errespetatu gabe egiten dute.
Gehiegizko argiztapenak argi kutsaduraren arazoa handitzen du. Urte osoan zehar ere argiz oso kutsatuta daude hiriak eta Eguberrietan bikoiztu egiten da argi kopurua gaueko zeru beltza ia desagerraraziz.
Benetako jasangarritasunak ez luke jada desastrea den egoera puztu behar gehiegizko argiztapenarekin. Horrela, Eguberrietako lumen argi bat instalatzean kaleko argi lumen bat murriztu behar litzateke. Halaxe egin da Bruselako Grand Place-n, non plazako argiak itzali dituzten eraikin argiztatuak hobeto ikusi ahal izateko.
Argi artifizialak kutsatzen duela zientifikoki frogatuta dago. Ekosistema batzuetan iluntasunean argia sartzeak anfibioen bizimoduan eragina du, baita ugaztunetan, hegaztietan, baina batez ere intsektuetan.
Berriki burututako ikerketa batek salatzen du mundu osoko polinizatzaileak murriztu egin direla argi kutsaduraren erruz. Gauez argiztatutako landareen guneetan, intsektu polinizatzaileek gauetan egiten dituzten bisitak %62 murriztu dituzte gune ilunekin alderatuz. Eta egoerak ez dirudi hobera egingo duenik, argiztatutako guneak urte %2.2 hazten baitira.
Gure elikagaien etorkizuna arriskuan jarri dugu eta landareen etorkizuna ere bai oro har. Gizakiok ere ez gara libro. Gure jarduerak egunez egiten ditugun ugaztunak garenez, argi artifizialaren efektu kaltegarrien ondorioak jasaten ditugu eta honek melatonina ekoizpena inhibitzen du.
Honen ondorioz lo ezina, gizentasuna, depresioa edo diabetesa bezalako arazoak edukitzeko aukera areagotzen da. Osagai urdin gehiegizkoa duten LED argi zuriak hiri eta herri askotan instalatzen dira eta hauek dira, hain justu, gure organismoari eguna eta gaua bereizteko zailtasunak sortzen dizkiotenak. Eta noski, Eguberrietako argi gehienak zuri edo urdinak dira.
Klima-aldaketaren garaian, non ezinbestekoa den irtenbide berehalako bat, udalek beharrezkoak ez diren, baliabide ez berriztagarriak kontsumitzen dituzten eta CO2a jaurtitzen duten argiak bultzatu. Aitzakia moduan esango zaigu instalatutako LEDek ez dutela gehiegizko gasturik eta ez dutela gehiegi kontsumitzen. Jasangarriak direla esatera ere ausartuko dira batzuk akaso. Erakusten dutena aurkakoa da ordea, agintariek honekin inoiz baino argiago uzten dute ez daudela prest modelo berri batera pausoa emateko eta belaunaldi berriei etorkizun bat ziurtatzeko. Guzti honen ondorioak urte gutxitan behatu ahal izango ditugu.