Existitzen diren bost garun motak eta nola baldintzatzen duten zoriontasuna

Azken hamarkadetan zoriontasuna milioika pertsonen obsesio bilakatu da mundu osoan zehar. Ziur zure ere talde horretan zaudela. Horregatik, aldiro guru berri bat azaltzen da behin betiko formula berri batekin.
Formula unibertsalek ez dute funtzionatzen, ordea. Izan ere, Daniel Amen psikiatra eta neurozientzialariaren arabera, bost garun mota ezberdin existitzen dira eta horietako bakoitzak zoriontasunaren ideia ezberdina du.
Garun orekatua
Kategoria honetako pertsonek garun osasuntsua dute, simetria erabatekoan funtzionatzen duena. Nola jakin talde honetan ote zauden? Pertsona ordenatua, malgua eta emozionalki egonkorra bazara hau da zure taldea. Garun mota hau dutenak bilera, hitzordu eta topaketa sozialetara garaiz iristen dira, esaten dutena betetzen dute eta arauak jarraitzen dituzte. Pertsona zoriontsuenak izan ohi dira, ia momentu guztietan, batez ere bizitza baketsu bat eraiki ohi dutelako.
Garun espontaneoa
Garun espontaneoek jarduera gutxi izan ohi dute garunaren aurreko aldean. Garun mota honetako pertsonek bulkadaka jokatzen dute. Honek bere abantailak ditu (ausardia, sormena, abenturez betetako bizitza...), baina bere desabantailak ere baditu (ordena falta, arreta gabezia...). Garun mota hau duten pertsonak zoriontsu dira gauza berriak probatzen, ezustekoez gozatzen, arrisku altuko jarduerak burutzen edota plan inprobisatuak egiten. Errutinak, aspermenak, edo zerbait lortzeko itxaron beharrak ez ditu zoriontsu egiten. Garun mota hau duten pertsonek arreta gabeziaren defizita garatzeko aukera handiagoa dute.
Ekin eta ekin dabilen garuna
Garun mota hauek zingulu aurreko kortexean izan ohi dute jarduerarik handiena. Pertsona burugogorrak izan ohi dira. Ez dute etsitzen euren helburua lortu arte, baina, aldi berean, malguak izatea kosta egiten zaie. Garun mota honetako pertsonek zoriontasuna errutinan aurkitu ohi dute, ohiko gauzetan eta egoeraren kontrola dutela sentitzean. Aldiz, ezetza entzuten badute edo ezarritako arauak aldatzen badira, ez dira zoriontsu sentitzen. Pertsona mota hauek gehiegi arduratzen dira eta jokabide obsesiboak garatu ditzakete.
Garun sentibera
Sistema linbikoan izan ohi dute jarduerarik gehiena. Horregatik, oso sentiberak izan ohi dira. Enpatia asko izan ohi dute eta berehala konektatzen duten besteekin, nahiz eta, aldi berean, ezkortasunean edo depresioan erortzeko arriskua izan ohi duten. Sentibera bazara zoriontasuna musika lasaigarria entzutean egon daiteke, natura erdian edo hurbileko lagun batekin hizketaldi sakon bat edukitzean. Aldiz, zaratek, argi biziek, txutxu-mutxuek edo bakardade sentsazioak tristatu egiten ditu.
Garun zuhurra
Garun zuhurrak amigdalan izan ohi dute jarduera nagusia. Oso motibatuak egon ohi diren pertsonak dira. Beti dute energia gorderik edozertarako. Hori dela eta, antsietatea pairatzeko arrisku gehiago izan ohi dute. Pertsona hauek zoriontsu sentitzen dira jarduerak denboraz amaitzen, edota erabaki bat hartu aurretik alde eta kontrako zerrendak osatzen. Oro har, segurtasunak egiten ditu zoriontsu. Inguru kaotikoek, gauza asko egiteko edukitzeak, edota albiste txarrak entzuteak zoriontasuna kentzen die.
Eta zu, non kokatzen zara?