Euskarazko milaka ahots biltzeko kanpaina abiatu dute, teknologia berriei euskara erakusteko

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak Batu ditzagun gure ahotsak kanpaina jarri dute martxan, makinei eta teknologia berriei euskara irakasteko. Izan ere, “egungo teknologiak testuzko eta ahozko datu-masa erraldoiak eskatzen ditu” eta euskararen presentzia bermatu nahi da eremu digitalean.
Horretarako, euskal hiztunei gaitu.eus atarian sartzeko eskatzen zaie beren ahotsa grabatzeko eta, modu horretara, “euskal hizkuntza eta kulturaren garapenari ekarpena egiteko”. Arduradunek azaldu dutenez, “zenbat eta ahots eta grabazio gehiago, orduan eta zabalagoa izango da teknologia berriek lantzeko izango duten datu eta materiala”.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua den Bingen Zupiriak aipatu duenez, “hizkuntza gutxituak ez daude enpresa teknologiko handien asmoetan eta euskara guk geuk sartu behar dugu mundu digitalean”. Horixe da, hain zuzen, Gaitu kanpainaren helburua, milaka ahots, milaka grabazio ordu euskaraz lortzea.
Eman beharreko pausuak
Gaitu.eus atarian sartuta, plataformak bi eginkizun proposatzen ditu. Alde batetik, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzeko aukera dago, ozenki grabatzen den bitartean. Behin eginda, atariak beste esaldi bat proposatuko dio erabiltzaileari eta gauza bera errepika daiteke nahi adina aldiz. Beste aldetik, beste hiztun batek grabatutako esaldi bat baliozta daiteke. Horretarako, esaldi bat entzutea proposatuko diote erabiltzaileari eta bere egitekoa esaldian jartzen duena eta ulertzen dena ontzat ematea izango da. Ongi badago, ongi dagoela adieraziko da, eta zuzena ez bada, berriz, ez dela egokia ohartaraziko da. Hau ere nahi adina aldiz errepika daiteke.
Common Voice izeneko nazioarteko ekimen ireki eta irabazi asmorik gabekoak ahalbidetu du hau. 105 hizkuntzatan hasiak dira Common Voice-en ahots ekarpenak egiten, eta ia beste hainbestetan prestatzen ari dira.