Euskarazko soinu fikzioa sustatzeko audiogile bila ari dira EITB eta Tabakalera

Euskarazko soinu fikzioa sustatzeko audiogile bila ari dira EITB eta Tabakalera Lehen fasean, hiru proiektu hautatu eta garatuko dituzte, eta ondoren prestakuntza jaso eta egonaldia egingo dute. Bat aukeratuko dute ekoitzi eta zabaltzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskarazko-soinu-fikzioa-sustatzeko-audiogile-bila-ari-dira-eitb-eta-tabakalera/@@download/image/20231114110343_eitb-tabakalera-audiogile_foto610x342.jpg
2023/11/21
Lehen fasean, hiru proiektu hautatu eta garatuko dituzte, eta ondoren prestakuntza jaso eta egonaldia egingo dute. Bat aukeratuko dute ekoitzi eta zabaltzeko.
Euskarazko soinu fikzioa sustatzeko audiogile bila ari dira EITB eta Tabakalera

Audiogile berriak euskarazko soinu fikzioa sustatzeko egitasmoaren lehen deialdia aurkeztu dute EITBk eta Tabakalerak. Maite Goñi EITBko Audio eta Digitalaren zuzendariak azaldu duenez, "gakoa euskaraz kalitatezko eduki interesgarriak eskaintzea da, belaunaldi berriek kontsumitu nahiko dituzten edukiak. Kasu honetan, fikziozko gidoigintza euskaraz indartu eta bultzatu nahi dugu, ulertuta gidoia edozein ekoizpenen oinarria dela". Azkenaldian podcasten alorrean egindako lana nabarmendu du Goñik:  "Artxipelagoa soinu fikzioaren trilogia arrakastatsua ixtear gaude, eta Rikardo Arregi sarietan hiru podcast ditugu finalisten artean, horietako bat, Hamargarrena fikzioa".

Deialdira aurkeztutako hiru proiektu onenak aukeratuko ditu epaimahaiak, bideragarritasunari eta kalitateari begiratuta. Gidoilariei prestakuntza, denbora, espazioa, laguntza profesionala eta laguntza finantzarioa eskainiko zaie. Harkaitz Cano idazle eta gidoilariaren aholkularitza eta laguntza izango dute, banakako tutoretzen bidez.

Hiru hilabetez, lanerako lekua izango dute hiru proiektuen egileek Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian. Horretaz gain, bi mila euroko dirulaguntza izango dute, Tabakaleraren kontura proiektuak garatzeko, eta prestakuntzako eta gidoia garatzeko bi egonaldi: lehenengoan, gidoiaren idazketa eta narratiba berriak landuko dira sektoreko profesional ezagunekin; bigarrenean, prestakuntza teknikoan sakondu eta hainbat soinu-ekoizpen arrakastatsuren eredua aztertu eta horien egileak gonbidatuko dituzte.

Azkenik, gidoi bat hautatuko da eta eskubideak lagatzeko kontratua formalizatuko da, hiru mila euroren truke. Obra hori ekoitzi eta zabaldu egingo du EITBk. 

Deialdian izena emateko epea urtarrilaren 8ra arte, eguerdiko hamabiak arte, egongo da zabalik. Aukeratutako proiektuak 30.000 euro jasoko ditu ekoizpenerako. 2024ko maiatzaren 19an emango du epaimahaiak erabakiaren berri.