Euskarazko Wikipedia elikatzeko lehiaketa martxan da

Euskarazko Wikipedia munduan 33.a da artikuluen garapenari dagokionez. Ez da lorpen makala, baina berau elikatzen jarraitzea da asmoa. Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluen zerrendako artikuluak hobetzeko asmoz, 2022rako lehiaketa jarri dute abian. Horrela, bultzada handia eman nahi zaio euskarazko wikipediari, eta hainbat postu gora egin.
Lehiaketa hilabeteka antolatu dute, urtarriletik abendura bitarte, eta hilabete bakoitzean gai nagusi bat izango da. Dagokion gaiarekin lotutako artikuluak lantzea izango da sariketan puntuak batzeko modua. Urtarrilean, historia izango da gaia eta 800 artikulu daude aukeran, horietatik 63 oinarrizkoak. Gainerako hilabeteetan, berriz, honako hauek izango dira gaiak: artea; geografia; filosofia eta erlijioa; antropologia, psikologia eta eguneroko bizitza; gizartea eta gizarte-zientziak; biografiak; biologia eta osasun-zientziak; zientzia fisikoak; teknologia eta matematika.
Lehiaketan puntu gehien lortzen dituenak 150 euroko bonoa eskuratuko du Hontza, Katakrak, Joker, Garoa, Nekatur edo Elkar-en erabiltzeko. Bigarrenak eta hirugarrenak 50 euroko bonua izango dute Hontza, Katakrak, Joker, Garoa, Elkar-en gastatzeko.
Euskerazko Wikipedian eman behar da izena parte hartu ahal izateko, eta erabiltzailea sortuta edukiz gero, saioa hasi besterik ez. Lehiaketako puntuak egindako ekarpenen araberakoak izango dira, esaterako, bost puntu lortzen dira orrialde berri bat sortzeagatik edo bi puntu erreferentzia berri bat gehitzeagatik. Lehiaketaren inguruko azalpenak euskarazko Wikipedian bertan kontsulta daitezke.