Euskarazko lau antzezlan Iruñean, gaurtik hasita

Euskarazko lau antzezlan Iruñean, gaurtik hasita Maite Larburu protagonista duen 'Amua' antzezlana eskainiko dute gaur Nafarroako Antzerki Eskolan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskarazko-lau-antzezlan-irunean-gaurtik-hasita/@@download/image/amua_web-1024x565.jpg
2021/09/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Maite Larburu protagonista duen 'Amua' antzezlana eskainiko dute gaur Nafarroako Antzerki Eskolan.
Euskarazko lau antzezlan Iruñean, gaurtik hasita

Euskarazko lau antzezlan taularatuko dira gaurtik azaroaren 24ra Iruñeko Udalak antolatutako Antzerki Aroa zikloaren udazkeneko edizioaren barruan. Emanaldiak Nafarroako Antzerki Eskolan izango dira, 19:00etatik aurrera. 

Gaur izango da lehen emanaldia Axut-Artedrama taldearen eskutik. Amua antzezlanean, gaztaroko bi maitale ohi gonbidatu ditu Anak, Iratiko etxola batera. Azken asteburua izango da, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean. Aitor eta Txolarre joango dira bai, baina ez batak ez besteak ez du jakingo hirugarrenik izango denik. Maite Larburu, Manex Fuchs eta antzezlana zuzendu duen Ximun Fuchs dira aktoreak. 

Urriaren 20an Ados Teatroaren Kopaz kopa antzezlana izango da antzerki eskolan. Miguel eta Andres bizitza osoko lagunak dira antzezlaneko protagonistak, bikote bitxia osatzen dutenak, porrot egindako grinak eta gaztaroa pasatu izana soilik baitute komunean. Miguel, dibortziatu deprimitua da, idazle zapuztua eta ardozale amorratua, ezkor hutsa. Andres, ezkontzekotan dagoen aktore zapuztua da, limurtzaile hutsa. Astebeteko bidaia egitea erabakiko dute, Andresen ezkondu aurreko agur-festa gisa. Ainhoa Aierbe, Asier Sota, Ainara Ortega eta Iñigo Aranbarri arituko dira oholtza gainean, Garbi Losadaren zuzendaritza duen obra honetan.  

Hirugarren emanaldia Andoni Mutiloak eskainiko du azaroaren 10ean: Esnatu naiz kabareta. Londresen trans kolektiboko modako artista izatea lortu duen baserritar euskaldunaren inguruko dantza eta musika ikuskizuna da. Identitatea, giza harremanak eta sexualitatea ditu hizpide, besteak beste, baina batez ere, norbere nortasunarekin bat egin eta aske bizitzeko gonbita egiten du. 

Azkenik, azaroaren 24an, Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy igoko dira oholtzara, Maitasunaren itxiera antzezlanarekin. Pascal Rambert egile eta eszena-zuzendari frantziarraren Clôture de l’amour lanaren euskarazko egokitzapenean bikote baten elkarrizketa latza da ardatz. Bi maitale aurrez aurre, hainbat urtez eraikitzaile eta suntsitzaile izan duten harremana betiko itxi nahian. Argudioak, kexak, gaitzespenak, mina, amorrua eta maitasuna gurutzatzen dira, pasioz eta erraietatik adierazten den hizkuntza zehatz, kirurgiko eta uholdezko baten bidez.

Sarreren prezioa 8 eurokoa da eta Nafarroako Antzerki Eskolaren webgunean edo antzokiko txarteldegian erosi ahal izango dira emanaldia hasi baino ordu eta erdi lehenagotik.