Euskarazko zinema berpiztu da!

Euskarazko zinema hilik zegoela zioten. Hila jaio zela, ala hil egin zutela aspaldi. 80ko hamarkadako ilusioa ihartu zela betirako. Euskal zinemaren heriotza aldarrikatu zutenek, ordea, euskaraz mintzo ziren film laburrak ahantzi zituzten, antza. Koldo Almandoz, Ane Muñoz, Asier Altuna, Telmo Esnal eta beste hainbat zinemagile gazte euskaraz filmatutako harribitxiak sortzen ari zirela, alegia. Aurrekontu txikiekin. Musutruk lan egiten zuten euskal aktoreen konplizitateaz Eta, bat-batean, haizearen norabidea aldatu egin da. Apurtxo bat. Izan ere, euskarazko bi film luze errodatuko dira aurki: "Aupa Etxebeste" eta "Kutsidazu bidea, Ixabel".
Aupa Altuna! Aupa Esnal! Aupa Etxebeste!
Asier Altunak eta Telmo Esnalek elkarrekin egindako euskarazko bi film laburrak baserri giroan kokatu zituzten. Umore ilunez eta surrealismoz tindatutako "Txotx" eta "40 ezetz!" apartak, alegia. Lehen film luzea zuzentzen hasiak dira dagoeneko: "Aupa Etxebeste". Aurreko lanak bezalaxe, euskara hutsean filmatzen ari dira lana. Itxurak mantentzeko, oporrak etxean ezkutaturik igarotzen dituen familia baten nondik-norakoak dakarzkigute Asier Altunak eta Telmo Esnalek lehen filme luzean. Filma, berez, komedia beltza da. Sakonean, ordea, kritika sozialaren zantzuak suma daitezke. Aktore taldea aski ezaguna da. Ramon Agirrek, Elena Iruretak, Pako Sagarzazuk eta Iban Garatek jokatzen baitituzte rol nagusiak. Bestalde, Javi Pez musikari donostiarrak soinu banda konposatu du. Alokatu eta Irusoin etxeek ekoitziko dute filma, eta datorren urtean ikusi ahal izango dugu zinema aretoetan.
"Kutsidazu bidea, Ixabel" zinemara
Ez dirudi euskarazko zinemaren susperraldia ameskeria hutsa denik. Izan ere, Mireia Gabilondo eta Fernando Bernues kameraren atzean jarri eta Joxean Sagastizabal idazlearen "Kutsidazu bidea, Ixabel" eleberriaren zinema egokitzapena egingo dute laster. Filma euskara hutsez errodatuko da; 2005. urteko udaberri amaiera aldera. Aktore taldea zehazteke dagoen arren, Anjel Alkain aktore ezagunak rol esanguratsua izango du filmean. Gorringo taldeak obra berari buruz atondutako antzezlanean jokatzen zuen rol berbera Lanrober, ziurrenik. Istorioak, jakina denez, herrixka bateko baserri batera euskara hobetzeko asmoz doan euskaldun berri xalo baten gora-beherak ditu ardatz.
Filmean, ordea, Juan Martin euskaldun berriak ez du Ixabelen bihotza hain erraz bereganatuko. Neskatoaren mutil-lagunak -filmerako propio sartutako pertsonaia- gauzak zail jarriko baitizkio. Orio, Tentazioak eta REC etxeen ekoizpena da, "kutsidazu bidea, Ixabel", eta 1.200.000 euroko aurrekontua du. Pantaila handian ez ezik, pantaila txikian ere izango da ikusgai. ETBrako ere beste sei atal grabatuko baitituzte.