Euskarazko iragarkiak baztertu ditu Googlek

Puntueus fundazioko komunikazio arduradun Lorea Arakistainek Sarean.eus webgunean salatu duenez, AdsGrant programak atzera bota ditu fundazioaren hiru webguneren iragarkiak. Zergatik? Googlek ez duelako iragarki horiek idazteko erabilitako hizkuntza, hau da, euskara, onartzen. Ez dira bakarrak izan; badira antzeko arazoak izan dituzten bestelako erabiltzaileak ere.
Halakoen aurrean, zer egin dezakegu erabiltzaileok, zertan lagundu dezake gutako bakoitzak? Denon artean Googleri guda irabazteko modua badago; esate baterako, mahai baten irudia sarean bilatzera bagoaz, bilatu lehenik euskaraz; berdin du argazki asko agertzen ez badira, egingo duzu bigarren bilaketa bat beste hizkuntza batean nahi baduzu; baina lehen bilaketa izan dadila beti euskaraz, Googlek uler dezan euskara ere sarean bizirik dagoen hizkuntza dela.