'Expogrow' kalamuaren azoka Irunera itzuliko da asteburuan
Kalamuaren inguruan lanean aritzen diren profesional, aditu, enpresa eta gainerakoak elkartuko dira irailaren 9an eta 10ean, ostiralean eta larunbatean, Expogrow azokan, Irungo Ficoban. Sektorean azkenaldian izandako aurrerapenen berri jasoko dute bertaratzen direnek. 2.000 profesional inguru izango direla iragarri dute antolatzaileek.
Azokak 5.000 metro karratu hartuko ditu, lau pabiloitan banatuta, eta 180 postu jarriko dituzte. Hazien bankuen, growshop-en, banatzaileen, produktuen, argiztapenaren, ongarrien eta beste hainbat konturen inguruan gehiago jakiteko parada izango da azokan. Baita teknologia eta makinaren alorrean izandako garapenaren berri ere. Gastronomia-gunea, ekintzak, jolasak eta kalamuaren nazioarteko foroa ere izango dira.
Gainera, musika jaialdia ere egingo dute larunbatean. French Touch Squad reggae eta musika urbanoko musikariez osatutako talde frantziarra arituko da 19:30etik aurrera. Anthony B jamaikarra, nazioarteko reggae musikaren erreferentea, ere izango da Ficoban, 22:45etik aurrera. Iseo & Dodosound bikote nafarrak aurten kaleratu duen Blossom diskoko abestiak aurkeztuko ditu. Horiez gain, Tiwony, Busta Flex, Sir Samuel, Tuco Gadamn, Davojah, Dapatch, Vod, 2 Cheese Milkshake, eta DJ Keshkoon ere arituko dira.

Irailaren 8an, ostegunean, B2B edo Business to Business eguna izango da, 16:00etatik aurrera, kalamu industriaren profesionalei eta erakusketariei soilik zuzendua.
Sarrerak aldez aurretik erosi behar dira webgunearen bidez.


