Exolina Magdaly: "“Bidezko merkataritza ez da laborariei limosna ematea”"

Exolina Magdaly: "“Bidezko merkataritza ez da laborariei limosna ematea”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/exolina-magdaly-quotbidezko-merkataritza-ez-da--laborariei-limosna-emateaquot/@@download/image/20111149712exol_1361228976.jpg
2011/11/04
elkarrizketa
Testua: Igone Fernandez
Exolina Magdaly: "“Bidezko merkataritza ez da  laborariei limosna ematea”"
Nikaraguako Matagalpa departamentuan, El Tumala – La Dalia herriko lurretan ekoizten duten kafea bidezko prezioan sal dadin egiten du lan Exolina Magdaly 27 urteko gazteak kooperatibako gainontzeko kideekin batera. 

Bidezko merkataritzak helburu sozialetara bideratzen duten irabazia ziurtatzen die nekazariei, eta kalitatezko produktu osasungarria kontsumitzaileoi. Datu bat: Euskal Herriko kafe banatzaile bakar batek ere ez du eskaintzen bidezko merkataritzatik eratorritako produkturik.

Zer nolakoa da El Tumala – La Dalia inguruan bizi duzuen errealitate soziala?

Hemen, nekazari inguruetan, kafea da lan eta diru iturri nagusia, baina gazte askok Costa Ricara emigratu ohi dute bizi baldintza hobeen bila. Hezkuntzari eta osasunari dagokionez, gure egoera konparaezina da zuenarekin, nahiz eta ari garen pixkanaka aurrerapausoak ematen, hau baita bidezko merkataritzan gabiltzanon borrokarako zio nagusia. Gure herrian, adibidez, hainbat kanpainaren ostean, analfabetismo indizea %70etik %10era jaistea lortu dugu zenbait urteko tartean.

Eta zein da gazteei zuzen-zuzenean eragiten dien problematika?

Egia da Gobernuak doako hezkuntzaren aldeko politikak abiatu dituela, baina kontuan hartu beharko genuke proposatzen dituen baldintzak ez direla batere errealistak gure komunitateetako gazte askoren kasuan: ikasteko distantzia luzeak egin behar izaten dituzte, horrek kostu ekonomikoa dakar eta, familia askorentzat ezinezkoa da hori ordaintzea; are zailagoa gaztearentzat, dagoeneko lanpostu bat ez badauka behintzat. Horregatik askok oinarrizko hezkuntza bakarrik jasotzen dute.

Kooperatibek gazteei falta zaien babes ekonomikoa eskaintzen diete. Noiz eta nola sortu zen zuena?

Mugimendu kooperatiboa iraultza sandinistaren garaian jaio zen Nikaraguan, 80ko hamarkadan. Gero, gerra zibilak egoera kritikoan utzi zuen herria. Kafearen prezioa erori egin zen eta nekazariek alde egin zuten lursailetatik. Urte zail haietan, baina, zenbait kooperatibek, elkarrekin lotuta, eustea lortu zuten (tartean geureak: Agusto Cesar Sandino kooperatiba), eta ekoizle txikiak alternatibak bilatzen hasi ziren harik eta 1997an batu eta Cecocafen zentral kooperatiboa sortu zuten arte. Kafearen prezio duinak finkatzea eta emigrazioa etetea izan ziren hasiera-hasierako xedeak, helburu enpresarial edo ekonomikoekin ez ezik helburu sozial eta ekologikoekin ere jaio baitzen. Garai hartan lau kooperatibek osatu zuten, 700 ekoizlerekin. Orain bagara hamabi kooperatiba, 2.600 ekoizle.

Zein alternatiba eskaintzen diezue gazteei?

Belaunaldi batetik besterako errelebua ezinbestekoa dugu, eta hau sustatzeko beka programa bat jarri dugu martxan. Aldiro-aldiro, gure kafe produkziotik eratorritako irabazien %10 honetara bideratzen dugu. Horrela, kooperatibetako ekoizleen beraien, ekoizle hauen seme-alaben eta bazkide izan gabe gure komunitateetan honetan aritzeko interesa duten gazteen ikasketak (bigarren hezkuntza, goi mailako ikasketak nahiz unibertsitate ikasketak) finantzatzen ditugu. Beka jasotzearekin batera, gizarte lanetara (alfabetizazio kanpainak, ingurumen kanpainak...) 100 ordu bideratzeko konpromisoa hartzen dute gazteek. Ulertzen dugu modu honetan arduraren, lidergoaren, autoestimuaren eta elkartasunaren nozioak barneratzen dituztela; formakuntzaren beste adar bat da. Eta, gainera, ekarpen handia egiten diote komunitateari.

Kontzientziatu gaitezen: zergatik da beharrezkoa bidezko merkataritza?

Kafearen gutxieneko prezioa bermatzen digulako, merkatuan kafe poltsaren prezioa eroriko balitz ere mantenduko litzatekeena eta, beraz, helburu sozialetara bideratzen ditugun irabaziak ziurtatzen dizkigulako. Baina, kontsumitzailearen ikuspegitik ere badu abantailarik: kalitate altuko kafea da, ingurumenarekiko begirunez ekoiztu dena, deforestatu gabe eta debekatutako produktu kimikorik erabili gabe, osasungarria. Kafe biologikoa lantzen den inguru askotan zeharo ihartuta zeuden lursailak berreskuratu eta emankortu dira, gainera. Honengatik guztiagatik, kafe hau kontsumitzea kontsumo arduratsua praktikatzea da. Nikaraguako nekazariei limosna ematetik urrun, bidezko izateko modua da.

Ekoturismo proiektu bat ere baduzue martxan.

Bai, kanpotik datorren jendeak ezagutu gaitzan nahi dugu, eta gure landa-eremuetako funtzionamendua ulertu dezatela. Bide batez, ekoizleei kafea ez den beste diru-sarrera bat bermatzea da ideia, familia hauen egoera ez dezan kafearen produkzioak eta merkatuak bete-betean baldintzatu. Bestalde, gazteentzat aukera polita da, jende berria ezagutzeko eta atzerriarekin loturak egiteko.

Berdintasun politiketan ere bete-betean zabiltza lanean. Ze paper jokatzen dute honetan emakumeek?

Kooperatibetan ez da sekula emakumeen parte hartzea mugatu. Kontrakoa: ateak beti zabalik dituzte, ditugu. Hala ere, denbora eta esfortzu inbertsio handiak egin ditugu iraganeko zama kulturalak alboratu eta egungo egoerara heldu arte, autoestimu eta genero berdintasun lantegiak antolatuz adibidez. Bestalde, estatutuetan ere aldaketak egin ditugu ardurazko kargudunen artean %50 emakumeak izan daitezen eta %20 gazteak.