Euskarazko kulturaren inguruko zikloa hasi dute Iruñean
Euskal kulturari eskainitako Piztuta! Euskal Kultur Begirada zikloa martxan da Iruñean, Juslarocha eta Sanduzelaiko Civivoxetan. Hiru lantegi, kontzertuak, musika- eta dantza-ikuskizunak eta haurrentzako jarduerak antolatu dituzte.
Harribitxi bikoteak Deiadar diskoa aurkeztuko du gaur, 19:30ean, Sanduzelaiko Civivoxean. Iker Alvarez eta Aitor Urkizak txistuaren eta silbotearen musika tradizionala beste hainbat elementurekin uztartzen dute, hala nola danborrekin, salterioarekin, danborilekin, panderetekin, kaxixiarekin, kajoiarekin eta txindatekin. Sarrerak eskuratu behar dira euro batean.
Bihar, Sanduzelaiko Civivoxean, Sustrai Teatroa taldearen Munduari itzulia 80 egunetan txotxongilo eta objektuen antzerkia izango da, bost urtetik gorako haurrei zuzenduta. Doakoa izango da, baina aurrez eman behar da izena.

Hilaren 17an, mitologiari eta jazzari buruzko Eguzkilore ikuskizuna izango da. Ikuskizunak magiaz beteriko mundu batean murgiltzeko gonbidapena egiten du, eta Xabi Olkozek konposatutako jazz musikaren, narrazioen eta proiekzioen bitartez euskal mitologiaren tradizioa birsortzen du. Sanduzelaiko Civivoxean izango da, 19:30ean.
Programa maiatzaren 18an amaituko da. Goizez, 12:00etatik 13:00etara, Euskal mitologia jira eta bira euskarazko ipuin-kontalariak Sorgina Txirulinaren zeharkako txirulak akonpainatutako istorioak eskainiko ditu, Juslarocha Civivoxean. Arratsaldez, 19:00etatik 20:00etara, toki berean, Erika Liqueteren diziplina anitzeko Xirristi-Mirristi ikuskizuna egingo dute. Ikuskizun horren ardatzak bost emakumeri buruzko ahozko narrazioa, zuzeneko musika eta publikoarekiko hurbiltasuna dira.
Txalaparta eta euskal mitologiako tailerrak
Txalaparta jotzen hasteko lau saioko tailerra martxan da dagoeneko, hilaren 16ra bitarte. Bestetik, Joko Txukun izeneko haurrentzako txalaparta hastapen-lantegia ere izango da bihar, 11:00etatik 13:00etara, Juslarrocha Civivoxean. Doakoa da baina aurrez eman behar da izena. Bost eta hamar urte bitarteko haurrentzako Euskal mitologiako pertsonaiak deituko tailerra ere egingo dute maiatzaren 12an, antzerki adierazpena landuko duena. 12:00etatik 13:30era izango da, Sanduzelaiko Civivoxean.

