Ez

Ez https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ez-8/@@download/image/alaia8.jpg
2007/09/07
erreportajea
Alaia Martin


08:59an entzun duzu iratzargailua. 09:00etan iratzargailuak jo du.

Besoa lotan duzu. Ez, kontua ez da besoa gortzen ari zaizula eta ez duela iratzargailua entzun. Hori bakarrik ez, behintzat. Norbaiten buruki izan da zure besoa bart, eta horrek logura ematen du. Beno, kontua da besoa lo duzula.

Astiro erretiratu duzu besoa. Burua norena den ez zaizu bururatzen.
Ez duzu behar bezain ongi gogoratzen atzoko gaua, eta ezta zein ordutan etxeratu zinen ere. Baina txalet batean bizi ez bazara, zerbaitegatik da: bizilagunak gertuago izateko. Atea ireki eta parez pare duzu bizilaguna. Pentsatu duzu bart noiz itzuli zaren galdetzea, baina begiratu dizun moduarengatik, badakizu 05:00ak-05:40ak bitartean izan dela. Erraza da asmatzen, bere ezker bekainaren altuerari erreparatuz gero. Badakizu galdetuz gero, zehatzago jakin dezakezula, baina hori bigarreneko bizilagunaren buruaren ezker-eskuin mugimenduen kopuruaren arabera zehaztuko duzu. Lau=05:33. Eskerrak bizilagunei.

Obrako langile batek “guapa” oihukatu dizunean jakin duzu ongi makillatu zarela gaur. Obrak amaitzea desiratzen ari zara, minigonak janzteko.

Lantokira ailegatu eta bigarren solairuko bigarren ordenagailuan egoten den emakumearen begiradak atzoko arropa daramazula gogorarazi dizu.

Hirugarrenekoaren begiradak ere bai, bigarrenekoarenari esker.

17:00etan irteten zara lanetik. 17:30ean irten zara. Ez zara, bada, irteten lehena izango? Txirrinik ez duzue lanean, baina lankide bakoitzak badaki noiz altxatu. Albokoaren windowsa ixtean. Badakizue zein soinu egiten duen, baietz? Zenbat ordu-extra egin dituzun albokoak bozgorailuak itzalita zeuzkalako...

Lagunengana zoaz, eta berandu iritsi zarela esango dizute. Zure ordularian 18:00ak puntuan dira, baina beraien ordularia irratiarekin doituta dagoela esango dizute. Beraz bai, arrazoi dute, berandu zabiltza...

Ez diezu atzokoa kontatuko. Bazaren erabaki aurretik, errudun sentitzeko gogorik ez duzu. Gainera, gutxi zenuke kontatzeko, nahita ere. Zuk aldika-aldika bere begiak oroitzea baino ez baituzu lortu, flashetan, baina ez dakizu ikusi nahi zenituen begiak diren, edo aurrean zeneuzkanak. Goizean ez dizkiozu begiak irekiarazi. Tuntuna, zu.

Bizilagunak azken fitxajea jatorra dela esango dizu. Izango zen, ez?.
Gaur begiratu duzu zure burua ispiluan?