Eva Green: Sakona da iluna

Eva Green: Sakona da iluna https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/05/04
erreportajea
Aitor Abaroa
Eva Green: Sakona da iluna
Hamalau urteko alaba datorkizu eta zera diotsu: "Truffauten L'Histoire d'Adele H. (1975) ikusi dut eta Isabelle Adjani izan nahi dut ama, aktore izan nahi dut".

Ziurrenik esango diozu txotxolokeria horiek burutik kentzeko, hori ez dela lanbide serio bat, ikasteko eta karrera bat ateratzeko. Baina Marlene Jobert zarenean, Claude Chabrol edota Jean-Luc Godard bezalako zuzendarien esanetara aritu den aktorea, kontua konplikatu egiten da.

Are gehiago, bidean Bernardo Bertolucci gurutzatzen bada. Azken film bat egin nahi du Bertoluccik eta begi urdin ur sakonak eta gatz finezko ezpainak dituen neskatxa nahi du. "Hain da ederra, ezen lizuna baita", maisuaren hitzetan. Eta ama Marleni Maria Schneider datorkio gogora, Ultimo Tango a Parigi (1972) garestiegi atera zitzaion neska gajoa. Eta ezetz dio. Ez duela nahi alaba zinearen industriak irentsiko duen beste aurpegi polit bat izatea. Baina Eva ez da aurpegi polit bat bakarrik. Eta Bertolucci Bertolucci da.

Ondorioz, The Dreamers (2003) zinefiloan guztiz biluztu zen, gorputz eta arima, Louis Garrel eta Michael Pittekin maitasun triangelu gogoangarria osatuz 68ko maiatzaren karietara. Gorputza eta arima, biak ditu edertasunean ilun, misteriotsu. Hala, Ridley Scottek ere begiz jo zuen Kingdom of Heaven (2005) historikoan Jerusalemgo Sibylla erregina gorpuzteko. Begietatik sartu eta erraietan iltzatuta geratzen den emakumea da Eva, zalantza oroz gaindi jakinahi aseezina pizten duena. James Bond berriari, Casino Royale (2006), sakontasuna emango zion kontrapuntua. Vesper Lynd ez da beste Bond neska bat, agente sekretuaren sekreturik handiena da, bizitza bateko inflexio puntua.

Hilabete honetan Dark Shadows estreinatuko du, iluntasun koloretsuaren maisu Tim Burtonen lan berria. Sorginetan sorgin, Johnny Deppek gorpuzten duen Barnabas banpirizatuko du. Eta etorkizun laburrean, exotismo digitalean murgildu eta 300: Battle of Artemisia aurrekarian ikusiko dugu. Jerjes jainko-erregeak Termopiletan Leonidasen soldadu espartarrak garaitu bazituen, gauza bera egingo du Artemisa jainkosa-erreginak Temistokles jeneral greziarraren ejertzitoarekin.

Nortasun agiria


Izena: Eva Gaelle Green
Jaioteguna: 1980-06-05
Jaiolekua: Paris (Frantzia)
Maskota: Griffin, Border Terrier eskoziarra
Aktore kuttuna: Edward Norton
Artista gogokoenak: Gustav Klimt eta Egon Schiele
Maite ditu: Museoak eta artelanak erostea
Gorroto ditu: Altuerak, akrofobia du