Eusko baten truke

Eusko baten truke https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eusko-baten-truke/@@download/image/euskoa_1359540696.jpg
2013/02/04
erreportajea
Eusko baten truke
Urtarrilaren 31z geroztik kalean da euskoa, Euskal Herriko moneta ekologiko eta solidarioa.


Tokiko monetak erabat alboraturik geratu dira gure artean azken hamarkadan, bereziki, 2002an euroa indarrean sartu zenetik ekonomia global eta bateratuaren beharra Europako jendartean errotuz joan delako. Aldiz, Erdi Aroan oso ohikoak ziren hirietan, monasterioetan eta jauntxoen lurretan erabiltzen zituzten txanpon osagarriak, eta XX. mendean ere operazio arrunta zen dibisak aldatzearena. Gaur egun tokiko moneten aldeko mugimendua pixkanaka hazten ari da, eta 5.000 esperientzia baino gehiago abian jarri dituzte mundu zabalean.

Horietako bat da euskoarena. Ipar Euskal Herriko Ambes elkarteak abiatutako proiektua urtarrilaren 31n estreinatu zuten Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan, eta pixkanaka lurralde osora hedatzeko helburua dute.

Geroztik, euskal txanponak eskuratu eta erabiltzea kontu erraza da: bat, bi, bost, hamar eta hogei unitateko txartelak euro kopuru berberengatik trukatu behar dira, eta ondoren horiek erabiltzeko borondatea erakusten duten saltoki, enpresa, elkarte, udaletxe, ekoizle, artisau eta abarri ordaintzeko baliatu ahal izango dira. Haiek euskoak euroen truke aldatu ahal izango dituzte, baina balioaren %2 galduz; horrela, monetaren biziraupena ziurtatzen dute. Gainera, euskoa erabili ahal izateko, enpresek hainbat baldintza bete beharko dituzte, hala nola, ingurugiroa errespetatzea eta tokiko ekoiz- leekin batera elkarlanean aritzea.

Euskoak euskal kultura, ekonomia eta gizartearen zerbitzura aritu eta tokiko trukeei lehentasuna eman nahi die, giza-harremanak eta elkartasuna sustatuz. Halaber, aztarna ekologikoa murriztea du jomuga. Moneta bat, funtsean, kolektibo baten eguneroko jardueraren isla da, nortasunaren ikur, eta nazioartean euskarak duen lekua aintzatesteko balioko duelakoan daude arduradunak. Herritarrentzat, bestalde, moneta erabiltzea lurraldearekiko atxikimendu ekintza da.

Intereseko pare bat datu


Izena
Txanpona nola izendatu erabakitzeko herritarrei proposamenak egiteko eskatu zitzaien, eta orotara 328 izen jaso zituzten. Zazpi finalistak Bihi, Esku, Libera, Piku, Ttantto, Sos eta Eusko izan ziren, eta azken hau suertatu zen garaile, boto gehien eskuratuta. Izenaren berri iazko maiatzaren 13an eman zuten, Herri Urratsen egindako ekitaldian.

Irudiak
Billeteetan Bob Edme argazkilariaren irudiak ageri dira; Ipar Euskal Herriko tokiak eta euskal kulturaren ikurrak dituzte. Halaber, Ramuntxo Partarrieu arduratu da grafismoaz, eta Marcos inprimategian argitaratu dituzte.